Euskal Herrian, aspaldidanik, tokitan diren lurraldetaraino abiatu ohi diren hamaika arrantzale bizi izan direla ezaguna da, hain zuzen ere, eta errate baterakotz, Kanadako kaietan harreman estuak, bertakoekin lotura sendoak zituztenak.
Era berean, eta horri atxikiturik, hastapenetako arrantzale ogibideaz landa, gure artean marinel bilakatu zena ere ez da salbuespena izan; Bizkaiko, Gipuzkoako nahiz Lapurdiko itsas bazterreko herri zein hirietan sorterria zutenek hagitz bidaia ausartak eta arriskutsuak, egun harridura sorrarazten dutenak, aitzinerat eramanez.
Historiaren lanbro artean, ahanzturan galduriko mendetako joera horrek gorabehera handiak pairatu ditu. Hortaz, Europan milurtetako mediterranear nagusitasuna betikotz hondatu zuen Erdi Aroko XII. mendean emaniko hazkunde atlantiarrean euskal itsasontziak, gehienak nafar ikurra zeramatenak, ugaldu zirela garbi dago. Baina, ez zen hori, inolaz ere, pasarterik emankorrena, ondorengo XVI. mendekoa baizik. Hots, Amerikak bultzarazi zuen eztanda.
Izan ere, XVI. mendean untzi eraikitzaileak edota esploratzaileak makina bat zirela adierazten digute paper zaharrek, erran bezala Amerikaren inguruan gertatzen ari zen guztiarengatik. Eta gizon horien artean bizkaitarrak nabarmenarazten zaizkigu.
Horietako bat Bizkaiko barnealdean jaio zen, Garai herrian zehazki, 1510. urtean, Nafarroa oraindik independientea zelarik. Bada, pertsona horrek burutuko zuen itsasoari loturiko asmakizuna ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izanen.
Gizona militarra zen, baita enperadorearen zerbitzari fidela ere. Honela, gerra itsasontzietan kapitain gradua erdietsi zuen eta tramankailu horietako mekanika hobetzeari buru belarri ekin ziola idatzi da. Bere kemena nolanahikoa ez zela eta, 1539an, oraindik hagitz gaztea zelarik, espainiar erregeak dirutza handia jarri zuen bere eskuetan, isilpeko esperimentu bat osatzekotz.
Honela, soilik handik urtebeterat, 1540an, Blasko Garai bizkaitarrak “Trinidad” izeneko itsasontzia Bartzelonan itsasoratu zuen, baina, kasu, lurrinez mogitzen baitzen! Hau da, asmakizuna ikaragarria zela erraten ahal dugu eta bizkaitarra aitzindari miresgarria, zientzialari apartatzat hartu beharrean gaude. Eta are gehiago, saiakera arrakastatsua izan zen.
Antza denez, itsasontzitik usadio zaharreko arraunak alboratu eta egurrezko ola luze batzuez baliatuz, itxuraz palak bailiran, proiektua errealitate bihurtu zuen.
Ez zuen diru gehiagorik lortu, halere, eta ezaguna den “guk ez, bertze europarrek asma dezaten” leloa zela medio saiakera bere horretan geratu zen, praktikan hain probetxagarria zen aldaketa iraultzailea ez gauzatuz.
Blasko Garai bazterrean gelditu eta nahikoa gaztea hil zen, 1552an, espainiar agintariek bere lan bikainaren balizko jarraipena deuseztuz.