IRUÑEKO UDALAREN SEI LANTEGI ESKOLEK 102 TOKI ESKAINTZEN DITUZTE 30 URTETIK BEHERAKO GAZTE LANGABETUENTZAT

Eskolek 18 hilabete iraunen dute, eta zabalik dago izena emateko epea Nafar Lansareren webgunearen bidez

Iruñeko Udaleko Lantegi Eskolek langabezian dauden 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako prestakuntza-eskaintza aurkeztu dute. Datorren ikasturterako 102 ikaspostu eskainiko dira –17 programa bakoitzeko–, Udalak kudeatzen dituen sei Lantegi Eskolen artean banatuta. Ematen duten prestakuntzaren barruan sartzen dira biltegiratzea, hondakinen kudeaketa eta harri naturalaren lanketa; zur bidezko birgaitze energetikoa; igeltserotzako birgaitze-lanetako eraikuntza jasangarria eta energia eraginkortasuna eraikinen mantentze-lanetan. Soldaketa-lantegiko eskolak ere emanen dira industria metalurgikoan, eta baliabide naturalen kontserbazio eta ustiapena. Lantegi Eskolak sustatzeko eta modalitate bakoitzaren ezaugarriak ikasleei eta familiei ezagutarazteko, Udalak webgune berezi bat sortu du: http://escuelastaller.pamplona.es.

Ekimen honen bidez, lana bilatzen ari diren pertsonen enplegagarritasuna hobetu nahi da, hainbat arlotan prestakuntza eta lanbide-kualifikazioa eskainiz, eta Udalak gaikuntzaren eta gizarteratzearen alde egiten duen apustua da. Ikastaroek 18 hilabeteko iraupena dute, eta prestakuntza teoriko-praktiko gisa pentsatuta daude, eta betiere ordainpekoak dira. Horrela, denbora horretan, ikasleek beka bat jasotzen dute lehenik, egunean bederatzi eurokoa hiru hilabetez, eta, ondoren, hilean 830 euro gordin ingurukoa, 15 hilabetez.

Ikastaroak gaindituz gero, 1. eta/edo 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortuko da, eta beste eremu osagarri batzuetan gaitasunak lortuko dira, Eskolaren prestakuntza-eskaintzaren arabera. Lanbide-kualifikazioaren ekimen horien laneratzea, batez beste, %70 ingurukoa da.

Lantegi Eskolako programa Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza da, Nafar Lansareren bitartez. Udalak bere instalazioak jartzen ditu Landaben eta Arantzadi Prestakuntza Zentroetan eta Maiteminduen pasealekuko 37.ean, eta baita irakasleak eta materialak ere, programaren lehen zatian ikasleei bekak emateaz gain. Trukean, herritar gazteenen prestakuntzari laguntzeaz gain, programaren fase praktikoa erabiltzen du, “Gizarte-ekintza” deitutakoa, hiria hobetzeko.

Informazio gehiago eta izena emateko prozesua

Izena eman nahi dutenek Interneten bidez egin beharko dute, horretarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestatutako webgunean, finantzatutako eskola guztiak dauden espazio digitalean. Eskabideak jaso ondoren, ikaspostuak mugatuta daudenez, hautaketa-prozesu bat eginen da: oinarrizko ezagutzei buruzko idatzizko proba bat, elkarrizketa pertsonal bat eta, espezialitate batzuetan, eskuzko trebetasun proba bat.

Iruñeko Udalak matrikulazio-edizio horretarako berariazko webgunea sortu du dauden Lantegi Eskolak sustatzeko eta etorkizuneko ikasleei eta familiei modalitate bakoitzaren ezaugarriak ezagutarazteko. Orrialdea gaztelaniaz eta euskaraz irakur daiteke, eta Eskola bakoitzari buruzko atal espezifiko bat du. Atal horretan, kokalekua edo ikasle-kopurua bezalako oinarrizko datuez gain, aurreko edizioetako ikasleek egin dituzten jarduerei buruzko ikus-entzunezko materiala dago.

Era berean, ikasleek jasoko duten prestakuntzaren deskribapen zehatza eta aurreko edizioetako ikasleek benetan egindako lanak zehazten dira. Eta amaitzeko, ikasleen testigantzak irakur daitezke, zeinek hitz gutxitan kontatzen baitute zer esanahi izan duen haientzat eskolatik igarotzeak. Iruñeko Udaleko sei Eskolek otsailaren 25ean hasiera emanen diote ikasturteari.

Iruñeko Lantegi Eskoletako prestakuntza-ikastaroak

  • 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat

  • Leku-kopurua: 17

  • Iraupena: 2022ko otsailaren 25etik 2023ko abuztuaren 24ra (18 hilabete)

LANDABEN PRESTAKUNTZA ZENTROA

Biltegiratzea, hondakinen kudeaketa eta harri naturalaren lanketa

Landabengo industrialdea, A kalea, zk.g. Tel.: 948420786/649894237

Prestakuntza orduak: 821 teoria/817 praktikoa

Hautapen-prozesua: oinarrizko ezagutzen idatzizko proba eta elkarrizketa pertsonala

1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

Zur bidezko birgaitze energetikoa

Landabengo industrialdea, A kalea, zk.g. Tel.: 948420786/649894237

Prestakuntza orduak: 616 teoria/1.022 praktikoa

Hautapen-prozesua: oinarrizko ezagutzen idatzizko proba, elkarrizketa pertsonala eta eskuzko trebetasun proba praktikoa

1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

Igeltserotzako birgaitze-lanetako eraikuntza jasangarria

Landabengo industrialdea, A kalea, zk.g. Tel.: 948420786/649894237

Prestakuntza orduak: 836 teoria/802 praktikoa

Hautapen-prozesua: oinarrizko ezagutzen idatzizko proba eta elkarrizketa pertsonala

1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

Energia-eraginkortasuna eraikinen mantentze-lanetan

Landabengo industrialdea, A kalea, zk.g. Tel.: 948420786/649894237

Prestakuntza orduak: 928 teoria/850 praktikoa

Hautapen-prozesua: oinarrizko ezagutzen idatzizko proba, elkarrizketa pertsonala eta eskuzko trebetasun proba praktikoa

1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

MAITEMINDUEN PASEALEKUA

Soldatzeko teknika operatiboak metalurgiaren industrian

Maiteminduen pasealekua 37 Tel.: 948420790/948315434

Prestakuntza orduak: 1.054

Hautapen prozesua: elkarrizketa pertsonala

2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria

ARANTZADI PRESTAKUNTZA ZENTROA

Baliabide naturalen kontserbazioa eta ustiapena: baso autoktonoa, CO2 hustubidea eta lorategiak

Arantzadiko ingurunea, zk. g. Tel.: 948420790

Prestakuntza orduak: 764

Hautapen prozesua: elkarrizketa pertsonala

1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria