NUPek energia fotovoltaikoko mikrosare elektriko bat instalatu du autobus elektrikoak azkar kargatzeko geltokietan laguntzeko
Teknologia adimendun horrek bigarren bizitzako laguntza-bateriak hartzen ditu barne, ibilgailu elektrikoetan erabili ondoren berrerabiltzen direnak
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile batzuek, BeePlanet, EOSOL eta Ingeteam enpresekin lankidetzan, hiri-autobus elektrikoen karga azkar eta adimendunerako mikrosare elektriko bat garatu dute Iruñean. Mikrosare horrek eguzkiaren bidez lortzen du energia, modu berriztagarrian (eguzki-energia fotovoltaikoa), eta bigarren bizitzako bateria geldikorretan metatzen du, hots, ibilgailu elektrikoetan erabili ondoren berrerabilitako baterietan. Teknologia hori Arrosadiko campuseko Ikasgelategian dago, eta autobusak kargatzeko geltokietan laguntzeko erabiltzen ahal da. Gainera, instalazioak webgune espezifiko bat eta monitorizaziorako informazio-postu bat izanen ditu Ikasgelategian bertan, energia-fluxu nagusiak denbora errealean erakusteko.
Ekimen honen helburua da “autobusen eskari elektriko handiak txikitzea eta baterien karga modu adimentsuan kudeatzea; hala, garraio elektriko eta jasangarriko sare bat ezartzea ahalbidetuko da, Iruñerriko sare elektrikoan integratua”, azaldu du proiektuaren koordinatzailea den Pablo Sanchis Gúrpide ikertzaileak. Proiektuak hiru urteko iraupena izanen du, eta aipatutako ikertzaileaz gain, Ingeniaritza Elektrikoaren, Potentzia Elektronikoaren eta Energia Berriztagarrien Taldeko (INGEPER) ikertzaile hauek ari dira lanean: Alberto Berrueta Irigoyen, Elisa Braco Sola, Luis Marroyo Palomo, Iñaki Ojer Palacios, Julio Pascual Miqueleiz, Guillermo Puy Pérez de Laborda, Idoia San Martín Biurrun, Adrián Soto Cabria eta Alfredo Ursúa Rubio.
Proiektuak “Energia berriztagarrietan oinarritutako mikrosare industrial bat diseinatzea eta instalatzea, biltegiratzeko laguntzarekin” du izena. Iruñerriko Mankomunitatearen laguntza du, eta Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak finantzatzen du hitzarmen baten bidez. Era berean, partzialki integratuta dago STARDUST proiektu europarrean, zeinaren helburua den Iruñea “smart city” bihurtzea. Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (Cener) koordinatzen du, NUPen partaidetzarekin, eta Ignacio Matias Maestro katedraduna da NUPek proiektu horretan duen ikertzaile nagusia. Ikasgelategiko lanak EOSOL enpresak zuzendu ditu; inbertitzaileak eta bihurgailuak Ingeteam-enak dira; eta bigarren bizitzako baterien sistema, berriz, BeePlanet-ena. El Colectivo enpresak ere hartu du parte, proiektu osoaren infografia diseinatuz.
Hain zuzen ere, Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria NUPera etorri da mikrosare elektrikoa ikustera, proiektuan parte hartzen ari diren erakunde eta entitateetako zenbait ordezkarirekin batera, Ramon Gonzalo NUPeko errektorearen gidaritzapean.
Hiri-mugikortasun elektrikoaren erronkak
Hiri-garraioko zerbitzu publikoen kasuan, mugikortasun elektrikoak hainbat erronka ditu. “Lehenik eta behin, autobusak kargatzeko unea linea bakoitzean aurreikusitako ordutegien eta maiztasunen mende dago —azaldu du Pablo Sanchisek—. Horregatik, villavesa geltokian geldirik egoten den denbora funtsezkoa da autobusaren biltegiratze elektrikoko sistema behar adina kargatzen dela bermatzeko. Bigarrenik, ibilgailua kargatzeko denbora mugatua izanik, potentzia elektriko oso handia eskatzen du karga ziurtatzeko”.
