LEKADUN LABOREAK

David Soba Hidalgo

Lekadun laboreak klima-aldaketaren ondorioz sufritzen ari diren aldaketak aztertu dituzte NUPen irakurritako doktoretza-tesi batean

Labore mota horietan izaten diren erantzun eta egokitzapenetan sakondu du David Soba Hidalgo nekazaritzako ingeniariak

David Soba Hidalgo NUPeko nekazaritzako ingeniariak bere doktoretza-tesian sakonki aztertu du nolako eragina duen klima-aldaketak lekadun laboreetan eta horien egokitzapen mekanismoetan. Ikerketaren helburu nagusia honako hau izan da: hobeki ezagutzea ingurumen faktoreen ondorioz (estres abiotikoaren ondorioz) landare horietan gertatzen diren prozesu fisiologiko, biokimiko eta metabolikoen aldaketak.

Tesiak, batik bat, landarearen aireko zatiaren eta noduluaren arteko erlazioa izan du aztergai. “Ezagutza handiagoa lortu nahi genuen nekazaritza jasangarriago bat sustatzeko, gai izanen dena ingurumen baldintza aldakorretan gero eta handiagoak diren elikagai eskaerei aurre egiteko”, azaldu du ikerketaren egileak, zeinak Nekazaritza Jasangarria eta Klima Aldaketa izeneko ikerketa-taldean garatu baitu bere lana (IdAB-CSIC). “Lekadunak, landare proteinen iturri nagusia direnez, eta beren ezaugarri agronomikoak direla-eta, hala nola noduluetan gertatzen den nitrogeno finkapen biologikoa, funtsezkoak dira klima-aldaketaren testuinguru honetan”, esan du.

Tesiak, “An integrative, multidisciplinary approach to the study of the impact of climate change on legume agro-physiology and metabolism” izenekoak, bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta Iker Aranjuelo eta Sergi Munné Bosch izan ditu zuzendari, aipatu ikerketa-taldeko kide eta NUPeko irakasle elkartua lehenbizikoa eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea bigarrena.

Bere ikerketaren esparruan, landareei klima-aldaketarekin lotutako estresak aplikatu zizkien David Sobak (CO2 handia, lehortea, bero bolada eta azken bi horien konbinazioa), eta horien erantzuna maila desberdinetan aztertu zuen. Aditzera eman duenez, lan horrek aukera eman du laboreek klima-aldaketaren aurrean izaten duten erantzuna hobeki ezagutzeko, eta ikerketarako bide berriak ireki ditu; esate baterako, E bitaminaren funtzio antioxidatzailea lekadunen noduluetan —tesi honetan deskribatu da lehenbiziko aldiz—, uraren erabileran eraginkortasun hobea duten genotipoen hautaketa CO2 handiko baldintzetan, lehorteetan noduluetan gertatzen den erantzun hormonala, edo erantzunaren ulermen hobea estres mota bat baino gehiago aldi berean gertatzen direnean.

CV laburra

David Soba Nekazaritzako Ingeniari Teknikoa da Errioxako Unibertsitatean (2011), eta Nekazaritzako Ingeniaria Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) (2013). Ingurumen Agrobiologiako Masterra ere egin zuen azken horretan (2015). Doktoretza egin aurretik, sei hilabeteko bi egonaldi egin zituen Ingalaterrako Rothamsted Research ikerketa-zentroan (2014 eta 2015). Teknika berrien ikerketa eta ikaskuntza osatzeko, doktoretza-tesian zehar egonaldiak egin zituen Alabaman (AEB), Readingen (UK) eta Bartzelonan.

Azken lau urteetan, Agrobioteknologia Institutuko (IdAB) Nekazaritza Jasangarria eta Klima Aldaketa ikerketa-taldean aritu da lanean, baita zenbait ikerketa-proiektutan ere, Espainiakoetan nahiz nazioartekoetan. Eragin handiko nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratutako 12 lanetan hartu du parte (horietako 7tan egile nagusi gisara). Gaur egun, doktoretza ondoko ikertzaile dihardu Agrobioteknologia Institutuan.