ACADEMICA-E NUPEKO BILTEGI DIGITALAK HAMAR URTE BETE DITU, ETA 14.984 ITEM DITU GORDEAK, GEHIENAK SARBIDE IREKIKOAK

NUPeko liburutegiko baliabide elektronikoen katalogoan kontsulta egiten ari da norbait

Azkeneko urtean 3 milioi deskarga baino gehiago zenbatu dira

Academica-e biltegi digitalak hamar urte bete ditu. 2011n jarri zuen martxan Nafarroako Unibertsitate Publikoak bertan egindako ikerketa agerian jartzeko, bere produkzio zientifikoaren inpaktu globala handitzeko eta dokumentuak behar bezala zainduko direla bermatzeko. Guztira, 14.984 item daude gordeak biltegian, eta horien % 83,5 edonork sarbide irekian eskuratzeko modukoak dira. Azkeneko urtean 3 milioi deskarga baino gehiago egin dira.

Academica-e biltegiaren helburua unibertsitateko komunitatearen produkzio zientifikoa eta akademikoa antolatzea, zaintzea eta zabaltzea da, komunitateko kideen ikerketa-lanen emaitzen ikusgarritasuna eta eragina handitzeko. Hasieran, karrera amaierako proiektuen bilduma zuen gordea; gaur egun, berriz, mota askotako lanak biltzen ditu: artikuluak (3.965), karrera amaierako proiektuak (3.128), gradu amaierako lanak (2.777), liburuak (1.011), kongresuetako parte-hartzeak (949), irudiak (577), doktoretza-tesiak (479), laneko dokumentuak (182) eta, kopuru txikiagoan, erreseinak, liburuetako kapituluen txostenak eta bestelako lanak.

Edonork kontsultatzen eta deskargatzen ahal ditu dokumentuak. Biltegiko lanetako askok erreserbatuak dituzte eskubideak, besterik adierazten ez bada bederen, eta horrek esan nahi du libre dela lan horietara sartzea, lanak irakurtzea eta deskargatzea, eta ikerketa-lanetarako erabiltzea. Tamaina handieneko bildumak artikulu zientifikoz eta gradu amaierako lanez osatutakoak dira. Bilaketa-sistemak argitaratze-dataren, izenburuaren, egilearen eta titulazioaren arabera antolaturik eskaintzen ditu zerrendak.

Biltegi nazionalen eta nazioartekoen direktorio nagusietan erregistratua dago Academica-e ahalik eta ikusgarritasun handiena lortzeko, eta bilatzaile nazional eta nazioarteko ahaltsuenek egiten dituzte bilaketak bertan, besteak beste Google Scholar, OpenAire, Recolecta, Base, Core eta La Referencia izenekoek.

Sarbide irekia

Sarbide motari dagokionez, 12.514 item sarbide irekikoak dira (% 83,5), 1.655 sarbide murriztukoak (% 11,05), eta gainerakoek sei hilabeteko edo bi edo bost urteko bahituran dute sarbidea. Urtean zenbat item biltegiratzen diren kontuan hartuz gero, 1.200 da batezbestekoa; 2018an gordailutu ziren dokumentu gehien (2.109), eta 2012an gutxien (357).

Bai 2010a baino lehenagoko proiektuetan (sarbide murriztukoak) bai geroagokoetan, zilegi da dokumentuak (partez) erreproduzitzea, baldin eta azterketa pribaturako eta ikerketarako erabiltzen badira eta aipu laburren bidez baizik erreproduzitzen ez badira, egilea nor den eta iturria zein den adieraziz beti.

Bi bide daude Academica-e biltegian sartzeko: kontsulta egitea biltegia antolatua dagoen bildumetako bakoitzean edo bilaketa egitea biltegi digital osoan.