NUPEK DATUEN ZIENTZIAKO ETA BIOTEKNOLOGIAKO GRADU BIKOITZA EMANEN DU 2022-2023 IKASTURTEAN

Arrosadiko campusa

Gainera, iaz baino 81 ikaspostu gehiago izanen dira graduko titulazioetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Datuen Zientziako eta Bioteknologiako Gradu Bikoitza emanen du 2022-2023 ikasturtean, eta 81 ikaspostu gehiago eskainiko ditu graduko titulazioetan –sei gradutan eta lau gradu bikoitzetan banatuak–, erakundearen Gobernu Kontseiluak onetsi duenez. Hala, unibertsitatean sartzeko interesa dutenek NUPen 25 graduen eta 7 gradu bikoitzen artean aukeratzen ahalko dute.

Gradu bikoitz berri horrek 10 ikaslerentzako tokia izanen du, eta bost urte eta erdi beharko dira hura bukatzeko (11 seihileko). Gaur egun datu masiboen analisia eta datu-meatzaritza diziplina horretarako oso tresna erabilgarriak direla jakinik erabaki du Unibertsitateak gradu bikoitz hori ematea, Datuen Zientzien eta Bioteknologiaren arloetako prestakuntza bateratzen baitu.

Inma Farran nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzako errektoreordeak azaldu duenez, “genomikak, sekuentziazio masiboko teknikek, biologia molekularrak eta, oro har, bizitzarekin eta organismo bizidunekin (ekologia, bioteknologia, osasuna, medikuntza pertsonalizatua, etab.) lotutako diziplina askotako ikerketak lotura nabarmena dute datuen analisi eta interpretazioarekin. Beharrezkoa da horiek baliatzea eta erabiltzen jakitea, eraginkorragoak eta efizienteagoak izatearren farmako berrien garapenean, tratamendu genetikoetan edo klima-aldaketaren aurkako borrokan”.

Ikaspostu gehiago

Bestalde, honako hauek dira ikaspostu gehiago izanen dituzten titulazioak: EAZko Gradua (160 ikaspostu izatetik 168 izatera pasatuko da), Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua (110etik 115era), Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduaren nazioarteko programa (40tik 45era), Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua (85etik 91ra), Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua (135etik 148ra), Gizarte Laneko Gradua (110etik 121era), Zuzenbideko Gradua (90etik 98ra), EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza (25etik 30era), EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzaren nazioarteko programa (25etik 27ra) eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza (25etik 33ra).

Gainerako graduen eskaintza aurreko ikasturtekoaren berdina izanen da; beraz, 25 gradu eta 7 gradu bikoitz ikasten ahalko dira 2022-2023 ikasturtean. Orain arte bezala, nazioartekotzearen eta atzerriko hizkuntzak irakastearen aldeko apustua eginen du NUPek. Zehatz-mehatz, nazioarteko 7 programa eskainiko ditu, baita atzerriko hizkuntzetako tituluekin ikasketak osatzeko aukera ere: ingelesekoa (English Learning Programme), frantsesekoa (Programme d’Apprentissage du Français) eta alemanekoa (Program Für DaF).

NUPen webgunean dago eskaintza akademikoari buruzko informazio guztia.