Punto de Vista jaialdiak bere Sail ofiziala osatuko duten
21 filmak iragarri ditu
Martxoaren 14tik 19ra Iruñean egingo den jaialdiaren hamaseigarren edizioan aurkeztuko dira 21 film horiek, 17 herrialdetatik etorriak. Jasotako 800 film baino gehiagoren artean egin da hautaketa, eta hamahiru film luze eta zortzi film labur biltzen ditu.
Punto de Vista jaialdiak -Nafarroako Gobernuak sustatua eta NICDO sozietate publikoak antolatua- bere hamaseigarren edizioa aurkeztu du gaur, Iruñean egingo dena, martxoaren 14tik 19ra. Topaketan, programazioan gehien espero den sailetako bat iragarri da: Sail ofiziala. 21 film aurkeztuko dira guztira, 17 nazionalitatetakoak, jaialdiaren proposamen nabarmen eta konprometitu honetan.
Sail ofiziala osatuko duten hamar programak lehiaz kanpoko hiru filmekin osatuko dira aurten. Kazuo Hara japoniar zinegile beteranoaren Minamata Mandala filmaren estreinaldia Espainian, eta jaialdiaren inaugurazioan eta amaieran proiektatuko diren filma hauek: Los caballos mueren al amanecer, Ione Atenea zinemagile nafarrarena, eta Charm Circle, Nira Burstein zuzendari estatubatuarrarena, hurrenez hurren.
Izena emandako 800 filmen artean aukeratu dira filmak, eta mundu osoko herrialdeetatik datoz, hala nola Japonia, Frantzia, Estatu Batuak, Espainia, Afganistan, Italia, Argentina, Bosnia, Txina, Irlanda, Filipinak eta Kamerun, besteak beste. Hamabi zinemagile emakumek eta hamar gizonek zuzentzen dituzte.
Manuel Asín jaialdiko zuzendari artistikoak, eta Lucía Salasek, Miguel Zozayak, Lur Olaizolak eta Pablo García Cangak osatutako programazio batzordeak hartu dute parte filmak aukeratzeko prozesuan.
Punto de Vista jaialdiko Sail ofizialeko filmak 2022:
1. 918 GAU, Arantza Santesteban. Espainia. 65’.
2. Baleh-Baleh, Pascale Bodet. Frantzia. 51’. Estreinaldia Espainian.
3. Charm Circle, Nira Burstein. Estatu Batuak. 78’. Estreinaldia Espainian. Lehiaz kanpo. Amaierako saioa.
4. Evangelio mayor, Javier Codesal. Espainia. 138’. Munduko estreinaldia.
5. Guerra, Marta Ramos eta José Oliveira. Portugal. 104’. Estreinaldia Espainian.
6. Les prières de Delphine, Rosine Mbakam. Kamerun, Belgika. 91’.
7. Los caballos mueren al amanecer, Ione Atenea. Espainia. 81’. Munduko estreinaldia. Lehiaz kanpo. Inaugurazioko saioa.
8. Mille cipressi, Luca Ferri. Italia. 13’. Estreinaldia Espainian.
9. Minamata Mandala, Kazuo Hara. Japonia. 372’. Estreinaldia Espainian. Lehiaz kanpo.
10. Narciso, Julio Fermepin. Argentina. 29’. Estreinaldia Espainian.
11. Nenad, Mladen Bundalo. Bosnia, Belgika. 22’. Estreinaldia Espainian.
12. No hay regreso a casa, Yaela Gottlieb. Peru. 71’. Estreinaldia Europan.
13. Podul de Piatrâ / Pont de Pedra, Artur-Pol Camprubí. Espainia. 18’.
14. Saturn and Beyond, Declan Clarke. Irlanda. 60’. Estreinaldia Espainian.
15. Self-Portrait: Fairy Tale in 47KM, Mengqi Zhang. Txina. 109’. Estreinaldia Espainian.
16. Soy libre, Laure Portier. Frantzia. 78’. Estreinaldia Espainian.
17. Film balkonowy, Pawel Lozinski. Polonia. 100’. Estreinaldia Espainian.
18. The Capacity for Adequate Anger, Vika Kirchenbauer. Alemania. 15’. Estreinaldia Espainian.
19. To Pick a Flower, Shireen Seno. Filipinak. 16’. Estreinaldia Espainian.
20. Transparent, I am, Yuri Muraoka. Japonia. 12’. Estreinaldia Espainian.
21. untitled part 9: this time, Jayce Salloum. Afganistan, Kanada. 6’. Estreinaldia Espainian.
