AUZO-LOTSA 20 TXERRI HANKAK

Hirurogeiko hamarraldiaren bukaera aldean, nik hamar-hamaika urte inguru nituenean, ordurako nire eritasuna nabarmena zen: oin puntetan ibiltzen nintzen, giharrak eta tendoiak ez zitzaizkidan normaltasunez garatzen, indar gutxi neukan, erraztasun handiz erortzen nintzen lurrera, dezente kostatzen zitzaidan jaikitzea eta abar.

Hori guztia dela eta, gure gurasoak kezkatuta zeuden nirekin, eta, horren ondorioz, sendagilez sendagile eramaten ninduten, konponbideren bat aurkitu nahian. Behin batean, norbaitek gomendatuta, seguruena, Iruñeko Lizarraga doktore ospetsuaren kontsulta partikularrera eraman ninduten.

-Begira ezazue -esan zien gurasoei-, mutiko honek daukan gaitzak, momentuz, behinik behin, ez dauka inolako sendabiderik, eta, progresiboa denez gero, etorkizunean, gertagarriena da gurpil aulkian ibili behar izatea, horregatik, nik aholkatzen dizuet karreraren bat ikas dezan, horrela, bere bizimodua aurrera erraz eraman ahal izateko. A!, eta beste gauza bat, har dezala gelatina asko, mesedez, horrek indar handia emanen baitio ibiltzeko! Hortaz, badakizu, andrea, txerri hankak eta belarriak barra-barra eman beharko dizkiozu mutikoari -esan zuen sendagileak, gure amari begira-.

Eta gure ama, arrunt esanekoa eta asmo onekoa izanik, gogotik bete zuen osagilearen gomendioa, eta, aida batean, gainera. Handik aurrera, oso-oso sarritan jartzen zizkidan txerri hankak eta belarriak, bazkaltzeko ez baldin bazen, afaltzeko, eta, era hartan, berehalaxe txerritxo bat bezala jarri nintzen, lodi-lodi eta guri-guria.

Kontua zera da, kiloak, bai, kiloak erruz hartu nituen, potzolo-potzoloa jarri arte, baina, hala ere, indarrik, ez, indarrik ez nuen batere gehiago hartu, eta, orduan halako paradoxa gertatu zitzaidan, alegia, indar berberarekin pisu handiagoa mugitu behar izaten nuen, eta, hura, niretzat, ez zen inola ere komenigarria, alderantziz, guztiz kaltegarria zen.

Lizarraga doktorea, segur aski, jakintsua izanen zen alor askotan, baina balorazio hartan, behintzat, ez zuen deus ere asmatu, ez zen batere luzitu; hanka hondoraino sartu zuen. Noski, jakina da mundu honetan ez dagoela inor dena dakiena, eta, azkenean, txerri belarri eta hankak jateari utzi behar izan nion eta lehengo pisua berreskuratzen saiatu.