Helburuak hiru zutabetan oinarrituta diseinatzen dira: ikasleen eskaria, hurbiltasuna (euskara erabiltzen ote den etorkizuneko lanbidean) eta irakaskuntzaren kalitatea
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere Euskarazko Ikasketen 2021-2024 aldiko Plan Gidaria onetsi du, eta graduen arabera helburu espezifiko desberdinak ezartzearen alde egindako apustua da berritasunetako bat. Helburu horiek diseinatzeko, planak hiru zutabe hartzen ditu oinarri: ikasleen eskaria, hurbiltasuna (hots, identifikatzea zein den profesional euskaldunen beharra esparruen arabera) eta irakaskuntzaren kalitatea (hots, ba ote dauden euskaraz irakasteko gaitasun egokia duten irakasleak eta material nahiko eta eguneratuak).
Planean ageri den bezala, helburua da euskarazko eskaintza modu antolatu eta estrategikoan diseinatzea, eskaintza hori baliabide publikoen aldetik jasangarria izatea, eta irakasleen kidego egonkor batek ematea. Dokumentuan, helburuak lau jarduketa-ardatzen inguruan egituratzen dira: irakaskuntza, irakasleak, irakasmaterialak eta prestakuntza. Aldez aurretik euskarak NUPen duen egoerari buruzko diagnostiko bat egin da (dokumentuan jasoa dago hori ere), eta bertan agerian geratu da azken urteetan euskararen presentzia handitu egin dela.
Euskarazko Ikasketen 2021-2024 aldiko Plan Gidaria, Irakaskuntzako Errektoreordetzak prestatua, Unibertsitatearen V. Plan Estrategikoan jasotako ekintza bat da; izan ere, plan estrategiko horren bitartez, NUPek euskararen normalizazioan aurrera egiteko konpromisoa hartu du. Era berean, plan gidaria Nafarroako Gobernua orain prestatzen ari den Euskararen II. Plan Estrategikoarekin lerrokatua dago, zeinean Unibertsitateak ere aktiboki parte hartu baitu.
Gero eta handiagoa den eskariari erantzuten
Plan gidarian ageri den bezala, NUPeko euskarazko kredituen kopuruak etengabe egin du gora, ikasleei ere egokituz, gero eta gehiago baitira euskaraz dakitenak. Hala, 2011n, ikasleen % 22,70ek egin zituzten euskaraz Unibertsitatean Sartzeko Probak, eta, 2020an, berriz, % 26,11k. Halaber, euskaraz “ongi edo oso ongi” mintzatzen diren ikasleen kopurua % 23,55etik % 30,30era igaro da erreferentzia gisa hartutako epe berean.
Bestalde, Unibertsitateak euskaraz eskaintzen dituen kredituen kopuruak ere nabarmen egin du gora, batez ere Europako Unibertsitate Eremua indarrean sartu zenetik (2011). Zehazki, euskaraz eskainitako kredituak 426 gehiago izan dira azken urteetan, hots, ia bi gradu oso. Gainera, nabarmendu beharra dago Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua, bai eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza ere osorik euskaraz eskaintzen direla. Unibertsitateak aurreikusten du gauza bera egitea Gizarte Laneko Graduan ere; izan ere, ikasturte honetatik aurrera, gradu horretako lehen ikasmaila euskaraz egiten ahal da.
Irakaskuntza, irakasleak, irakasmaterialak eta prestakuntza
Dokumentuak zehazten du euskarazko irakaskuntza planifikatzeko orduan kontuan hartu beharreko irizpidetako bat hurbiltasuna dela. Hurbiltasunaren kontzeptuak kontuan hartzen du lan munduko zer esparrutan izaten ahal den garrantzizkoa euskara. Hala, “hurbiltasun handikotzat” jotzen dira jendeari zerbitzua emanez eta, bereziki, sektore publikoan lan eginen duten egresatuen graduak; arlo horietan, izan ere, baliteke euskara nahitaezkoa izatea edo merezimendu gisa balioestea. “Hurbiltasun ertaineko” gradutzat jotzen dira jarduera profesionala jendeari zerbitzua emanez garatzen denean, baina batez ere sektore pribatuan, eta merkatuaren edo enpresaren arabera, euskarak enplegagarritasuna handitzeko aukera ematen duenean. Hirugarrenez, “hurbiltasun txikian” kokatzen dira lan merkatua nazioartera begirakoagoa duten graduak. Testuinguru honetan, planaren helburu nagusia da hurbiltasun handiko eta ertaineko gradu guztiek gutxienez euskarazko 48 kreditu izatea, betiere eskaria nahikoa bada.
Irakasleei dagokienez, hauek dira helburuak: hizkuntza-eskakizuna betetzen dutenen plantilla egonkortzea, euskarazko eskaintza berria sustatzea, eta ikasketa amaierako lanen eta doktoretza-tesien euskarazko zuzendaritza bultzatzea. Irakasmaterialen esparruan, hiru helburu espezifiko bilatzen dira: euskarazko liburu akademikoak argitaratzea, irakasmaterialen euskarazko webgune bat sortzea eta ikus-entzunezko formatuko irakasmaterialak sortzea.
Prestakuntzari dagokionez, hauek dira helburu zehatzak: ikastaro tekniko bat eskaintzea (euskararen erabilera egokia zenbait esparrutan), doakoa unibertsitateko komunitateko kide guztientzat; euskarari buruzko ikastaro profesionalak, esparruka; eta Nafarroako euskarari buruzko aukerako irakasgaia, hasiera batean Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduei zuzendua.