María Azcona Sangüesa NUPeko ikasleak hirugarren saria lortu du Ikertzaile Gazteen XXXIII. Kongresuan
Tuterako Valle del Ebro Institutuan Batxilergoan egindako ikerlanagatik eman diote saria
María Azcona Sangüesak hirugarren saria lortu du Ikertzaile Gazteen XXXIII. Kongresuan, zeina Molinan egin baita (Málagan) 2021ean. Orain, María Azcona Sangüesa EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza ari da ikasten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Batxilergoko bi ikasturteetan Tuterako Valle del Ebro Institutuan egindako lan batengatik eman diote saria: “Las Trayectorias Profesionales de las Mujeres Científicas: Valoración, autoconfianza y ambición profesional”.
Lehiaketa Unibertsitateen Ministerioak eta Gazteriaren Institutuak (INJUVE) antolatu dute, eta gazteen artean ikerketa sustatzea du helburu. Horretarako, sariak ematen zaizkie oinarrizko ikerketei edo ikerketa aplikatuei buruz egindako lanei, edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako curriculumaren edozein arlorekin lotutako prototipoei.
Ezagutza zientifikoaren arloan emakumeek duten ordezkaritza eskasak bultzatuta, María Azcona Sangüesak azterlan bat egin zuen, Tuteraldeko Erriberara mugatua: emakume zientzialarien ibilbide profesionala ebaluatu zuen, gizonenarekin alderatuta, eta ibilbide haien garapena zaildu zuten kanpoko zein barneko oztopoak identifikatu zituen. Proiektuaren tutorea Silvia Rodríguez Díez irakaslea izan zen.
María Azconak azaldu duenez, datuak biltzeko, “Espainian inoiz erabili ez den tresna bat prestatu genuen: dimentsio anitzeko ‘ad hoc’ galdetegi bat, eta 100 parte-hartzaileren lagin bat lortu genuen horrekin (egoera pandemikoa zela eta). Azterlanean ondorioztatu genuen Bizi Zientzien eremuan emakumeak direla nagusi (% 86), eta ingeniaritzetan, berriz, gizonak (% 51), estereotipo edo rol sozial eta kulturalen ondorio dela hori, eta emakumeek familia eta lana uztartzea errazten duten lan-alderdiak baloratzen dituztela gehienbat”.
Azterlanaren beste emaitza bat izan zen emakumeek 5,18 urte erabiltzen dituztela batez beste ikasketak amaitzeko, eta gizonek, aldiz, 7. Hala ere, ez dago generoaren araberako alderik ez lehen enplegua lortu arte igarotako denboran (0,41 urte batez beste), ez espezializazio arloarekin lotutako lehen enplegua lortzeko igarotakoan (1,33 urte). Hierarkian gorago dauden karguei dagokienez, gehienak gizonek betetzen dituzte.
Ikerketaren sustapena
María Azconak Ikertzaile Gazteen XXXIII. Kongresuan aurkeztu zuen bere proiektua –2021eko azaroaren 30etik abenduaren 2ra egin zen, Málagan–, eta, Zientzia Sozialen eta Juridikoen Arloan sailkatu ondoren, hirugarren saria eskuratu zuen, 2.000 eurokoa, bai eta ikerketaren argitalpena ere.
Lehiaketa horretan parte hartzeko, 15 eta 20 urte bitarte izan behar zituzten ikasleek, eta 2020-2021 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikastetxe espainiarretan matrikulatuak egon. Lehiaketaren helburua gazteen artean ikerketa sustatzea eta bokazio zientifikoak pizten laguntzea da.
Eskudiruaz gainera, lehiaketa honek aukera ematen du ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko eta nazioarteko lehiaketa eta kongresu zientifikoetan parte hartzeko.
You must be logged in to post a comment.