ALEX TXIKON MANASLURA (8.163 m) ITZULIKO DA, OXIGENO ARTIFIZIAL BARIK NEGUAN TONTORRERA HELTZEN SAIATZEKO

  • Bigarren neguan jarraian Iñaki Alvarez eskalatzaile gipuzkoarra izango du lagun eta Simone Moro alpinista italiarrak osatuko du kordada.

  • Taldeak abenduaren 21ean iristeko asmoa du oinarrizko kanpamentura (4.900 metro ingurutara)

  • Mendian bakarrik egon ziren aurreko urtean ez bezala, negu honetan Manasluren gailurra egiten saiatuko den beste espedizio bat dago, Belgikako eta Poloniako eskalatzaileek osatutakoa, besteak beste

Alex Txikon Katmandura abiatu da, orain arte neguko espedizio batek inoiz koroatu ez duen Manasluko (8.163 m. Nepal) tontorrera heltzen saiatzeko berriro. Horrela abiatuko da #MANASLU2022.

Mendizale bizkaitarrak azaldu duenez, aurten bera eta bere taldea negu ofiziala hasi baino lehen abiatu dira, negua Oinarrizko Kanpamentuan bertan hartzeko eta lehenbailehen lanean hasteko asmoz. “Iazkoa izan zen gure lehen negua Manaslun, eta mendia bertatik bertara ezagutzeko, eta zenbat eta lehenago hasi aukera gehiago izango ditugula ikusteko balio izan zigun. Neguak aurrera egin ahala, elurteak ugariagoak dira eta horrek asko zailtzen du gure lana”.

Txikon, aurten ere bere kordada laguna izango den Iñaki Alvarezekin joango da. Eskalatzaile gipuzkoarrak eta abenturakide ohiak, joan den neguan ere hartu zuen parte Manasluko ahaleginean. Beraz ingurua ezagutzen du jada. Joan den neguan bezala, munduko alpinista ezagunenetako batek, Simone Moro italiarrak, eurekin bat egingo du. Taldea, Txikonekin batera neguko espedizioetan hainbat negu daramatzan eta “oinarrizko kanpamentuko giltzarria” den Eneko Garamendik, eta 2021eko udaberrian Txikonekin Everestera bidaiatu zuen Sendoa Elejalde argazkilariak osatuko dute.

Iaz bakarrik egon ginen mendian eta negu honetan badakigu Manasluko gailurra egiten saiatuko den beste espedizio bat ere izango dela, belgikarrez, poloniarrez… osatutakoa. Eskua luzatzeko, laguntzeko eta elkarrekin lan egiteko prest goaz”, aurreratu du Txikonek.

Aurreikuspenen arabera, abenduaren 21ean helduko dira Oinarrizko Kanpamentura, 4.900 ingurura, eta helburua, printzipioz, bide klasikotik azkar igotzea da. “Dena elurraren eta pitzaduren araberakoa izango da. Iaz gerrirainoko elurrarekin egin genuen lan, eta gurutzatu ezin izan genuen errimaia handi batekin topo egin genuen; horrek, 1 eta 3 eremuen artean aldaera berri bat irekitzera behartu gintuen. Han gaudenean eta mendia gure begiekin ikusten dugunean, zirriborratu ahal izango dugu jarraitu beharreko plana”.

Taldeak Oinarrizko Kanpamentuan egingo duen egonaldirako aurreikusten den hilabete eta erdian, jasangarritasunaren aldeko apustua egingo du berriro. Txikonen espedizioen bereizgarri izan ohi den bezala, taldeak eguzkiaren energia garbia eta agortezina baliatuko du elektrizitatea sortzeko, energia-sorgailuak (eta erregaiak) erabiltzea saihestuz, eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena sortzen saiatuz. “Oinarrizko kanpamentu batean energia behar duten gailu asko erabiltzen dira: bateriak, telefonoak, irratiak, ordenagailuak, estazio meteorologikoak, dronak… bada, ez dugu litro bat erregai erabiliko”, azaldu du Txikonek.

Horrela, EKI Fundazioak emandako eguzki-plaken bi instalazio erabiliko dituzte. Txikonek urteak daramatza fundazioarekin elkarlanean. Erakunde horrek ahalegin guztiak egiten ditu energia elektriko autonomoko iturriak (eguzki-energia fotovoltaikoa batez ere) hezkuntza-zentroei, osasun-zentroei eta garapen-bidean dauden herrialdeetako gizarte-interesekoei hornitzeko. Behin espedizioa amaituta, helburua instalazio horietako bat inguruko ikastetxe bati ematea da, tokiko GKEren baten bidez.

Bertako biztanleei gure ekarpena egin gura diegu, ez dituztelako guk ditugun erosotasunak, ezta gutxiago ere. Eta, jakina, ingurumena zaintzea. Espedizioan egiten ditugun ekintza hauekin, energia berriztagarriak erabiltzearen bideragarritasuna ikusarazi gura dugu, ingurunea edozein izanda ere”, ziurtatu du Txikonek.

Modu berean, taldeak duela pare bat aste bidali zuen kargaren, eta gaur egun daramanaren zati bat material medikoa da. Bertako erakundeei emango diote, urteetan Txikonen lankidetza duen eta SOS Himalayaren bitartez.