NEREA PASCUALEK ETA NAIARA GOÑIK IRABAZI DUTE ZIENTZIAKO ETA TEKNOLOGIAKO IKASKETA AMAIERAKO LANEN NUPEKO POSTER LEHIAKETA

Sariketaren irabazleak. Ezkerretik eskuinera: Naiara Goñi Pérez (graduko irabazlea), Irantzu Erro Iturralde (masterreko bigarren saria), Nerea Pascual Lezaun (masterreko irabazlea) eta Ada Ayechu Abedaño (graduko bigarren saria).

Sarien banaketa Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak antolatutako III. jardunaldien itxiera-ekitaldian egin zen

Nerea Pascual Lezaunek eta Naiara Goñi Pérezek irabazi dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak antolatutako ikasketa amaierako lanen poster lehiaketa, graduko eta masterreko kategorietan hurrenez hurren. Bestalde, Ada Ayechu Abedañok irabazi du graduko bigarren saria, eta Irantzu Erro Iturraldek masterrekoa. Aipatutako katedrak antolatutako eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko III. Jardunaldien itxiera-ekitaldian eman zizkieten sariak, Iruñeko Planetarioan.

Lehen sariak: galdarak eta instalazio eolikoak

Nerea Pascualen lanak honako hau du izenburua: “Modelling design and economic analysis of a condensing boiler for heating network”. Egileak azaldu duenez, kondentsazio-teknologia inplementatu du bertan berokuntza-galdara konbentzional baten eraginkortasuna handitzeko. “Sistema osoa modelizatu dut, MATLABen, errekuntza-gasen beroa berreskuratuko duen kondentsadore bat diseinatzeko, ura galdarara bideratu baino lehenago ere berotu eginen duena”, zehaztu du. Bruselako Unibertsitate Libreko (Vrije Universiteit Brussel) berokuntza-sistemaren datuen arabera egin du gailu horren funtzionamenduaren azterketa. “Kondentsadorearen inplementazioak % 90etik % 104ra handitzen du sistemaren efizientzia. Horrek modua ematen du hilean 3.700 € aurrezteko eta erregaiaren kontsumoa % 14 murrizteko, baita, ondorioz, atmosferara gas gutxiago isurtzeko ere”, erantsi du egileak.

Bestalde, Naiara Goñi Pérezen master amaierako lanak, “Zero Carbon Challenge: plantas eólicas con sistema de almacenamiento energético” izenekoak, erantzunak proposatzen dizkie energia berriztagarrien ekoizpena handitzeak planteatzen dituen desafio batzuei, karbono-aztarna zerokoa izatea lortzeko helburura hurbiltzeko. Zehazki, proiektuak instalazio hibrido bat proposatzen du, sorgailu fotovoltaikoz eta eolikoz osatua, bi biltegiratze mota dituena: litiozko bateriak eta biltegiratze termikoa (harri bolkanikoetan oinarritua). Gainera, planta hori ikatz-zentralentzako bigarren bizitzako plan gisara proposatzen du, instalazio eta osagai gehienak berrerabiliz maila ekonomikoan alternatiba lehiakorra izan dadin. “Analisi horren ondoren, biltegiratze termikoa duen planta hibridoa proposamenik lehiakorrena dela ondorioztatu dut”, gehitu du egileak.

Bigarren sariak: stent bat eta ponpa termoelektriko bat

Bigarren sariei dagokienez, Ada Ayechu Abedañoren lanaren izenburua hau izan da: “Diseño y análisis computacional de las propiedades mecánicas de un nuevo prototipo de stent personalizable e imprimible en 3D”. Egileak azaldu duenez, “stent horiek diseinatzeko, parametro geometriko batzuk aukeratzen dira, eta aldarazi egiten dira gero, aldaketa horiek gailuaren portaera mekanikoan duten eragina aztertzeko”. “Geometriak propietateetan duen eragin hori elementu finituen metodoaren bidez aztertzen da. Jarraian, geometriek eta materialek ehunetan nolako eragina duten aztertzen da, kasu honetan arteria koronario batean eta trakea batean. Azkenik, gailu horien 3D inprimaketaren bideragarritasuna aztertzen da, horiek pazientearen arabera pertsonalizatzeko”, adierazi du.

Bestalde, Irantzu Erro Iturralderen lanak, “Diseño, construcción y caracterización de una bomba termoeléctrica multietapa” izenburua duenak, sobran dagoen bero-energia berriztagarria biltegiratzeko prozesua aztertzea izan du helburu. Gaur egun, energia elektrikoa energia termiko bihurtzeko, erresistentzia elektrikoak erabiltzen dira aire-fluxu bat berotzeko. “Energia eraldatzeko prozesu hori hobetzeko, bero-ponpa bat balira bezala funtzionatzen duten modulu termoelektrikoak erabiltzea proposatzen dut lan honetan. Horregatik, etapa anitzeko bi bero-ponpa termoelektriko mota diseinatu, eraiki eta karakterizatu ditut, moduluek puntu optimoan funtzionatzeko eta aplikazio posible hori aztertu ahal izateko”, azaldu du egileak.