Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano da zuzendarietako bat, eta José Luis Goñi Sein, Julen Llorens Espada eta Mirentxu Marín Malo irakasleek ere hartu dute parte
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Saileko Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano irakaslea, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Ana Belén Muñoz Ruiz irakaslearekin batera, Cinca argitaletxearen “Guía práctica de prevención de riesgos laborales” izeneko gidaliburuaren zuzendaritzaz arduratu da. NUPen aldetik, José Luis Goñi Sein Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedradunak eta Julen Llorens Espada eta Mirentxu Marín Malo irakasleek ere hartu dute parte.
Gidaliburuak laneko arriskuen prebentzioaren arloko eduki juridiko eta teknikoen azalpen zehatza eta eguneratua jasotzen du, goi mailako prestakuntzarako arauzko eskakizunen araberakoa. “Hori dela eta, material didaktiko hau ezinbestekoa da irakasleentzat eta Lan Arriskuen Prebentzioko Masterreko ikasleentzat”, azaldu dute egileek. Gainera, “bere planteamendu nagusiki praktikoak, gaien azalpen teorikoa eskemekin eta ariketekin konbinatzen duenak, erreferentziazko material bihurtzen du prebentzioaren arloko profesionalentzat eta, oro har, laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako ikasketak egiten dituztenentzat”, gaineratu dute.
Estilo erraz eta didaktikoa
Egileek adierazi dutenez, estilo erraza eta didaktikoa da gidaliburuaren ardatz nagusia. “Batez ere, masterretan (bai NUPen, bai Carlos III Unibertsitatean) ematen diren eta laneko arriskuen prebentzioko teknikari profesionalen prestakuntza osatzen duten ezagutzak erakutsi nahi ditugu. Horregatik, irakasleek eskoletan erabili ohi dituzten adibide praktikoak jaso ditugu”, azaldu dute. “Eskuliburuak jarraipena eman nahi dio Leodegario Fernández irakasleak hasitako ildo aitzindariari, zeinak, liburu erraz batean, maisuki azaldu baitzituen laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako alderdi juridiko eta teknikoak”, erantsi dute.
Argitalpenean parte hartu duten gainerako egileak honako hauek dira: Mariano Gallo Fernández, Ana Isabel García Salas, Virtudes Iglesias Martínez, Tania Berlana Llorente, Jesús R. Mercader Uguina, Amanda Moreno Solana, Joaquín Quirós Priego eta Alfredo Robledo Echarren.