“El Arga” izenekoak utziriko hutsunea betetzeko jaio zen, ia etenik gabe baten amaieran bertzea agertuz. Sei hilabete lehenago, 1881eko uztailaren erdi aldean, Nafarroako Kontu Ganbaran Etxeberria, Diez, Kanpion, Dihinx, Kortes, Arantzadi nahiz Santz elkartu eta egunkari berriaren beharraz mintzatu ziren, garai hartan deitzen zuten “elemento fuerista vasco-navarro”-ren aldeko lana zabaltzeko. Gobernu zibilak urte bereko abenduan baimena eman eta 1882ko lehen egunean karrikaratu zen.
Legeztatu zutelarik bertako bertze egunkari batean, “El Eco de Navarra” izenekoan jaso zenez, haien asmoa “velar por los intereses de las provincias vasco-navarras” zen. Halaber, eta “Lau-Buru”n bertan azaldurik, “nuestras aspiraciones no se ciñen al angosto círculo de una fracción política. Nuestro ideal es más amplio y más noble. Sólo reconoce por límites las fronteras del país vasconavarro”. Badirudi jende anitz egunkariaren zain zegoela, Iruñeko karriketan horren irakurtzeko txirrinta nagusi baitzen. Honela, lehen zenbakia atera aurretik marketing kanpaina egin zuten nafar hiriburuan, txostentxoak banatuz. Hitz batez, orduko nafar intelektual gehienek prestatu zuten, “euskaro” goitizenaz jantzi zirenen kolaborazioak nabarmenduz. Hasieratik Justizia ofiziala aurka izan zuen. Zentsura zelatan, 1886ko martxoaren 24an salatu zuten baina hiru hilabete beranduago epaiak absolbitu zuen.
EZAUGARRIAK
Egoitza: Balentzia pasealekua (egungo Pablo Saratsate) eta Gaztelu Enparantza.
Zuzendaria: Arturo Kanpion nagusi, Juan Iturralde y Suit laguntzaile.
Maiztasuna: egunero, jai egunen ondoren ezik.
Orrialdeak: bi.
Prezioa: 5 zentimo, zenbaki atzeratuek hamabortz.
Harpidetza: Iruñean pezeta hilero,
gehixeago hiritik kanpo eta hirukoitza nazioartean.
Iragarkiak: lerroak 50 zentimo lehen orrialdean eta merkeago bertzeetan.
Zergak: 60 pezeta baino gehiago hilero.