NUPEKO IKASLEEK ADMINISTRAZIO ZUZENBIDEA IKASTEN DUTE NAFARROAKO MUSEOAN ERAKUSGAI DAUDEN ARTELANEN BIDEZ

NUPeko Zuzenbideko eta AZLeko Gradu Bikoitzeko hirugarren ikasmailako ikasleak José F. Alenza katedradunak (irudiaren erdian) Nafarroako Museoan emandako Administrazio Zuzenbideko eskolan, Marta Arriola (eskuineko aldean) eta Olaia Nagore (ezkerreko aldean) lagun dituela.

Ekimena José F. Alenza y Aritz Romeoren CUARDA hezkuntza berrikuntzako proiektuaren barnean dago (Kultura, Artea eta Administrazio Zuzenbidea)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleak administrazio zuzenbideko oinarrizko kontzeptuak ikasten ari dira ikasturte honetan kulturaren eta, zehazki, literaturaren, zinemaren eta artelanen bidez kultura ulertuz eta interpretatuz. CUARDA hezkuntza berrikuntzako proiektua da (Kultura, Artea eta Administrazio Zuzenbidea), zeinaren barnean ikasleek eskola bat jaso baitzuten berriki Nafarroako Museoan erakusgai dauden bederatzi piezaren bidez.

Saioa museoarekin berarekin lankidetzan prestatu zen, eta José F. Alenza García katedradunak eman zuen, ekimen honen arduradunetako batek, Aritz Romeo Ruiz irakaslearekin batera. Halaber, Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendariak ere proiektuan esku hartu zuen, eta Marta Arriola eta Olaia Nagore teknikariek ibilbide juridikoa eta bisita gidatua prestatu zituzten.

Arteak eta kulturak, gizarte baten kezka eta arazoen adierazle modura, osagai juridiko bat dute beti. Proiektuak ikasleak gidatuko ditu arteak landutako gaien alderdi juridikoaren aurkikuntzaren bidez eta oinarrizko kontzeptu juridikoak ulertzeko”, azaldu du José F. Alenzak. “Ikasleen pentsamendu kritikoaren hobekuntza eta gure gizartean funtsezkoak diren balio eta printzipioen aurkikuntza ekarriko du. Zuzenbidearekiko pasioa transmititu nahi zaie, bere balioak senti ditzaten, hala nola justizia, berdintasuna, ekitatea, solidaritatea, aniztasuna edo jasangarritasuna”, esan du.

Administrazio Zuzenbideko eskola Nafarroako Museoan

Katedradunak azaldu duenez, eskola baino lehen, aretoetako ibilbide juridiko-administratibo bat prestatu zen Nafarroako Museoko langileekin. Aipatu denez, helburua zen ikasleek egiaztatu ahal izatea, aukeratutako piezen bidez, zuzenbide publikoaren presentzia historian zehar herritarren premiei emandako erantzun gisa.

Hala, ibilbidean zehar, ikasleek ikusi ahal izan zituzten Burdin Aroko ekonomiaren arauketa edo Antzinako Erromako zerbitzu publikoak (ur hornidura, termak) eta azpiegiturak (errepideak). Horma-pintura gotikoak ere ikusi zituzten ikasleek eta Goyak pintatutako San Adriango Markesaren erretratuaren aurrean geldialdia egin zuten, zeinak “administrazio zuzenbide garaikide baten sorrera” erakusten baitu, zehaztu du katedradunak.

Bestalde, Cigaren “Sokadantza” lanari esker ikasleek ikusi ahal izan zuten Administrazio lokalaren lana jaialdien antolaketan eta ohituraren garrantzia zuzenbide lokalean. Bestalde, paisaia pinturak aitzakia izan ziren nabarmentzeko nola zuzenbideak babes berezia ematen ahal dien naturaguneei eta bioaniztasunari. Beste pintura batzuek, hala nola Francis Bartolozziren “Kutsadura”k erakusten dute ingurumen zuzenbideko beste sektorea, airearen, uren eta lurzoruaren kutsaduraren kontrolarena. Azkenik, Elena Assinsen lanak, “Canons 22”, prozedura matematiko eta algoritmoen bidez egindakoak, “aukera ematen du Administrazio Zuzenbidearen erronkak mahai gainean jartzeko herritarren bermeei eustearren Administrazio Publikoak adimen artifiziala erabiltzen duenean”, esan du José F. Alenzak.

Hezkuntza Berrikuntzako proiektuak 2021

CUARDA proiektua Hezkuntza Berrikuntzako Proiektuak 2021 (PINNE 2021) deialdian aukeratuko 24 proiektuetako bat da. 2020-2023 aldirako NUPen Plan Estrategikoan sartutako ekintza horrek helburu argi bat du: Unibertsitateko graduko eta masterreko titulu ofizialen egungo hezkuntza-eredua eraldatzea eta metodologia aktiboetan, teknologian eta zeharkako gaitasunen garapenean oinarritutako eredu bat bultzatzea. Irakaskuntzako Errektoreordetzaren ekimena izan da deialdia, eta NUPeko Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiak (HBGMI) koordinatu du, eskolekin eta fakultateekin lankidetzan.