AUZO-LOTSA 21 EBAKUNTZAK

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasiera-hasieran, nik hamabi urte neuzkanean, egin zidaten lehendabiziko ebakuntza bikoitza, bi orpazurdetan. Gorago esan bezala, gurasoek etengabe jarraitzen zuten konponbide bila. Itxura denez, norbaitek, Fustiñanan masajista on bat zegoela esan zien, eta, hara ere, eraman ninduten masajeak hartzera. Bederatzi eguneko hiru txandatan izan nintzen, hau da, “bederatziurrena” hiru aldiz egin nuen. Nik ez nuen inolako hobekuntzarik sumatu, baina, oinazea, ordea, bai, behin baino gehiagotan.

Azkenean, masajista hark gomendio bat eman zidan, alegia, orpazurdetan txertoak egin behar zizkidatela, txerri tendoiak jartzeko, eta, hala, orpazurdak luzatuta, orpoak lurrean ongi berma nitzan. Antza denez, txerrien tendoiak eta gizakienak oso antzekoak dira, eta, hura izan omen zen arrazoia hala jokatzeko.

Beraz, ebakuntza bikoitza egin zidaten, hots, bi orpazurdetan batera. Hiru hilabete eman behar izan nituen bi hankak belaunetaraino igeltsaturik, azkura handiak pasatuz. Azkenerako, gehiago jasan ezin nuenean, puntua egiteko amaren orratzak hartu eta hazka egiteko, igeltsuaren azpian sartzen nituen; a zer lasaituak etortzen zitzaizkidan!

Hiru hilabete haiek luze zihoazen oinez ibili gabe, eta, orduan, ideia bat proposatu nion amari: lau gurpil birakari txiki erosi eta zurezko aulki bati jartzea. Ama oso trebea izanik, berehalaxe ongi moldatu zen, nire eskaera arrakasta handiz betetzeko. Era hartan, etxean barna, behinik behin, mugitu ahal nintzen, zailtasun handirik gabe, atzeraka, hori bai, bastoi batekin, beti atzeraka bultzatuta.

Igeltsua kendu zidatenean, berriz ere hasi nintzen oinez ibiltzen, eta, orpoak, oraingo honetan, gehiago bermatzen nituen lurrean, baina, ordainetan, zera gertatu zen, handik aurrera, bastoi bat erabili behar izaten nuela oinez ibiltzeko, hanketan indar mordo galanta galdu nuelako.

Handik bi urtera, sendagileek erabaki zuten beste ebakuntza bat gehiago egin behar zidatela eskuin hankako orpazurdan, orpo hura, bestea baino gutxiago bermatzen nuelako lurrean, eta, egin ere, halaxe egin zidaten. Harrezkero, eskuin orpoa ere hobeki jartzen nuen lurrean, baina, berriz ere, dezenteko indarra galdu nuen, eta, handik aurrera, oinez ibiltzeko, ezker eskuan bastoi bat eta eskuinekoan makila luze bat erabili behar izaten nituen beti.

Jakina, garai hartan, soilik pertsona helduen iritziak balio zuen, adingabeena, entzun ere ez zen egiten; nik ez nuen aukerarik izan nire ustea plazaratzeko ere. Ebakuntza haiek, niretzat, ez dakit onuragarriak izan ote ziren, baina, nik, behintzat, nire zalantzak ditut.