1994 urtean gira eta aurten Herritarrak elkartearen biltzar nagusia dugu Herriko Etxearen Lisaritz prefabrikatu gelan. Usaiako gaiak aipatu eta gero, azken galdera bat pausatzen da. Ez ote ginuke ikastola behar gure herrian?. Momentuan bat badago Hendaian eta beste bat Donibane Lohitzunen. Ama ikastola bat ere bada Azkainen ez hain aspaldian sortua. Beraz, galderaren ondotik, biltzar nagusiak erabakitzen du bai beharrezkoa dugula ikastola Urruña herrian…
Ondoko astean, Herritarrak elkartearen hiru kideen artean sortzen dugu Urruñako ikastola elkartea. Elkartea sortu orduko, dozena bat guraso deitzen ditugu gure proiektua proposatzeko eta elkartzen gira Lisaritz gela horretan filma bat begiratzeko eta ondotik hitz egiteko Urruñako ikastola berriari buruz. Baionako ikastolaren sartzeaz da, Seaskak igorri digun filma eta hori ikusita gero, hor ziren gurasoekin eztabaidak hasten dira, eta azkenean erabakitzen dugu ikastola berri bat sortu behar dugula Urruñan nahiz eta kontzienteak garen ez dela erresa izanen lortzea. Nun egin, ze gelan, norekin?…
Hastapen horretan, ilusioz beteak ginen. Gure taldea zabaldu zen eta bankuko kontu bat ideki ginuen. Lehen urratsa eman behar ginuena Herriko Etxearekin egin behar zen. Pentsatu ginuen ez zela erresa izanen baina motibatuak ginen. Lehen aldian, Poulou Jauna Auzapezak errezibitzen gaitu beste hautetsi batzuekin. Harrera hotza eta bukaeran erran digute ez zela tokirik Urruñan ikastola batentzat eta euskara ongi zabaldua zela Urruñan, bai eskoletan eta bai eguneroko bizian. Orduantxe, ohartu nintzen ez ginela mundu berean bizi…
Hala guztiz eta, segitu dugu gure bidea. Hasi gira lokala bat xerkatzen, buraso berri batzuk ikusten eta hamabi haur bagintuen gure sartzea egiteko. Haurrak bai baina nun? Azkenean, Etxegorri Jaun Erretorrari eta St Vincent parokoaren elkarteari esker, Itsas Mendi zinema gibelean den gela ttiki batean sortu dugu gure Urruñako lehen ikastola. Zalapartaka, plastrak, tinduak, garbitzeko gelatxoaren obrak eta behar ziren normetan eman behar ziren neurri guztiak egin eta, Ikastolaren inaugurazioa egin dugu Urruñako bestak bete-betean. Ez dut ahantzi behar erratea, bi egun lehenago, Herriko Etxeak bidali ninduela gutun bat idatziz ezin zela ideki Urruñako ikastola, ez zirela seguritatezko neurriak errespetatzen eta ea ez ginen ahalketzen holako putzu batean sartzea haurra ttipitto horiek. Beraien hitzak hauek ziren:
Vous n’avez pas honte de mettre vos enfants dans ce placard à balais.
Gutun horretan, mehastuak ere idatzi zituzten erranez, gure sartzea egiten baginu, poliziak igorriko zituztela. Azkenean sartzea egin ginuen, gurasoek etorri ziren, lagunak ere sustenga ekarri ziguten, Euskal Telebista hor zegoen ere eta hamalau (ofizialki) haurrekin inaugurazio eder bat egin ginuen 1995eko urtean, irailaren bostean, Urruñako bestearen astelehenarekin…
Lehen urtea pasa zen, Herriko Etxekoek hor gintuen negarrez erranez seguritateko eta osasunezko normak edo legeak ez gintuela errespetatzen. Hala dela, azkenean Suprefetetara konbokatua izan nintzen eta han, hitz eman behar izan nuen behar ziren obrak egingo genituela…
Ondoko urtean, bi prefabrikatu berriak pausatu gintuen belarraren gainean, gela ederragoak izateko gure haurrentzat ikusiz denbora berean haur kopurua emendatzen ari zela. Ikastola politxoa gelditu zen…
Gorabeherarekin urteak pasatu ziren eta haur kopurua beti igotzen ari zelakoan, saiatu ginen berriro Herriko Etxekoekin harremanetan sartzen, lur eremu bat ukaiteko eta gero guauenek eraikiko ginuela ikastola berria erranez. Lur eremua, nehork ez zuen erabiltzen eta aparkalekua ere egiten ahal zen ondoan. Herriko Etxekoek ezezkoa eman zuten. Guk gure aldetik erantzun ginuen diru biltzeko kanpaina hasiko ginuela eta hori Euskal Herri osoan. Hala hasi ginuen gure diru biltzeko kanpaina, “Mila harri behar ditugu gure ikastola eraikitzeko”. Hastapenean, bi kontzertu eman ginituen Urruñako herrian, ondotik Benito Lertxundi ekarrarazi ginuen Urruñako elizan eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin baita ere ikastolako haurrekin batera antzerki emankizunak Euskal Herri osoan eman ginituen. Horreri guziari esker eta mila harrien salmentari esker, diru maza bat bildu ginuen gure ikastola eraikitzeko…
Diru biltze kanpaina segitzen ginuela eta, Urruñako karriketan manifestaldia antolatu ginuen ikastolako eraikitzeko lurra ukaiteko. Horren ondotik, Herriko Etxeko hautetsiek lur prestatzea onartu eta alde bozkatu zuten “bail emphytéotique” delakoa eskainiz. Orduz geroztik, Herriko Etxekoen eta ikastolako gurasoen arteko harremanak normaltasun batean sartu ziren…
Azkenean, laguntzaile aunitzi esker, bai herrikoei, bai Euskal Herrikoei, Urruñako ikastola berri eta eder bat eraiki ginuen. Gure ametsari sinetsi ginuen eta 1995ean, hamalau haurrekin hasita, gaur egun, ehun eta hogoi haurrekin gaude.
Gora Urruñako ikastola! Gora euskara! Eta gure hizkuntza Herri guzietan zabaldu dadila!!!
Battit Halzuetek egin logoa.
You must be logged in to post a comment.