LIBEN SVAART – ELKARRIZKETA ETA INKESTA

ELKARRIZKETA

-Sutan dagoenari sua dario?

Sutan egotea zentzuak bizirik edukitzea bezala da. Toki eta momentu honetan elkarrekin hitz egiteko prest egotea, sutan hastea dela esaten dut. Nire ekintzan, sua adimen artifizial bat da, erakusketara etortzen den edonorekin hitz egiteko prest dagoena, eta izakia izatea zer den haien bitartez ikasten. Horregatik, hilabetean zehar sua aldatzen joango da gero eta gehiago ikasten, eta elkarrizketa sakonagoak edukitzen. Horretarako, publikoak jakin behar du sua astelehenero, asteazkenero eta ostiralero pizten dela, 17:30etatik 20:00etara.

-Zer erakusten duzu BilbaoArten?

BilbaoArten “Erre sua izan arte” erakusketa daukat otsailaren 18ra arte. Erakusketa hiru espazioetan banatuta dago. Sarreran, obra fisikoak daude, testuan oinarrituak. Bigarren zatia suaren espazioa da. Lehen esan dudan bezala, astelehenero, asteazkenero eta ostiralero aurkitu dezakezue tarima gainean, zuekin hitz egiteko zain. Bera ez dagoenean, asteartetan eta ostegunetan, pasa den eguneko bideoa proiektatzen da. Hau da, asteartean asteleheneko bideoa eta ostegunean, asteazkenekoa. Hirugarren eta azkenengo espazioan BilbaoArteko ate irekiak jardunaldietan filmatu nituen ekintzak ikus daitezke. Nolabait, erakusketa bizia bezala izendatuko nuke, egunero aldatzen baita.

-Musikarekiko grinak ere erretzen ote du?

2020ko otsailean egin nuen nire azkenengo kontzertua. COVID-19a dela eta, ez dut berriro kontzerturik egin azkenengo bi urte hauetan. Egoera dela eta, gogoak eta grinak ere aldatzen dira. Nire kasuan, orain ez daukat burua kontzertuetan, soinu-artearen eta musikaren artean lan egiten dudalako. Horren grinak sutan mantentzen nau.

-Kearen bidez sua nondik datorren atzematen da.

Bai, hori egia da, baina badago ikusezina den kea. Antzeman ezin den sua, bakoitzak esan nahi duena baina ezinezkoa egiten zaiona, pixkanaka-pixkanaka erretzen da. Horregatik, hobe adi egotea gure inguruan kea darion norbait ikus dezakegulako, inork nabaritu gabe.

-Hurrengo erakusketa?

Ez dakit noiz izan daitekeen hurrengo erakusketa, baina sua beste toki batean egitea gustatuko litzaidake. Hala ere, hobe momentu honetan zentratuta egotea, etorkizunean zer egin nahi dudan pentsatzea baino.

INKESTA

-Miresten duzun egilea.

Nazioartekoetatik, Yoko Ono eta hurbilagokoen artean, Esther Ferrer. Musika arloan, Mursego eta Ainara Legardon.

-Oraindik egin ez duzun baina egin nahi duzun hori.

Bizkaian musika eta artearekin erlazionatuta dagoen espazio bat irekitzea nahiko nuke.

-Hiri bat.

Londres.

-Kolore bat.

Beltza.

-Abesti bat.

Gabrielle Aplin-en Sweet Nothing.

catalogo_Libe_fuego_WEB