INANNA (SUMERIAR MITOA, SEGUR ASKI K.A. 3000. URTEA BAINO ANTZINAGOKOA)

[Isimudek oihuztatzen du:]”O, Erregina hori, zure aitak igorri nau zuregana,
O, Inanna, zure aitak igorri nau zuregana,
Zure aita, goienekoa bere mintzaldietan,
Enki, goienekoa bere hitz-etorrian,
Zeinaren solasak ez diren erdeinatu behar!”

 

Inanna santuak erantzuten dio:
“Nire aitak zer esan dizu? Zer agindu dizu?
Haren hitz agurgarriak, erdeinatu behar ez direnak,
zein dira, mesedez?”


Nire aitak hitz egin dit,
Enkik esan dit:
“Utziozu Inannari Urukengana iristen,
Baina zeu itzuli Txalupa zerutarrarekin Eridura”.

 

Inanna santuak honela esan zion Isimud mezulariari:
“Zergatik nire aitak, esazu, mesedez,
aldatu du esana zidana?
Zergatik urratu du emana zidan hitza?
Zergatik profanatu ditu
eginak zizkidan hitzak?
Aitak hitz gezurtiak esan dizkit,
Gezurrez zin egin du
bere Boterearen eta Abzuren izenean!”

 

Hitz horiek ahoskatu orduko,
Txalupa zerutarraz jabetu ziren itsasoko munstroak.
Inannak honela esan zion Ninshubur mezulariari:
“Atoz, Inannaren mezulari fin hori,
Aldeko hitzak dituen mezulari hori,
Nire hitzik zintzionenen eramaile hori
Zu, eskuak sekula dardararik egiten ez dizun hori,
hankak sekula dardararik egiten ez dizun hori,
Salba ezazu Txalupa zerutarra eta Inannak emandako jainkozko legeak!”