Zuzendaritza-taldea Juan Maté Caballero katedradunak eta María González de Audicana Amenabarrek osatuko dute (zuzendariordea eta idazkaria hurrenez hurren).
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko irakasle Idoia Labayen Goñi da NUPeko Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuaren zuzendari berria (IS-FOOD), Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) dituen sei ikerketa-taldeetako batena. Zuzendaritza-taldea Juan Maté Caballero katedradunak eta María González de Audicana Amenabarrek osatuko dute (zuzendariordea eta idazkaria hurrenez hurren).
Azkeneko bost urteetan, IS-FOODen idatzitako 500 artikulu baino gehiago argitaratu dituzte nazioarteko aldizkarietan, pareko ikertzaileek berrikusi eta oniritzia eman ondoren, eta artikuluen ia % 75 kuartil gorenean sailkatutako aldizkarietan plazaratu dira. Gainera, 7 milioi euro inguru bildu zituen institutuak ikerketa-proiektuetarako funts gisa deialdi publiko lehiakorren bidez, eta 600.000 euro baino gehiago transferentzia-kontratuetan 2016tik 2020ra. IS-FOODek Espainiako eta nazioarteko ikerketa-sareetan hartzen du parte, eta sektoreko zenbait organismo eta enpresarekin aritzen da lankidetzan.
IS-FOOD institutuan Unibertsitateko 70 ikertzaile ari dira elikatze-kateko maila guztietako ikerketaren eta berrikuntzaren desafioak jorratzen; besteak beste, honako hauek: lurzoruen, uraren eta intsumoen kudeaketa eta maneiua; lehengaien ekoizpena eta elikagaien prozesamendua eta berrikuntza; nekazaritzako kudeaketa eta ekonomia, bai eta kontsumitzaileekin, nutrizioarekin eta osasunarekin lotutako alderdiak ere. IS-FOOD institutuak nekazaritzako elikaduraren eta nutrizioaren sektoreko arazoak, erronkak eta aukerak lantzen ditu osorik bere ikerketen eta ezagutzaren transferentziaren bidez ikuspegi diziplina anitzeko eta elikadura-sistema iraunkor eta osasungarri baten aldekotik begiratuta.
Idoia Labayen Goñiren CVa
Idoia Labayen Goñi Fisiologiako irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Sailean (NUP). Unibertsitateko ikasketak Nafarroako Unibertsitatean (Biologia Zientzietako Lizentziatura eta Fisiologiako eta Nutrizioko Doktoretza), Salamancako Unibertsitatean (Nutrizioko Ikerketarako Gaitasuna) eta Granadako Unibertsitatean egin zituen (Nutrizioko eta Dietetikako Masterra). Ibilbide profesionalari dagokionez, Fisiologiako eta Nutrizioko ikertzaile laguntzaile eta irakasle elkartu gisa lan egin zuen Nafarroako Unibertsitatean (2002ra arte), Nutrizioko eta Bromatologiako irakasle titular aritu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (2017ko apirilera arte) eta NUPen dihardu orduz geroztik irakasle elkartu gisa.
Ikerketa-lerro nagusiak hauek ditu: ikerketa metabolikoa, etiopatogenia eta obesitatearen tratamendua, batez ere haurtzaroan eta nerabezaroan. NUPeko ELIKOS ikerketa-taldeko zuzendaria da (Nutrizioa eta Ariketa Fisikoa Osasuntsu egoteko) baita Campus Iberuseko PEANUT taldearena ere (Personalized Nutrition and Healthy Lifestyle). Ikertzaile nagusi gisa, deialdi publiko lehiakorretan finantzatutako ikerketa-proiektu ugariren zuzendaria izan da, eta obesitatearekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotutako Europako zenbait proiektutan hartu du parte. Horren erakusgarri dira JCR aldizkarietan argitaratutako 180 artikulu zientifiko baino gehiago, horietatik % 70etik gora lehenbiziko kuartileko aldizkarietan eta % 30etik gora lehenbiziko dezilekoetan.
Idoia Labayenek 4 liburu eta 8 liburu-kapitulu ere argitaratu ditu, gaztelaniaz zein euskaraz. Gainera, doktoratu ondoko bi ikerketa-egonaldi egin ditu, beka publiko lehiakorrekin finantzatuak: lehenbizikoa Karolinska Institutuan (Stockholm, Suedia, 2009 eta 2010) eta bigarrena Augustako Georgia Prevention Institutuan (Georgia, AEB, 2012). Estatuko Ikerketa Agentziako ebaluatzaile aditua da (lehengo ANEP), eta Biztanle Berezien Ariketa Fisikoa eta Osasuna izeneko ikerketa-sareko zuzendaritza-batzordeko kidea. Ikerketa-sari batzuk ere jaso ditu bere ibilbidean; aipatzekoa da, adibidez, Osasun Ministerioaren Elikadura Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziaren obesitateari buruzko osasun-arloko ikerketa-proiektu onenaren saria (NAOS 2018).