Hizkuntzalaritzaren eremu lohitsu batean sartuko naizela jakitun, nire ekarpena baino, iritzia botako dut, azkenaldian handik eta hemendik entzundakoen aurrean nire buruak egiten dizkidan etsipenezko galdera eta kezkei erantzun bat bilatzeko nahiez.
Aurten KORRIKA eta EUSKARALDIAren ospakizunak direla-eta, horrek ere adoretsu egiten nau hausnarketa hau partekatzera: KORRIKA, besteak beste euskararen aldeko kontzientzia suspertzea xede zuen ekimen gisa sortu zuen AEK-k duela jada 42 urte; EUSKARALDIAren zioa ere antzekoa izan da, alegia, euskaraz elkar ulertzeko gai garenon arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzearena, euskaraz gehiago solastatu gaitezen. Eta guzti honen aurrean, neure buruari galdetzen diot ea euskara hizkuntzaz ari garenean, zertaz ari ote garen; izan ere, euskaraz gehiago aritzearen aldeko jarrera azaltzea bai, baino ondoren euskaldunok geure burua ‘kategorizatzearena’ bait dator beti: ‘euskaldunberri’, ‘euskaldunzahar’, ‘euskarabatuarenaurrekobelaunaldia’, ‘ikastoleroak’, ‘nikezdutEGArik’, ‘nereherrikoeuskara’, ‘nieznaizhemengoa’, ‘hegoaldekoa’, ‘iparraldekoa’, ‘kostaldekoa’, etab. luze bat.
Euskara beste edozein hizkuntzaren erabilerak dituen ñabardura berak dituen hizkuntza bat da, ez hobea, ez txarragoa, ez politagoa, ez itsusiagoa, ez zailagoa, ez errazagoa. Eta beste hizkuntza gehienen modura, baditu ere bere arau gramatikal eta linguistikoak, baita arau horien erregularizazioaz arduratzen den erakunde ofiziala ere. Hortaz, beste hizkuntzekin ezbaian jartzea burutik pasa ere egiten ez zaizkigun afera guzti horiek zergatik edo zertarako ekarri euskararenera?
Bi kontu dira aldi berean arduratu eta ernegatzen nautenak: batetik euskalkien inguruan sortzen ari den funtsik gabeko polemika hutsala, eta bestetik, ergatiboarena. Euskalkiena, nire iritzi xumean, ñabardura kontua delakoan nago, ahozkotasunean eragiten duena eta hortaz, beste edozein hizkuntzatan bezala, euskarari ere norberekoaren ahoskatzeak ematen diola zentzua, gorputza eta bizitasuna. Dela euskalkia, dela eskola edo euskaltegian jasotakoa, edota euskarazko komunikabideetan aditutakoa, euskaraz jardutea da axola beharko lukeena. Beste guztia soberakoa baita.
Ergatiboari dagokionez, honetan bai esango nukeela zuzentasun kontuaz ari garela, ergatiboa euskara hizkuntzaren hezurduraren baitan dagoen heinean. Euskara ergatiborik gabe ez da euskara. Euskarazko aditzaren eraketak ergatiboan du oinarrietako bat eta horregatik dago arautua bere erabilera; araua izanik, ezin urratuzkoa euskaraz zuzentasunez jardun nahi badugu (bai hizkuntzatan eta baita beste edozein esparrutan izaten den era berean). Salbuespenik gabe, ergatiboa oker erabiltzea arau haustea da, berdin euskalkian edo euskara batuan.
Hemendik aurrera, ariketa kolektibo baino norberak bere buruarekiko ezarri beharko lituzkeen irizpideak finkatzea izan beharko luke ariketa, euskararen aldeko kontzientzia eta euskarazko erabilera zenbatekoa eta nolakoa izan nahi dugun gure buruari aitortzearena eta horrek dakarrenarekin erantzukizunez jokatzea.
Lazkao Txikiren hitzak ekarrita, ‘laster erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan’; nik ez nuke horrelakorik nahi, baino bizi naizen ‘euskaldun’ gizartea osatzen dugunok, zer da nahi duguna?
Ines Castiella Imaz (Nafar Ateneoko Euskara eta Euskal Kultura saileko eleduna)