PIERRE DUBEDAT, BAIONAKO KORTSARIO AUSARTA

Gauza jakina da Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean itsasgintza izan dela luzaz jarduera nagusia. Bertako semeak arrantzaleak ziren, urrunera bakailaoaren eta balearen gibeletik joaten zirenak, eta baita piratak eta kortsarioak ere, gure itsasoetan barna zebiltzan merkatari ontziak erasotzen eta zakuratzen zituztenak. Gizon gogorrak ziren, bizia arriskatzeko eta etsaiari bizia kentzeko prest zirenak. Horietako bat dugu Pierre Dubedat, XVIII. mendeko kortsario baionarra.

Dubedat Baionako Pannecau karrikan sortu zen, XVIII. mendeko erdi aldean. Euskal familia bateko semea zen, baina gehiago ez dakigu berari buruz, Dubedat deitura edo abizena zuen eta Pierre haren izena. Haren gaztaroa ezezaguna zaigu eta ez dakigu zehaz-mehatz zergatik eta noiz sartu zen kortsario. Ziurrenik arrantzalea izanen zen kortsario sartu aitzinetik, eta sosen beharrak beste diru-iturrietara bultzatuko zuen, beste kortsario euskaldunekin gertatu zen bezala.

Bordelen egindako ontzi ikaragarri handi baten kapitaina zen, eta bai bera, bai Rigal kapitain-ordea eta bai eskifaiako gizonak euskaldunak ziren. Itsasontziak hogeita sei kainoi zituen istriborrean eta ababorrean eta sei obus gotorlekuetan. Bigarren kapitaina Rigal zen, hau ere, baionarra. Ontzi honekin ibili ziren Dubedat eta bere gizonak Atlantikoan zehar kortsario-negozio ilunetan.

1793ko maiatzean, Kanariar Uharteen eta Cabo Verde-ren arteko itsaso zabaletik zihoazela, bela handi bat ikusi zuten urruntasunean. Arratsaldeko 4ak ziren. Hurbildu ahala ingeles fragata indartsua zela ikusi ahal izan zuten. Dubedatek, mugimendu bortitz batez, ontzia ingeles fragataren parean jarri zuen eta sekulako kainoi danbatekoz etsaiaren ontzia zigortu zuen. Ingelesek modu berean erantzun zioten euskaldunen ontzia bonbez zigortuz; bonba horietako batek Dubedat kapitaina kolpatu zuen bete-betean eta bertan eman zuen azken hatsa.

Hiru oreneko borrokaldi odoltsu baten ondoren, Rigal kapitain-ordeak abordaia agindu zuen. Ingelesek ihesari ekin zioten eta euskaldunek ezin izan zuten harrapatu. Urte bereko ekainaren 3an, ontzi baionarrak Bordeleko portuan ainguratu zuen. Jadanik Rigal zen ontziko kapitain berria. Zoritxarrez, ez dut datu gehiago atzeman, eta Dubedat kapitain baionarraren nondik norakoak historiaren zurrunbilo ilunetan galtzen zaizkigu. Dubedat bat gehiago izan zen XVI. eta XVIII. mendeen artean, itsasoetan barrena ibili ziren pirata eta kortsario euskaldunen artean.