PUNTO DE VISTA JAIALDIAREN HURRENGO EDIZIOKO BI ATZERABEGIRAKOAK MAROKOKO ZINEMARI ETA IBAIETAKO BIZITZARI BURUZKOAK IZANEN DIRA

  • Nork azalduko du historia? Zinema dokumentalaren hastapenak Marokon eta Topaketa ibaian izanen dira Punto de Vista jaialdiaren hamaseigarren edizioko bi atzerabegirakoak.

  • Aurten, argitalpen bat kaleratuko dugu Nork azalduko du historia? Zinema dokumentalaren hastapenak Marokon zikloaren osagarri: Ahmed Bouanani-k idatzitako La Septième Porte. Une histoire du cinéma au Maroc de 1907 à 1986 liburuaren gaztelaniako itzulpena.

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia 2022ko martxoaren 14tik 19ra bitarte izanen da Iruñean, eta hamaseigarren edizio horren baitan izanen diren bi atzerabegirakoen edukia iragarriko du orain. Bi ziklo miszelaneo izanen dira; bata Marokoko zinemaren historiari buruzkoa, eta bestea ibaietako bizitzari eta ibaien inguruan bizi eta lan egiten dutenei buruzkoa, betiere ibai horien alderdi naturala ez ezik, giza alderdia ere –hirigintzari, gizarteari, politikari, ekonomiari dagokienez– aintzat hartuta.

Nork azalduko du historia?: Marokoko zinema dokumentalaren hastapenei buruzko zikloa eta argitalpena

Atzera-begirakoaren barruan, besteak beste, Omar Berradak eta Ali Essafik komisariatutako film hauek ikusi ahal izango ditugu: Ahmed Bouanani-ren Tarfaya ou la marche d’un poète (1966), 6 & 12 (1968) eta Mémoire 14 (1971), , De chair et d’acier (1959); eta Mohamed Afifi-ren Retour à Agadir (1967); edo 60ko hamarkadaren bukaeran grabatutako hainbat film labur, garai hartan ikasle ziren eta gerora Marokoko zinemaren figura garrantzitsu bihurtu diren Mostafa Derkaoui, Hamid Bensaid, Idriss Karim-ek Łódź-eko (Polonia) zinema eskolako egonaldi batean egindakoak.

Topaketa ibaian: jaialdiak komunitatearen bizimoduaren funtsezko elementu bati emanen dio arreta

Bigarren atzerabegirako hau, Miriam Martinek komisariatua, jaialdiko programazio ildo berria izanen da, jarraitzeko asmoz, betiere, eta Nafarroako herritarrengana iristea du xede, dokumentalak, oro har, komunitatean egunerokoak eta gertu-gertukoak diren elementutzat hartzean oinarritutako hausnarketa eraginez.

Sei saio izanen dira zikloaren barruan: Fischfang in der Rhön (an der Sinn) (Ella Bergmann-Michel, 1932), The River (Pare Lorentz, 1938), La canta delle marane (Cecilia Mangini, 1961) edo An-Nil oual hayat (Youssef Chahine, 1964). 

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatzen du NICDO sozietate publikoak.