MARINA – MORÓN TALDE ARTISTIKOA

Argazkigintzak eta arkitekturak bat egiten dute Marina – Morón talde artistikoaren ‘Urdinaren eta airearen lekualdatzeak’ proposamenean, Mistoen eraikinean ikusgai, martxoaren 13ra arte

Erakusketa Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Nafarroako ordezkaritzarekin (COAVNA) elkarlanean antolatu da

 

Urdinaren eta airearen lekualdatzeak’ erakusketa martxoaren 13ra arte ikusgai egonen da Ziudadelako Mistoen eraikineko lehen solairuan. Argazkigintzak eta arkitekturak bat egiten dute marina_morón talde artistikoaren proiektu honen ardatz gisa. Taldeak bere ikerketa- eta sorkuntza-ildoarekin jarraitzen du, jendea bizi den espazioetan eraikitako espazioak eraldatzeko prozesuen inguruan. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Nafarroako ordezkaritzarekin (COAVNA) elkarlanean antolatu da erakusketa.

Zuzeneko aluminioaren gainean inprimatutako formatu handiko materialez osatuta dago. Material horrek, behaketa bisual gisa, etengabeko hausnarketa egiten du, horizonte paralelo gisa ikusleek aurkitu beharreko testu-erreferentzia inplizituekin batera. Erakusketa 5 irudiko 8 sekuentziatan antolatuta dago, eta horiek espazioa okupatzeko eta aktibatzeko forma bereizgarriak erregistratzen dituzte argazkietan, irudikapenaren bidez. Ikusleek arkitekturaren esperientzian ohikoak diren pertzepzio-ereduak (irteera-bilaketa, konpondu gabeko tentsio kromatikoa, emozioen egituraketa lineala, babesa bilatzea, geometria premia gisa…) dituzten erreakzioei erreparatzeko duten gaitasunari dei egiten diote, haien izaera sentikorrean ainguratuta.

Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak, María Azkarate COAVNAko Kulturako batzordekideak eta Jesús Marina eta Elena Morón erakusketaren egileek argazki-irudia oinarri duen erakusketa aurkeztu dute, saiakera bisual gisa erakusten dena, berriki egindako eta ikusgai paratu ez diren argazki argitaragabeekin. Kasu honetan, ‘lekualdatzearen’ ideiak inspiratzen du erakusketaren antolaketa, ibilbidearen kontzeptutik abiatuta eraikia. Bi egileentzat haien lana ikerketa-proiektu bat da, arkitekto izateari lotuta bereziki interesgarriak zaizkien kontzeptuei buruzkoa. Haien artean daude, adibidez, arkitektura-hutsunea ulertzeko modua edo muturreraino tratatutako koloreak eragiten duen sinestesia.

Marina_morón taldea


Jesús Marina Barba Historian doktorea da Granadako Unibertsitatean, eta Filosofia fakultateko irakasle titularra. Elena Morón Serna Arkitekturan doktorea da Sevillako Unibertsitatean, eta Sevillako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko kanpoko irakasle laguntzailea. Halaber, biak irakasle dira Malagako Unibertsitateko Arkitekturako Irudi eta Komunikazioa Masterrean eta Granadako Unibertsitateko Espazioaren Irudikapena Masterrean. 

Haren azken banakako erakusketa (’K – emptiness’) ikusgai egon zen Sevillan, Londresen eta Guangzhou City-n (Txina). 2005az geroztik sortutako beste proiektu batzuk, –hala nola ‘Gorroto dut argi urdina belarrian’, ‘a chroma’, ‘5500 K. Into this world we’re thrown’, ‘Zein iluna argiaren ertza’, ‘Ez hitza, ez isiltasuna’, ‘Errautsaren kolorekoa’ eta ‘Lerroartean’– nazioko eta nazioarteko areto eta erakusketa-aretoetan egon dira, adibidez, Kopenhagen, Parisen, Ciudad Realen, Ourensen, Granadan, Kordoban eta Sevillan. 

Taldeka, beste egile batzuekin batera, hainbat erakusketatan ere parte hartu dute, zeinak Cervantes Institutuaren bitartez ikusgai egon baitira Chicagon, New Yorken, Hanburgon, Lisboan eta Dublinen; Espainiako Reina Sofía museoan; PhotoEspañan eta azoka, galeria eta argazki- eta arkitektura-erakusketa ugaritan Amsterdamen, Buenos Airesen, Tbilisin, Madrilen, Bartzelonan, Zaragozan eta Sevillan.

COAVNAk antolatutako ‘Arkitekturari begira’ argazki-lehiaketa


Oraingo honetan denboran aurreratu den arren, ‘Urdinaren eta airearen lekualdaketak’ erakusketa hau beste erakusketa baten barruan antolatzen da, “Arkitekturari begira” argazki-lehiaketan parte hartzen duten lanekin egiten dena, zeina urtero deitzen baitu Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVNA) Nafarroako ordezkaritzak. Lehiaketaren xedea da, interesa duten pertsona guztien argazkien bidez, Nafarroako arkitektura-, hirigintza- eta diseinu-alderdi garrantzitsuak erakustea, argazkigintzaren eta arkitekturaren munduak lotzen dituen harreman estua indartuz. 

Lehiaketaren hemezortzigarren edizioa da, eta argazkiak aurkezteko deialdia otsailaren 18ko 13:00ak arte egonen da zabalik. Irudiek originalak izan behar dute, argazki-paperean, zuri-beltzean edo koloretan, gehienez ere 30 x 40 zentimetrokoak. Parte-hartzaile bakoitzak irudi bakarra aurkezten ahalko du, originala eta argitaratu gabea, eskatutako agiriekin batera. Postaz igorri beharko dira, edo aurrez aurre, COAVNAren egoitzara (Armadaren etorbidea, 2, 7. solairua). Lehiaketan parte hartzen duten irudi guztiak Kondestablek martxoaren 10etik apirilaren 30era bitarte hartuko duen erakusketa baten parte izanen dira. Lehiaketak lehen eta bigarren sariak ditu, 1.000 eta 600 euroz hornitutakoak, hurrenez hurren, eta 200 euroko hiru accesit, diploma jasoko duten 6 argazki finalista aukeratzeaz gain.