Potentzia-gailur horren hornidura-ahalmena karga-geltokia konektatzen den banaketa-sare elektrikoaren ezaugarrien araberakoa da. “Sare horietarako sarbide hoberenak ez du zertan bat etorri autobus lineen goiburuko geltokien kokapenarekin, eta hori muga gehigarria izaten ahal da autobus elektrikoen hiri-flota hedatzeko. Gainera, aurreikusitako kontsumo elektrikoaren igoera pizgarri gehigarria izaten ahal da Iruñea moduko hiri batean elektrizitatearen sorrera eta eskaria berrorekatzen saiatuko diren sorkuntza berriztagarri fotovoltaikoko unitateak instalatzeko”, adierazi du proiektuaren koordinatzaileak.
Testuinguru horretan, “autobusa banaketa-sarera konektatzeko beharrezkoa den elektronikaz gain, biltegiratze elektrikoko laguntza-sistema geldikor bat eta elektrizitatea sortzeko sistema berriztagarri bat dituzten karga-geltoki aurreratuak diseinatzeak aipatutako eragozpenak gainditzeko aukera ematen du, eta hiri-garraio elektrikoko sistema baterako trantsizioa errazten”, azaldu du Alfredo Ursúa taldeko ikertzaileak.
Proiektuari lotutako instalazioak zenbait elementu ditu. “Biltegiratzeko laguntza-sistema, bigarren bizitzako ion-litiozko bateriez osatua, Ikasgelategiko beheko solairuan dago, eta haren teilatuan instalazio fotovoltaikoa kokatzen da —deskribatu du Alfredo Ursuak—. Bi instalazioek mikrosare elektriko bat osatzen dute, eta konektatzen ahal dira bai Ikasgelategiaren barneko eraztunarekin —baliozkotze esperimentaleko saiakuntzak egiteko— bai eraikinaren ondoan dagoen Eskualdeko Hiri Garraioaren 9. lineako pantografo-zutoinaren sarrerarekin —dagoeneko elektrifikatua dago—. Mikrosarearen kudeaketa eta kontrola Ikasgelategiko beheko solairuan dagoen kontrol unitate batetik egiten da, eta badu ere urrunetik sartzeko aukera”.
Monitorizazio postua
Ikertzaileen iritzian, horrelako instalazio batek, hots, sorkuntza berriztagarria, ibilgailu elektrikoen flota bat eta bai mugikortasun elektrikorako bai sare elektrikoan hobeto integratzeko ion-litiozko bateriak dituen instalazio batek “prestakuntzarako eta dibulgaziorako ahalmen handia du”. “Ingeniaritzako ikasleei beren bizitza profesionalean landu beharko dituzten teknologietako batzuetara hurbiltzeko bidea ematen die, eta unibertsitateko gainerako kideei, berriz, datozen urteetan ugarituko diren sistemekin ohitzeko. Era berean, mugikortasun elektrikoaren potentziala eta jasangarritasun energetikoari egiten dion ekarpena gizartean zabaltzeko ere balio dezake”, Alberto Berrueta ikertzaileetako batek gaineratu duenez.
Hori dela eta, monitorizaziorako informazio-postu bat jarriko da Unibertsitateko Ikasgelategian. “Monitore horrek denbora errealean erakutsiko du energia-fluxu nagusien informazioa —sorkuntza fotovoltaikoa, geltokiaren kontsumoa edo NUPen instalatutako bateriaren egoera—. Gainera, aukera emanen du informazio zehatzagoa kontsultatzeko grafiko edo taula energetikoen bidez. Monitorizazio-sistema hori urrunetik ere egonen da eskuragarri, webgune espezifiko baten bidez”, esan du Alberto Berruetak.
Hala, ikertzaileek espero dute unibertsitateko komunitatea eta gizartea “erakundeek energia berriztagarrien eta biltegiratze eta mugikortasun elektrikoen alde egiten duten ahaleginaz jabetzea, Nafarroa bere hiriburuko hiri-garraioaren elektrifikazioari dagokionez aitzindaria izan daitekeen une honetan, Foru Komunitatea energia eolikoaren garapenean munduko lider eta erreferente bihurtu ondoren”.
You must be logged in to post a comment.