“Lucasek klorofilako txiklearen kolorea ikusten zuen hormetan.
Izan ere, ospitaleetako gelak eta Pariseko postalak berdinak dira beti. Eta ospitalean zegoen Lucas. “Ospitalean nago” esaten zion bisitan joaten zitzaionari. Ospitalean baitzegoen Lucas.
—Aukeratzeko dituzu pastilla berdeak, horiak, hori-gorriak —esan zion erizainak.
—Berdeak, ehun gramo; hezurrik gabekoak —aukeratu zuen Lucasek.
Erizainak barre egin zuen. Erizainak zuriz joan ohi dira ospitaleetan.
Lucasen gelakidea lo zegoen eta ohe ondoko aulkia hutsik. Aulkiak barre egiten ziolako inpresioa zeukan Lucasek. Gaiztoa zen aulkia. Erizaina joan zenean, hizketan hasi zitzaion aulkiari: “Etorriko da; gaur ez bada etzi, etzi ez bada… eta zure gainean eseriko da eta berbetan egongo gara iluntzera arte, eta ilundu eta gero ere bai, eta autobusa hartuko dugu gero, etxerako.”
Tranbia entzun zuen orduan leihotik harago.
Ezkerretara begiratu eta lehenengo planoan sueroa ikusi zuen —tak-tak— eta bigarrenean gelakide lodia, Anas. Bera baino gazteagoa zen, hirurogeita hamazazpi, eta lo zegoen. Lo, usteldu arte egin behar zuela ematen zuen.
Eta Lucas bakarrik; erizainaren bisita eskasa goiz osoan eta sueroari, aulkiari eta Anasi begira. Kalean, umeen oporrak entzuten zituen eta kukuen kantuak. Gelan hormetako berdea, aulki hutsa eta aho sikua“.