ALEX TXIKON

ALEX TXIKON ETA BERE TALDEA OINARRIZKO KANPAMENTURA ITZULI DIRA IGOERA SAIAKERAREKIN JARRAITZEKO

  • Hiru astez elurra tarteka egin ondoren, badirudi eguraldiak etena eman digula eta azkenean oinarrizko kanpamentura igotzeko aukera izan dugu. Orain dena berriro antolatu behar dugu”, azaldu du alpinista bizkaitarrak

  • Hori egin ondoren, igoerako ibilbidearen egungo egoera egiaztatuko dute eta jarraitu daitezkeen hainbat estrategia baloratuko dituzte

Alex Txikon buru duen espedizioa oinarrizko kanpamentuan da berriro. #Manaslu2022 aurrera doa. Duela hiru aste eguraldi txarra eta elur-jausiak izateko arrisku handia zirela eta Samagaunera jaitsi ondoren, taldea mendira igo da berriro; guztiek dute altuera irabazten hasteko gogo handia. Egia da elur asko bota duela, baina saiatuko dira. Horretarako, datozen egunetan igoerako ibilbidearen baldintzak ebaluatu, arriskuak baloratu eta estrategiarik egokiena aukeratu beharko dute.

Hiru astez elurra tarteka egin ondoren, azkenean hemen goian gaude berriro. Elur asko dago, baina badirudi eguraldiak arnasaldia eman digula eta elurra finkatzen has daitekeela. Hori da behar duguna. Jausi den elur guztia egonkortzea eta pixkanaka altuera irabazten joatea”, azaldu du alpinista bizkaitarrak.

Datozen egunetan mendian joan-etorri txikiak egingo dituzte egoera zelan dagoen ikusteko, lortutako datuak prozesatuko dituzte eta jarraitu beharreko estrategia baloratuko dute. “Garrantzitsuena taldearen segurtasuna da. Horretan oso zorrotzak gara. Ez dugu arriskurik hartuko. Manaslu neguan igotzera etorri gara, asmo handiko helburua da eta arriskuak dakartza, baina funtsezkoa da taldea seguru egotea. Garrantzitsuena etxera onik itzultzea da, eta horretan ez dago bainarik”, adierazi du Txikonek.

Igotzen hasi aurretik, oinarrizko kanpamentua ahalik eta ondoen egokitu beharko dute. “Elur-jausiek nahiko jota utzi dute kanpamentua. Denda batzuk elurpean daude eta dena berriro antolatu behar dugu. Erabaki ona hartu genuen duela hiru aste jaistea erabaki genuenean. Hemen geratu izan bagina, arrisku larrian egongo ginatekeen. Beti esaten dut kanpamentu on bat izatea dela arrakastaren gakoetako bat, eta horretan erabiliko ditugu indarrak datozen egunetan. Dena prest uzten dugunean, pixkanaka igotzen hasiko gara. Gogotsu gaude. Orain eguraldia lagun izatea eta egun batzuetako arnasaldia ematea besterik ez da falta”, esan du euskal alpinistak amaitzeko.