ALEX TXIKONEK ETA BERE TALDEAK KATMANDURA JAISTEA ERABAKI DUTE EGURALDI TXARRA DELA ETA

  • Aste batzuk gehiago egongo dira Nepalen oinarrizko kanpamentuko elementu guztiak jaso arte

  • Asko kostatu zaigu erabaki hori hartzea, baina zentzuzkoena dela uste dut. Elur asko eta haize bortitzak iragarri dituzte datozen egunetarako”, azaldu du alpinistak

Manaslun eguraldiak ezegonkor jarraitzen du eta, horregatik, Alex Txikon buru duen taldeak Katmandura jaistea erabaki du. Hala ere, oraindik aste batzuk gehiago egongo dira Nepalen oinarrizko kanpamentuko elementu guztiak jaso arte; izan ere, berariaz debekatuta egoteaz gain, berea bezalako espedizio jasangarri batek ezin du hainbeste material leku babestu batean bertan behera utzi.

Asko kostatu zaigu erabaki hori hartzea, baina zentzudunena dela uste dut. Datozen egunetarako elur asko eta haize zakarra iragarri dute, eta ezin dugu oinarrizko kanpamentuan geratu. Arriskutsua litzateke espedizioarentzat. Jaistea erabaki dugu, baina oraindik lana daukagu aurretik. Oinarrizko kanpamentua desmuntatu behar dugu gure aztarna ahalik eta txikiena izan dadin. Ezin dugu material guztia bertan utzi. Eremu babestua da, eta gure aldetik arduragabekeria litzateke gauzak bertan behera uztea”, azaldu du Alex Txikonek.

Bi hilabete hauetan ez dugu batere zorterik izan. Gutxitan bezala egin du elurra. Gainera, haize handia jasan dugu altueran aste hauetan. Egia esan, bizi izan dugun negurik gogorrenetakoa da. Pena da, oso ondo prestatuta geundelako. Etsita gaude, baina hau da egin genezakeen gauzarik onena. Orain dena desmuntatu behar da. Manasluk ez digu aukera erdirik ere eman”, bukatu du bizkaitarrak.