Jaialdia osatuko duten zazpi sailak
Punto de Vista jaialdiak, oro har, azken edizioetako ohiko programazio egiturari eutsiko dio, baina berrikuntza batzuk ekarriko ditu. Hala, zazpi sail handitan antolatuko da, eta haien edukiak iragartzen joango dira jaialdia egin arte. Sail ezagunak ditugu horien artean: Sail ofiziala, Atzera begirakoak, Foku garaikideak, X Films proiektua edo Hezkuntza programa. Horiei bi sail berri gehituko zaizkie, zuzendari artistiko berriaren eta jaialdiko programazio batzordearen lanaren emaitza. Bata da Lan, sorkuntza eta ekoizpen prozesuen inguruko jarduera publiko batzuk proposatuko dituena, eta bestea Gainezkatzeak, zinema dokumentala beste praktika artistiko eta gogoeta praktika batzuekin harremanetan jarriko duena.
Punto de Vistaren edizio berri honek, bai sail paraleloetan bai Sail ofizialean, ahalik eta ikuspegi zabalena eta biltzaileena izan nahi du, eta arreta berezia eskainiko dio tokiko komunitatearen testuinguruari.
Punto de Vistaren irudia 2022an: Estereoskopia
Bestalde, jaialdiaren aurtengo irudia aurkeztu da gaur, Franziska estudioarekin egina, “Estereoskopia” izenekoa.
Edizio honen irudiak Orreagako ubide batetik edaten du, Ezka errekatik eta Arga ibaiaren uretatik. Tokiko gaia, naturala, eraldatzailea, jaialdian atzera begirako gisa islatzen dena, eta ikusizko baliabide lentikular baten bidez modu grafikoan lehorreratzen dena: irudi sekuentzialak, zerrendatan banatuak, eta nolabaiteko mugimendu efektua sortuz elkarri lotzen zaizkienak; bi plano batean. Diseinurako hiru estereoskopia pare erabili dira, Nafarroako Artxiboak lagatakoak.
Laguntzaileak
Punto de Vistak bere harremana sendotzen jarraitzen du kultur industriako erakundeekin eta eragileekin, nazio eta nazioarte mailan. Aurreko edizioetako ohiko laguntzeei, hala nola ICAA, Acción Cultural Española, Uharte Zentroa, Iruñeko Udala Civivox Sarearen bidez, Caja Navarra Fundazioa, Nafarroako Filmoteka, Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, NAPAR eta Nafarroako Ikus-entzunezko Klusterra edo Elías Querejeta Zine Eskola, beste bidelagun batzuk elkartu zaizkie, hala nola Golem, Reina Sofía Arte Zentro Nazionala, Afrikako Zinemaldia – FCAT, Marokoko Zentro Zinematografikoa, Liburutegi Zerbitzua edo Festival Scope plataforma. Gainera, pandemiaren ondorioz sortutako elkarte batzuetan (Federazio Pantaila, La Mesta edo Red Ibero Fest) parte hartze aktiboa izaten jarraituko da.
Gazteriaren epaimahaia
Punto de Vistaren nortasunaren ezaugarrietako bat da gazteen aldeko apustu etengabea, jaialdiaren funtsezko zutabe gisa. Kolektibo horri zuzendutako jardueren artean dago Gazteriaren epaimahaia sortzea. Epaimahai horrek urtero ematen dio Gazteriaren Saria Film Onenari, Sail ofiziala osatzen duten guztien artean. Interesa duten 18 eta 25 urte bitarteko pertsona guztiek eman dezakete izena webgunean, otsailaren 21era arte.
Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du.