UDALAK AZTERLAN BAT JARRI DU ABIAN ALDE ZAHARREKO SEKTORE BATEN GIZARTE- ETA EGOITZA-EGOERA EZAGUTZEKO

Zona hobetzeko esku-hartze publikoa planteatzeko balioko du diagnostikoak

Estella-Lizarrako Udalak, Ijitoen Idazkaritza Fundazioarekin lankidetzan, azterlan bat jarri du martxan hiriko Alde Zaharreko sektore garrantzitsu baten gizarte- eta egoitza-errealitatea ezagutzeko. Diagnostiko hori oinarritzat hartuko da eremu horretan esku-hartze publiko bat egiteko, egoera soziala hobetzeko neurri espezifikoekin, baliabideak aprobetxatuz eta eremua indarberrituz.

Sektore horretan sartzen dira, zehazki, Chapitel, Nabarreria, Puy, Carpinteria, Tecenderia, Plateriak, Allinibar, Izarra, Kale Nagusia, La Imprenta eta Foruen plazako zati bat.

Lehen hurbilketa baten ondoren, Ijitoen Idazkaritza Fundazioak honako hauek aipatzen ditu: etxebizitza hutsen parke esanguratsu bat dagoela, ohiko merkataritza-jardueraren beherakada, lokalen eta gaueko aisialdiko jardueren kontzentrazio paraleloa, hondatutako eta familia ahulak okupatzen dituzten eraikin gutxi batzuen iraupena eta intentsitate txikiko legez kanpoko jarduerak.

Faktore horiek guztiek bat egiteak “eragin negatiboa du egoiliarren bizi-kalitatean, eremua debaluatu eta estigmatizatu egiten dute, eta Alde Zaharraren gainbehera orokorra eragiten du”, laburbiltzen du Fundazioak azterketa egin aurreko testuan, eta gehitu du hautemandako joerak bat datozela Nafarroako beste herri batzuetako joerekin.

LANDA-LANA HASIKO DA

Azterlana aste honetan hasiko da, lokal eta etxeetara bisitak eginen dituzten soziologoz eta gizarte-langilez osatutako talde batekin, eta Alde Zaharreko espazioaren erabilerarekin lotutako alderdiak aztertuko ditu. Alde batetik, inguruko hirigintza- eta bizitegi-errealitatean sakonduko da (puntuak eta higiezin defizitarioak kokatzea, dauden etxebizitzak eta kaleen eta higiezinen araberako banaketa kuantifikatzea, eta jabetzan, alokairuan, okupatu gabe, okupatuta, prezio-mailan, etxebizitzarako laguntzen eraginean eta abar daudenak zehaztea).

Bestalde, egoera demografikoa eta populazioaren ezaugarriak ezagutu nahi dira: biztanleak, haien banaketa eta ezaugarriak, hala nola sexua, adina, familia-unitatearen osaera, jatorria, prestakuntza, okupazioa, auzoan bizi diren denbora, hobetzeko proposamenak…).

Hirugarrenik, eremuaren profil ekonomiko eguneratua zirriborratuko da (jarduera nagusiak, lokalen erabilgarritasuna, etab.). Eta, bukatzeko, inguru horretako bizitzan eta hobekuntzan parte hartzen duten eragile eta erakundeekiko koordinazioa identifikatu eta sustatuko da: Udala, Nasuvinsa, Nafarroako Gobernua, jabeak, egoiliarrak, elkarteak, etab.

Datuak bildu ondoren, hainbat proposamen eginen dira, honako helburu hauek lortze aldera: zonaren narriadura geldiaraztea, baliabideen erabilera hobetzea eta bertako bizilagunen bizi-baldintzak hobetzea, Alde Zaharra biziberritzen laguntzea eta haren integrazioa eta gainerako hiriarekiko komunikazio-fluxuak indartzea.

Hiru bat hilabeteko epean eginen da proiektua, eta gutxi gorabehera 10.000 euroko aurrekontua du. Proiektu hori bat dator PEPRIren berrikuspenarekin, dagoeneko egiten ari den hiri-mugikortasunaren azterlanarekin eta Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiarekin batera laster hasiko den biztanleria-diagnostikoarekin, adineko pertsonentzako etorkizuneko eguneko zentroaren beharrak aztertzeko. Zentro hori Puy eta Nabarreria kaleen artean kokatuko da.