-
“Metro eta erdi elur baino gehiago ari da erortzen eta palarekin etengabe ari gara kentzen. Hau da neguan Himalaian dagoena. Badakigu borroka gogorra izango dela”, azaldu du alpinistak.
Etengabe ari du elurretan Manaslun. Alex Txikon eta bere taldea pazientziaz daude zain oinarrizko kanpamentuan, ahalik eta elur gehien kentzen saiatuz. Lana moteldu egiten da, eta berriro hasieratik hasi beharko dute eguraldiak horretarako aukera ematen duenean.
“Metro eta erdi elur baino gehiago ari da erortzen eta palarekin etengabe ari gara kentzen. Hau da neguan Himalaian dagoena. Badakigu borroka gogorra izango dela. Baina gogotsu gaude. Igandean hasi zuen elurra, 1. Kanpamentuaren eta 2. Kanpamentuaren artean geundela. Gau hartan bertan jaistea erabaki nuen. Iñaki zain geratu zen eta astelehen goizean jaitsi zen. Ordutik ez du gelditu. Egia da dendak oso ondo ari direla jasaten. Hasieran egin genuen lan guztia fruituak ematen ari da. Beti esan izan dut oinarrizko kanpamentu on bat muntatzea dela gakoa, eta hala dela ikusten ari gara. Ondo lan egin izan ez bagenu, beste egoera batean egongo ginateke”, azaldu du alpinista bizkaitarrak.
Helburua elurra gelditu arte itxarotea da, berriro martxan jartzeko. “Irteerako laukitxora itzuli gara. Elurra botatzeari uzten dionean, elurretan arrastoa zabaltzen hasiko gara, eta berriro banbuekin markatuko dugu igotzeko bidea. Gogorra da berriro hasi behar izatea, baina gogor lan egitera etorri gara. Datozen egunetan aurrera egiten hasi ahal izango garela uste dugu”, amaitu du Txikonek.
You must be logged in to post a comment.