ELURRAK MANASLUKO OINARRIZKO KANPAMENTUA ALDI BATERAKO UZTERA BEHARTU DITU ALEX TXIKON ETA BERE TALDEA

  • Taldearen parte bat bi helikopterotan jaitsi zen Katmandura eta beste kide batzuk oinez jaitsi Samagaunera, elur-jausiak izateko arriskua (5. maila Europako eskalan), datozen egunetarako elur gehiagoren iragarpena eta sukalderako keroseno horniduraren falta zirela eta

  • Astebete barru Oinarrizko Kanpamentuan bueltan egotea espero dute; oraindik 40 egun baino gehiago dituzte planetako zortzigarren mendirik altuenaren tontorra neguan gainditzen ahalegintzeko

Alex Txikonek eta bere taldeak Manasluko Oinarrizko Kanpamentua utzi behar izan zuten atzoko azken orduan, azken egunetako elurte handiak direla eta.

Eusten saiatu gara. Oinarrizko Kanpamentuan salbu egoteko egin dugu lan, baina metatutako 3 metro baino gehiagoko elurrak, elur-jausiak izateko arriskuak (Europako eskalan 5. maila) eta datozen egunetarako elur gehiagoren iragarpenak handik aldi baterako irtetera behartu gaitu, gure segurtasuna babesteko”, azaldu du alpinista bizkaitarrak.

Egia da #Manaslu2022ko Oinarrizko Kanpamentuan kontsumitzen den energia elektriko guztia domo nagusiaren inguruan instalatutako eguzki-plaketatik datorrela, baina sukaldeak egunero 30-35 litro keroseno behar ditu elurra urtzeko eta elikagaiak prestatzeko. “Gurekin lan egiten duen touroperadorearekin, Seven Summit Treks-ekin (SST), gutxi gorabeherako kalkulua egin genuen, eta espedizioaren hasieran 1.500 litro eraman beharko genituzkeen gure egonaldi osoko kontsumoa betetzeko, astakeria bat. Hori dela eta, astero-astero hornitzea erabaki genuen, premien arabera, baina dagoen denboralearekin ezinezkoa da, eta, beraz, datozen egunetan erregai barik geratuko ginatekeen, atzo dagoeneko garrafa bat baino ez zitzaigulako geratzen…”, adierazi du Txikonek.

Taldeak Oinarrizko Kanpamentuaren % 60 desmuntatu zuen atzo elur-jausiak jasateko arriskua zela eta. Batzuk bi helikopterotan jaitsi ziren Katmandura eta beste batzuk oinez Samagaunera. Txikonek azaldu duenez, denboralea desagertu, elurra finkatu eta mendiak berak azken bi asteotan botatako elur kopuru handiaren parte bat xurgatu arte itxarotea da asmoa.

Astebete barru Oinarrizko Kanpamentuan bueltan egotea espero dugu. Oraindik 40 egun baino gehiago ditugu neguan Manaslu gainditzeko gure erronka betetzeko”. Bien bitartean, Txikon eta bere taldea erlojuaren kontra ari dira lanean Katmandun, planetako zortzigarren mendirik altuenaren gailurrera heltzen berriro ahalegintzeko Oinarrizko Kanpamentura eramango dituzten material kargak (banbuak, soka, janaria prestatzeko sukaldeak…) prestatzen.

Gogorarazi behar da taldeak 1. Kanpamentutik itzuliz eman ziola amaiera 2021. urteari, zenbait elur egun iragarrita zeudelako ¬–eta iragarpenak bete ziren–. Duela 6 egun berriro saiatu ziren, baina elurrak berriro ere taldearen planak izorratu zituen, eta 2. kanpamentura iritsi ezinik, Oinarrizko Kanpamentura itzuli behar izan zuten berriro.

Altuera galtzeak, gainera, gorputza oxigenatzeko aukera emango dio taldeari. “Mendia zeureganatzeko lan egin behar duzu, errespetatu egin behar da, eta azken egunetan hainbeste elur erori denez, Oinarrizko Kanpamentuan jarraitzea gehiegi arriskatzea zen. Beraz, atseden hartzeko aprobetxatuko dugu eta indar osoz itzuliko gara berriro saiatzera. Egun batzuk besterik ez dira, ez dugu lortu dugun aklimatazioa galduko. Itzuli bezain laster, mendiak horretarako aukera ematen badu, lanean hasiko gara”, esan du Txikonek.