AUZO-LOTSA 19 ETXEBIZITZAREN GORABEHERAK

Laurogeiko hamarkadaren erdialde pasatxoan ginen, eta, ordurako, Nafarroan bazegoen foru lege bat, etxebizitzen oztopo arkitektonikoak erregulatzen zituena. Garai hartan, arkitektoa zen lehengusu batek, jakinarazi zidan, Iturramako leku jakin batean, babes ofizialeko etxebizitzak egin behar zituztela eta orduan izena ematera animatu nintzen.

Foru lege hura zela eta, pertsona elbarriren batek eskatzen bazuen etxebizitza bat multzo hartan, etxe eraikitzailea behartuta zegoen, bizitegi bat gutxienez, elbarrientzat egokituta egiteko.

Oker ez banago, garai hartako etxegilea San Martin enpresa eraikitzailea izan zen. Ni oso ilusionatuta nengoen. Gainera, lehengusuak oso garaiz informatu ninduenez, pentsatzen nuen aukera ona izanen nuela, nik hautatutako etxebizitza eskatzeko, hau da, solairua, orientazioa eta abar. Baina, ez, San Martin etxegileak jakinarazi zidan, beraiek etxebizitza jakin bat esleitu zutela afera harentzat eta nik ez nuela hautatzerik. Are eta gehiago oraindik, handik egun gutxira, ni presionatzeko-edo, esan zidan beste pertsona bat ere interesatuta zegoela eta hamabost eguneko epea ematen zidala nik azken hitza esateko, alegia, ea etxebizitza hartzen nuen ala ez.

Bizitetxe hura aztertzen hasita, zera ikus zitekeen, hots, lehenengo solairuan zegoela, beraz, ikuspen gutxiago zeukan, eta, ipar-mendebalderantz zegoen orientatuta, hau da, ilunagoa, hotzagoa, hezeagoa eta bat eta beste; hitz gutxitan esanda, elbarrientzat okerrena, eta garestiagoa, guk bero handiagoa behar dugulako. Baina, hura omen zen elbarrientzat bideratuta zegoen etxebizitza bakarra eta ez omen zegoen beste deus egiterik, hau da, baldintza haiekin onartu ala utzi. Gainera, barruko terrazara ez nuen ateratzerik, atean bertan porlanezko maila handi bat jarri zutelako, eta, zergatik?, ba, etxeko estatutuen arabera, barruko terraza hura erabilpen publikokoa zelako, horrek esan nahi du, atari hartako, solairu guztietako pertsonek eskubidea zutela barneko terraza hura erabiltzeko, nahiz eta gero eskubide hura aurrera ez eraman, baina, hala eta guztiz ere, ordea, lehenengo etxebizitzan bizi diren pertsonek garbitu eta jaso behar dituzte goitik erortzen diren gauza guztiak: zigarro muturrak, arropak, plastikoak, obra-hondakinak, zaborrak…

Azkenean, presio haren aurrean, eta, ziurgabetasun guztiaren erdian, onartu beste erremediorik ez nuen izan, alegia, ipar-mendebaldera ematen zuen lehendabiziko solairuko bizilekua hartu behar izan nuen, badaezpada ere, bere ondorio kaxkar guztiekin.

Beste pertsona elbarri bati ere interesatzen ote zitzaion etxebizitza hura? Auskalo! Nik ez dut inoiz horren berririk izan; segur aski, ez, baina nik ez nuen hainbeste arriskatu nahi.

Kontua zera da, jakinarazi ziguten arabera, etxebizitza hura izan omen zen, Iruñean elbarrientzat egin zuten lehenengo bizitoki egokitua; aitzakia hura atera ziguten, besterik ez bada ere. Nik ez dakit egia izanen zen ala ez, baina, gertatu, behinik behin, halaxe gertatu zen.

Hori guztia, 1986 urte inguruan jazo zen, baina, hala eta guztiz ere, badago beste xehetasun txiki bat gehiago oraindik, azaldu beharrekoa dena, hau da, nire logela egin behar zuten modu berean egin izan balute, kalea ezin izanen nuen ikusi urrutikoa baino, gurpil aulkian eserita egonda, leihoa garai samar gelditzen zitzaidalako. Mota horretako arazoa aurreikusita, etxegileari leiho hura -eta hura bakarrik- pixkatxo bat jaisteko eskatu genion, hurbilagoko gauzak eta pertsonak ere ikusi ahal izan nitzan, baina, ez!, etxegileak ezinezkoa zela esan zigun, udalak ez zuela uzten, estetikarengatik. Orduan, nire logelako zorua hamar zentimetroz igotzea iradoki genion, leihoan barna gehiago ikusi ahal izateko. Hura, bai, proposamen hura, azkenean, onartu ziguten, baina gainkostua nik neronek ordainduz gero, jakina!

Argi dago San Martin enpresa eraikitzaileko nagusiak ez zeudela prest deus oparitzeko, baina, ordainetan, eta, urte mordoxka bat pasatu bada ere, hementxe dute nire mendeku txikitxo hau.