NUP-EKO ZABALPENEKO IKASTAROAK

NUP

NUPeko komunitateak zabalpeneko ikastaroak proposatzen ahal ditu dagoeneko udaberriko seihilekorako

Epea urtarrilaren 31 arte egonen da zabalik, eta planteatutako gaiak 2030 Agendako GJHekin bat ote datozen eta gaurkotasunekoak ote diren hartuko da aintzat

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) komunitateko kideek, hots, bere ikasleek, irakasle eta ikertzailek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek (AZL), urtarrilaren 31 arte izanen dute epea 2021-2022 ikasturteko udaberriko seihilekorako zabalpeneko ikastaroak proposatzeko.

Nobedade gisara, kontuan hartuko da ikastaroak Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat ote datozen, baita landutako gaiak gaurkotasunekoak ote diren eta programa kalitatezkoa ote den ere. Ikastaroak martxoaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte egiten ahalko dira.

Ezagutza zabaltzera bideratutako prestakuntza-proposamenak aurkezten ahal dira deialdi honetan, eta jende guztiari nahiz lanbide jakin bateko kideei egoten ahalko dira zuzenduak. Deialdiaren oinarriak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko, eta informazio gehiago eskatzen ahal da helbide elektroniko honetan: actividades.culturales@unavarra.es.

Lehen seihilekoan egindako ikastaroak

Ikasturte honetako lehen seihilekoko deialdian egindako ikastaroak askotariko gaiei buruzkoak izan ziren: Errege Bardeako ondarea, gizakia eta kosmosa, terrorismoaren biktimen memoria, Espainiako krisi politikoa eta biologia sintetikoa.

Unibertsitate-zabalpeneko ikastaroak gizarte osoan jakintza zabaltzeko jarduerak dira, edonork egiteko modukoak. Trebakuntza osagarria emateko balio dute, eta, horrela, ikasleek gai jakin batzuetan sakontzen dute ohiko lan akademikotik kanpo, eta ECTS kredituak lortzen dituzte. Lehen nahiz bigarren seihilekoan edo udan egiten dira.