ESNEA EKOIZTEKO IKERKETA

Abiesnea proiektuaren jardunaldiko parte-hartzaileek A2 esnez egindako jogurta dastatu zuten Etxeberri-Arakilgo Esne Behien Interpretazio Zentroan.

Esne-proteinekiko intolerantzia duten pertsonentzat egokia den esnea ekoizteko ikerketa batean parte hartzen ari da NUP

Nafarroako Gobernuak eta FEDER funtsek finantzatu dute, eta Albaikide S.A. eta S.A.T. Etxeberri (Lacturale) enpresekin batera gauzatu da

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Nekazaritzako Elikagaien Katearen Berrikuntzarako eta Jasangarritasunerako Ikerketa Institutuaren bitartez (IS-FOOD) eta Albaikide S.A. (albaitaritzako zerbitzuak) eta S.A.T. Etxeberri (Lacturale) enpresekin batera, Abiesnea ikerketa-proiektuan parte hartzen ari da, zeinaren helburua esne-proteinekiko intolerantzia duten pertsonentzako esne bereizia ekoitziko duen behi talde bat eratzea baita.

Proiektua Nafarroako Foru Komunitateko 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren “Proiektu pilotuetarako eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzeko laguntza” izeneko deialdiaren barnean dago kokatua, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak (LGP 2014-2020) eta Europar Batasuneko FEDER funtsek finantzatu dute.

A2 esnea, intolerantziaren bat dutenentzat egokia

Proiektu horren esparruan, SAT Etxeberri baserrian “A2” izeneko esne mota jakin bat ekoizteko behi talde bat eratzea lortu da. Leopoldo Alfonso Ruiz, Olaia Urrutia Vera eta José Antonio Mendizabal irakasleek azaldu dutenez, “esne horrek -kaseina proteinaren A2 aldaera besterik ez du, eta horrek, teorian, ohiko esneak baino gehiago laguntzen dio digestioari; izan ere, azken horrek -kaseinaren A1 aldaera ere badu, esnearekiko zenbait intolerantziaren eragiletzat jotzen dena”.

Horrela, “ikerketa honen emaitza gisara, behi-esne mota berri bat sortu dugu, kontsumitzaileek digestio hobea egiteko moduko propietateak dituena. Berariaz adierazi dugu egokia dela proteina horrekiko intolerantziaren bat dutenentzat, eta, era berean, ekoizpen-alternatiba berri bat ematen die esnetarako behi-azienda duten abeltzainei”, adierazi dute irakasleek.

Proiektuaren harira, esne horrekin egindako jogurt baten dastaketa egin zen berriki Etxeberri-Arakilgo Esne Behien Interpretazio Zentroan.