NUPEKO SEI IKASLEK ZENBAIT SARI LORTU DITUZTE “BERRIKUNTZARAKO 24 ORDU” LEHIAKETAN, BIDARTEN

Diego Chocarro, sariketan lortutako trofeoarekin

Ekitaldian taldeak osatu eta zenbait enpresak jarritako erronka batzuentzako konponbideak proposatu behar izan zituzten

Nafarroako Unibertsitate Publikoko sei ikaslek zenbait sari lortu zituzten “Berrikuntzarako 24 ordu” izeneko lehiaketan, Bidarten. Sariketa horretan 500 lagunek hartu zuten parte, tartean irakasleak eta enpresetako, GKEetako eta unibertsitateetako ordezkariak, zenbait enpresak eta laborategik jarritako erronkei 24 orduko epean konponbide berritzaileak emateko eta aurkezteko helburuz.

Zehazki, demostrazio onenaren saria “Irrifield” proiektuarentzat izan zen, Diego Chocarro Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterreko ikaslea partaide izan duenarentzat; Konponbide Jasangarrienaren Saria “Low tech” taldearentzat izan zen, parte-hartzaileen artean Mikel Fernández eta Hugo Pichón Ingeniaritza Biomedikoko ikasleak dituenarentzat; eta Aerospace Valley enpresak babestutako saria Beatriz Dallo, Rubén Garayoa eta Sergio Urrutia Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleak kide zituen taldearentzat izan zen, zeinak, sariari esker, Bordelen ospatuko den eskualdeko finalerako sailkatu baitira.

Lehiaketa Bidarteko ESTIA Ingeniari Eskolan egin zen (École Supérieure des Technologies Industrielles Avancées), abenduaren 9an eta 10ean. Jarritako erronkak ezagutu ondoren, parte-hartzaileek zein erronkatan lan egin aukeratu eta asko jota 8 lagunez osatutako taldeak sortu behar zituzten beste ikasle batzuekin batera. Ondoren, gehienez ere 3 minutuan, beren proiektuak azaldu eta defendatu behar zituzten epaimahaiaren aurrean. Osotara 10 sari eman ziren.

Berrikuntzarako 24 orduak 2007. urteaz geroztik ospatzen dira. Urte hauetan guztietan, 70 edizio egin dira osotara 4 kontinentetan, eta 1.000 proiektu garatu dira. Guztira, 25.000 parte-hartzailek, 320 enpresa eta laborategik eta 300 eskola eta unibertsitatek hartu dute parte.



Urarekin lotutako proiektuak

Diego Chocarro Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterreko ikasleak “Irrifield” proiektua aurkeztu zuen (ureztaketaren optimizazioa) bertzaldeko ikasle batzuekin batera, eta demostrazio onenaren saria lortu zuten —ANRT Ikerketaren eta Teknologiaren Elkarte Nazionalak babestua—. Dauden ureztatze sistema guztiekin bateragarria den eta, ur kontsumoa optimizatzearren, laborariei ur ustiapena aztertzeko, aurreikusteko eta hari buruzko aholkuak emateko aukera emanen duen “kit low-tech” bat garatzea zen bere proiektuaren xedea. “Hau da —azaldu du—, aplikazio edo plataforma bat egin edo proposatu behar genuen enpresa horrek ureztatzeko behar izaten duen ur kontsumoa optimizatzeko, bere ureztatze sistema aldatu beharrik gabe”.

Modulu diferenteak sortzea izan zen Diegok taldeari egindako proposamena: lurperatutako moduluak hezetasuna neurtzeko eta ura zein eremutan pilatzen ari den kontrolatzeko, pibote bidezko ureztaketaren mugimendua zainduko duten moduluak eta modulu nagusiekin konektatutako beste modulu batzuk. Horretaz gainera, kameradun droneak erabiltzea proposatu zuten topografia aztertzeko eta zehaztasun handiagoz jakiteko zein eremutan pilatu zitekeen ura.

Bestalde, Mikel Fernándezek eta Hugo Pichónek “L’eau techool” proiektuan hartu zuten parte, industrian ura hozteko sistema berri bati buruzkoan, eta konponbide bat proposatu zuten prozesua sistema konbentzionalak bezain garestia izan ez zedin eta haiek baino energia gutxiago kontsumitu zezan.



Bordelerako sailkatuak

Beatriz Dallo, Rubén Garayoa eta Sergio Urrutia NUPeko Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek Álvaro Beristain eta Agus Lombana Mondragon Unibertsitateko ikasleekin batera, saria lortu zuten Aerospace Valley enpresak egindako lehiaketa paraleloan, “We are on the air” proiektuarengatik, eta otsailaren 11n Bordelen eginen den eskualdeko finalean parte hartzeko sailkatu ziren. Gainera, coaching ikastaro bat jasoko dute negozio plana prestatzeko, eta beste bat ingurumenarekiko arduratsua den aireko mugikortasun arinari buruzko proiektua baten garapen teknologikorako.

Enpresak planteatutako erronka frantses estatuan gaur egun aisialdirako edo ikaskuntzarako erabiltzen diren aerodromoak gaitzeko eta garraio modalitate ekologiko bat lortzeko proposamenak egitea zen, hirien arteko lotura zuzenagoa lortu eta bidaien denbora eta ingurumenean duten eragina murriztearren.

NUPeko taldearen proiektuak aerodromoak modu jasangarrian eraberritzea proposatzen du, hornidura energia berriztagarrien bidezkoa izan dadin, elektrizitatea eguzki panelen bitartez eta hidrogenotik abiatuta eskuratzeko. Sistema horren bidez, posible izanen da elektrizitatean eta hidrogenoan oinarritutako hegazkin jasangarriak kargatzea (Aerospace Valleyk emandakoak), bidaiariak garraiatzeko ibilgailu eta autobus elektrikoak kargatzea, hidrogenoa ekoiztea (hidrolisi bidez) eta aerodromoko instalazioak kargatzea (argia, aire girotua eta abar).

Gainera —azaldu du Beatriz Dallok—, hegazkinen balaztatze energia elektrizitate moduan berreskuratuko dugu, baita, horrela, aerodromoaren izaera jasangarria indartu ere”.

Era berean, aerodromoetan jatetxe zerbitzuak eta hiri hurbilen arteko konexio jasangarria ezartzea proposatu dute, baita partikularrek eskainitako banakako txartelen erosketan oinarritutako negozio plan bat ere, Bla Bla Car, Uber eta gisa horretako negozio ereduetan oinarritua, errentagarritasuna ateratzeko eta garraio jasangarria sustatzeko.


Ezkerretik eskuinera: Sergio Urrutia, Rubén Garayoa eta Beatriz Dallo, Aerospace Valleyk emandako sariaren irabazleak