GAMIFIKAZIOA OSPITALERATUTAKO ADINEKO PERTSONEN NARRIATZE FUNTZIONALAREN PREBENTZIORAKO, NUPEN IRAKURRITAKO TESI BATEAN AZTERGAI

César Cuevas Lara, NUPen.

César Cuevas Lara Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko terapeuta okupazionala da ikerketaren egilea

Gamifikazioa estrategia berritzaile eta eraginkor gisa ospitaleratutako adineko pertsonen narriatze funtzionalaren prebentziorako, horra César Cuevas Lara Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko terapeuta okupazionalak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki irakurritako tesi baten aztergaia. Ikerketa lanak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen, eta honako hauek izan ziren ikerketa lanaren zuzendariak: Nicolás Martínez Velilla, Navarrabiomed ikerketa zentroko (NUPen eta Nafarroako Gobernuaren arteko zentro mistoa) Geriatria Unitateko ikertzaile nagusia eta Mikel López Sáez de Asteasu, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea. Tesia nazioarteko aldizkaritan argitaratutako argitalpen zientifikoen laburpen modalitatean garatu da (osotara hiru).

Ikerketaren egileak azaltzen duenez, adineko pertsonen ospitaleratze luzeek bat-bateko desgaitasunen bat garatzea ekartzen ahal dute ariketa fisikoa ez egiteagatik. Fenomeno hori “gero eta sarriago gertatzen da eta kasu gehienetan aurrea hartzen ahal zaio”. Testuinguru horretan, esan duenez, ikerketaren emaitzek erakusten dute teknologian oinarritutako gamifikazio programa batek “onura esanguratsuak dakartzala funtzio fisiko eta muskularrean eta badirudi adineko pertsonen ospitaleratze akutuarekin lotu ohi den narriatze funtzionala lehengoratzen duela”. César Cuevasek azaldu du teknika horiek ohiko praktika klinikoari laguntzen dioten tratamendutzat hartu beharko liratekeela eta aldi berean terapeuta okupazionalaren figura aldarrikatzen du akutuen unitate geriatrikoetan osasun arloko beharrezko profesional gisa.

Gamifikazioaren erabilera paradigma aldaketa baterako

Honako hau da gamifikazioaren definizioa: jokoaren elementuak erabiltzea hari arrotzak zaizkion testuinguruetan, erabiltzailearen jokabidea aldatzeko, kasu honetan, ospitaleratutako adineko pertsonen sedentarismoa. Zehazki, doktoretza-tesian jasotakoak Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Geriatria Unitateko korridorean zehar gamifikatutako ibilbide batzuk egitea zuen oinarri, Nafarroako kulturan oinarritutako jarduera fisiko eta kognitiboekin, bai eta “Health Arcade” prototipoaren garapena ere, OUIPlay enpresaren gidaritzapean, zeinean Navarrabiomedeko Geriatria Unitateak parte hartzen baitu.

Bere doktoretza-tesiaren bidez, adineko gaixoen ospitaleratzean paradigma aldaketa bultzatu nahi du egileak, beren beharretara bideratutako diziplina anitzeko arreta eredu integratuak ezarriz, Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntza humanizatzeko helburuarekin. Horretaz gainera, ikertzaileak azaldu duenez, teknika horiek lagungarri lirateke “populazio segmentu horretara bideratutako osasun zerbitzuen antolaketa, efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko”.

Hiru ikerketa zientifiko jaso dira argitalpen banatan

Aipatu denez, nazioarteko aldizkari banatan argitaratutako hiru ikerketa zientifiko biltzen ditu tesiak “Biomekanika, Biologia Molekularra eta Giza Mugimenduaren Fisiologia” ikerketa-lerroaren barnean. Zehazki, honako hauek dira ikerketa horiek jasotzen dituzten argitalpenak: “Journal of the American Medical Directors Association”, “International Journal of Environmental Research and Public Health” eta “Age and Ageing”.

Argitaratutako lehenengo ikerketan, helburua zen jokoan oinarritutako esku-hartzeek osasun parametroetan (besteak beste, gaitasun funtzionalean edo bizi kalitatean) zuten eraginkortasunari buruz dagoen ebidentzia ebaluatzea. Bigarren ikerketan, xedea zen gamifikazio teknologietan oinarritutako arlo anitzeko esku-hartzearen (entrenamendu fisiko eta kognitiboa) sistema pilotu bat baliozkotzea ospitaleratutako adinekoen gaitasun funtzionala hobetzeko.

Azken ikerketan, aztertu zen esku hartzeko programa gamifikatuen modalitate diferenteek Akutuen Unitate Geriatriko batean ospitaleratutako adineko pertsonen gaitasun funtzionalean duten eragina. Ikerketa honen emaitzek erakutsi zuten ohiko arretarekin batera erabilitako programa horiek onura esanguratsuak ekarri zituztela funtzio fisiko eta muskularrean eta badirudi adineko pertsonen ospitaleratze akutuarekin lotu ohi den narriatze funtzionala lehengoratzen zutela.

César Cuevas Lararen CV laburra

César Cuevas Larak Terapia Okupazionaleko Gradua egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean (2015) eta Osasun Laguntza eta Ikerketako Masterra da A Coruñako Unibertsitatean (2016).

Azken urteetan ikerketako teknikari gisa lan egin du Navarrabiomedeko Geriatria Unitatean – IdiSNA, POCTEFA “Adineko pertsonen mendekotasunaren Pirinioz haraindiko prebentziorako jardutea” (APTITUDE) mugaz haraindiko proiektua koordinatzen. Horretaz gainera, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko gamifikazio proiektuak diseinatzen eta ezartzen lagundu du. Egun, terapeuta okupazional gisa lan egiten du Osasunbidean.