NORI AXOLA HILDAKOAK?

Post mortem

Urteak amaierako hilabeteen azken kanpaiak jotzen dituen garai lanbrotsu eta hotz hauetan, hildakoez oroitzen gara bizirik gaudenok, udaberrian loratzen hasten den txoro-haizeak eta udako beroak azalean utzitako nagikeriak alde egin ostean. Urri erditik aurrera, usoak eta bestelako basapiztiak akabatzea ametiturik dagoen unetik aitzinera, hain justu, geure hildakoei negar egiteko parada heltzen zaigu. Gizakiak, normalean, hildako gizakiak ohoratzen ditu, basapiztiak izanagatik, espezie eta familia zein lagunarte berekoak. Osterantzekoei, pun!

Demoniozko birus hilgarri pandemikoari buruz luze eta zabal jardun eta gero, sumendiaren erupzioaz aritzea egokitu zaigu, bolkanen berezko izaera, hain zuzen ere, horixe dela ahazturik-edo. Vesuvio sumendiak, K. o. 79. urtean, Ponpeia eta Herkulanoko milaka biztanle kiskaldu zituen. Gorgonari aurrez aurre begiratzeagatik geratuko liratekeen bezala, eskulturak bailiran, ikus daitezke gaur egun oraindik, Italiako hiri ospetsu horiek bisitatzera joanez gero. Beharbada, jasan ditugun neurri murriztaileen ondorioz, turismoa (ere) zuzenean kaltetua izan denez, bidaia “paketeen” kontsumitzaile garen gizabanako diru-irabazle/xahutzaileoi ebatsi egin zaigu naturak duen berezko izaera behatu eta gure aurretik beste batzuk egon zirela fotografiatzeko aukera oro. Horrexegatik, agian, batzuen harridura. Beraz, gehiago bidaiatu behar dugu, artaziak hartzen dituzten bitartekaririk gabe.

Esan gabe doa, aipaturiko napoliar bi hiri horietan, fresko morbosoez, antzinako putetxeez eta fosilizaturiko gorpuez gain, badagoela sareetan harrokeriaz ibiltzeko moduko argazkiak non atera. Esan bezala, hortaz, ezer berririk ez eguzkipean.

Dena den, ez dezagun haria galdu. Heriotzari buruz ari gara. Edo oraindik hil ez garenok heriotza tratatzeko dugun erari buruz, zehatzago esanda. Urriko azken egunean urteroko eztabaidagai berbera: hildakoen eguna ohitura anglosaxoia dela, ez gurea; baina lehenago zeltek ospatzen zutela ditxosozko sorginen gau hura, baina gu ez garela zeltak, demontre!; eta haien ondoren erromatarrak etorri zirela Lemuria izeneko ospakizunarekin mamuak uxatu eta hildakoak baretzera, baina gu ez gara erromatarren oinordekoak; horiek guztiak paganoak zirela, eta gu kristauak. Kristauak? Bai, eta horregatik hurrengo eguneko Domu Santua. Hilerrira, lorak jartzera. Plastikozkoek gehiago irauten dute, urtebete, euriak zimeldu eta haizeak eramaten ez baditu. Hartara, urte osoan nekropolisa zapaldu beharrik ez (Ponpeiara joateko beta gehiago).

Eta berehala Gabonak. Beno, Eroskin lehengo hiletik, eta herrian argiak ipinita daude. Orduan ere, Eguberritan, heriotza dugu gurtzen, berpizteko, aurretik Jainkoak hil egin behar izan baitzuen. Kristau fededunak izan ala ez, denok (ausardiaz diot) oturuntzaren bat edo beste egiteko prest.

Paganoa nahiz kristaua, judutarra edo musulmana, denek gurutzean dirua dute iltzatuta. Noski, gaur egun gero eta ume euskaldun gehiago omen dira etxez-etxe edo dendaz-denda ate joka ibiltzen direnak (guk Gabonetan egiten genuen, abestuz), “ziria ala saria” esanez, gazteleraz, baina mozorrotuta. Beste festa diru-xahutzaile bat, errukiz diote gurasoek. Festa guztiak bezala. Zer izango lirateke ba, dirua ateratzeko beste asmakizun kapitalista bat ez balira?

Tira, haria galtzen ari ote naizen-edo, muinera joango naiz, berandu baino lehen. Ez da oraingotxeko kontua gizatasunarekin zuzenean harremandutako ikasgaiek, uso paseak udazkenean nola, akabatuko dituzten tiroak nekez saihesten ibili behar izatea. Ministro trajez jantzitako ehiztari asko daude gure aurretik zeudenei jaramonik egin ez diezaiegun interesatzen zaienak. Historia, Kristok aurrea eta atzea markatu zuen bezala, eurekin has dadin beste xederik ez duten politikari hanpurutsuak.

Eta, aitortu beharra dago, marketin ona egiten dutela. Herritarrek erabat sinesten baitute Latina, Grekoa, Filosofia eta Historia bera ere (izen eta data mordo bat buruz ikasi behar hori, Googlei galdetzen jakitea aski denean) ikastea erabat alferrikakoa dela. Guraso eta ikasle diren seme-alabei oso ondo irakatsi diote alferreko irakasgaiak direla, dirurik ematen ez dutenak. Ekoiztu, ekoiztu eta ekoiztu. Horrek bai kontu korronteko zenbaki birtuala ederki puztu! Eta, ondorioz, zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta diru gehiago gastatzeko, batez ere, pentsatzea beharrezkoa ez den denborapasa lerdoetan. Atsedena behar baitugu, hainbeste produzitu eta gero, deskantsatu, deskonektatu (makinak al gara?). Ez pentsatu.

Ez dut, ordea, nik inor konbentzitzea lortuko, ez bakarrik, ez horrela, ez politikari hauekin, ez horrelako herritarrekin. Alferrik ari naiz, hildakoak ez zaizkiolako inori axola. Hizkuntza bat hilda dagoela esatea aski da, burlaizez pentsamendu eta kulturaren hastapena hankapean zanpatzeko, traba egiten digun euliaren modura. Hego bat tiroz jotako uso mainguak bezainbesteko kemena atera behar, uneoro, norabiderik gabeko hegaldian beste hegala balditzeke aurrera jarraitu ahal izateko.

Beraz, sustrairik gabeko arbolak dituen baso zabartsu batean gaude, izpirik ere sartzen uzten ez duen oihan ilun eta beti hezean, kanposatuko lorak bezalatsu, plastikozko pertsonak. Gu, sustrairik gabeko zuhaitzak, plastikozko pertsonak, gu.