NUPEKO IS-FOOD INSTITUTUAK IKERKETARI ETA NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEI BURUZKO JARDUNALDIAK EGIN DITU AZAROAREN 22TIK 26RA

Ikertzaile bat NUPeko Elikagaien Teknologiako instalazio pilotuan lan egiten

Elikagaien berrikuntza, nutrizio osasungarria, nekazaritzako praktikak edo abereen elikadura izan dira jorratutako gaietako batzuk

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuak (IS-FOOD) ikerketako nazioarteko jardunaldiak egin ditu azaroaren 22tik 26ra, non arlo desberdinetako zenbait adituk nekazaritzako elikagaien sistemak aurrean dituen erronkak azaldu eta eztabaidatu dituzten.

Jardunaldiak azaroaren 22an hasi dira, Patxi Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordeak egin du aurkezpena, IS-FOOD institutuko zuzendaritza-taldeko kideekin batera: Idoia Labayen Goñi, zuzendaria; María González de Audicana, zuzendariordea; eta Juan Ignacio Maté, idazkaria.

Astelehen goizean, Olga Martín Belloso Universitat de Lleida-ko katedradun eta Ikerketako errektoreordeak hartu du hitza. “Elikagaien berrikuntza ikerketako institutuen testuinguruan” izan da hitzaldiaren izenburua. Olga Martín Belloso Elikagaien Zientziari eta Teknologiari buruzko Europako Federazioko burua izan da, eta orain Elikagaien Ingeniaritzako Espainiako Elkarteko lehendakaria da. Elikagai jasangarriak, osasungarriak eta seguruak lortzeko ikerketak gaur egun dituen erronkez mintzatu da.

Astelehen arratsaldeko saioa ikerketarako Europako laguntzak eskatzerakoan arrakasta izan duten kasuak azaltzera bideratu da. Emilio Gilek eman du “Applied Research in Agriculture – Europe is the key” izeneko saioa, Universitat Politècnica de Catalunya-ko Elikagaien Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Bioteknologiako katedradunak. Bere ikerketa-taldea txikia den arren, azken urteetan Life, Horizon 2020 eta Interrege deialdietako zazpi proiektu europarretan hartu du parte. Arrakasta izan duten proiektuen adibideak oinarri hartuta, Emilio Gilek azaldu du zein diren bere ustez proposamen on batek izan beharreko gakoak finantzatzeko modukoa izan dadin.

Astearteko saioek (hilak 23), ura eta uraren kudeaketa izan dute ardatz. Alice Alonso Lovainako Unibertsitateko (Belgika) Lurraren eta Bizitzaren Institutuko ikertzailea azaleko hidrologiari buruz egiten ari den ikerketaz mintzatu da. Alonsok datuetan oinarritutako ereduak eta ikuspegiak erabiltzen ditu uraren biltegiratzea aztertzeko, diagnostikatzeko eta haren egoera eta aldakortasuna iragartzeko. Ondoren, Katarina Kyllmar-ek hartu du hitza, Nekazaritzako Zientzien Suediako Unibertsitateko Lurraren Zientzien Saileko ikerketako zuzendariak. Nekazaritzako paisaiako ingurumenaren kontrolaz eta ebaluazioaz mintzatu da, eta batez ere uraren kudeaketaz eta kalitateaz.

Nutrizio osasungarria

Asteazkenean (hilak 24), nutrizio osasungarri eta jasangarriari buruz aritu dira, bai eta elikagaien sistemak behar dituen aldaketei buruz ere elikadura bidezkoa, jasangarria, kulturalki egokia eta biodibertsitatean oinarritua izan dadin. Luis Moreno Aznar-ek eman du hitzaldia; Luis Moreno Aznar Zaragozako Unibertsitateko katedraduna, Zaragozako Unibertsitateko Medikuntzako eta Kirurgiako doktorea eta Nutrizioari buruzko Espainiako Elkarteko burua da, eta munduko zientzialari garrantzitsuenetakotzat jotzen dute.

Azkenik, ostiralean (hilak 26), mahai-inguru hau egin da: “Abereen elikadurari buruzko berrikuntzak ekonomia zirkularraren eta Europako itun berdearen ikuspegia kontuan hartuta”. Abeltzaintzako ekoizpenaren esparruan, inplikazio garrantzitsuenetako bat abereen elikadurarekin lotuta dago; zehazki, abeltzaintzako zerbitzu ekosistemikoak indartu, mantenugaien zikloak itxi eta ingurumen-inpaktu negatiboak murriztu nahi dira, hala nola berotegi-efektuko gasak sortzearekin lotutakoak. Testuinguru horretan, mahai-inguruan animalia hausnarkarien elikaduraren arloko berrikuntzak jorratu dira.