NUPEKO OSASUN ZIENTZIEN FAKULTATEAREN ERAIKIN BERRIA

Proiektatutako eraikinaren barnealdeko irudikapena

NUPeko Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berria eraikitzeko lehiaketarako deialdia egin dute

Azpiegitura berriaren zenbatekoa 30 milioi eurokoa da eta 26 hilabetean burutu behar da

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berria eraikitzeko lehiaketarako deialdia egin du. Bertan Medikuntza, Erizaintza eta Psikologia titulazioak emanen dira. Jarduketa hori Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin lortutako finantzaketa-akordioaren parte da. Unibertsitatearen 2022rako aurrekontuan –joan den abenduan onartu zen–, azpiegitura berrirako partida bat sartu zen. Gaur egungo fakultatearen eraikin bera da, baina handitua, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalean dago.

NUPeko errektoreak onetsitako ebazpenean ezartzen den bezala, eraikin berrirako baimendu den zenbatekoa 30.000.524,81 euro da, burutzeko epea 26 hilabetekoa, eta gastua urte anitzekoa izanen da: 10.448.959 € 2022an, 17.727.896€ 2023an eta 1.823.669 € 2024an.

Bryaxis eta Varquitectos estudioek idatzitako egikaritze proiektuaren arabera eginen dira lanak, horiek izan baitira Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak deitutako proiektuen lehiaketako irabazleak. Lehiaketaren baldintza-orria Unibertsitatearen webguneko Kontratatzailearen profila atalean kontsultatzen ahalko da.

Proiektu irabazlea

José María Errea Argaiz buru zuen taldearen “HLA+E” proiektua (Varquitectos eta Bryaxis Arquitectos estudioek lankidetzan garatua) izan zen 2020an egin zen eraikin berrirako proiektuen lehiaketako irabazlea, aurkeztutako 35 proposamenetatik puntuaziorik handiena lortu baitzuen: 100etik 96.

Nafarroako Gobernuak proposatu zuen eraikina ingurunearekin erabat integraturik zegoen, eta, aldi berean, baita XXI. mendeko osasunaren ideiarekin eta gaurko beharrekin ere: eraikin funtzional baina “naturala” izan behar zuen, % 100 jasangarria.

Proposamen irabazlearen alderdi baloratuenetako bat jasangarritasunarena izan zen: energia positiboko eraikin baten aldeko apustua egin zen, hots, berokuntzan, hozketan, aireztapenean eta argiztapenean kontsumitzen duen energia kantitate bera gutxienez in situ sortuko du. Era berean, proposamenaren kalitate arkitektonikoa bere osotasunean aztertu zen, bai eta nola egokitzen zen beharren eta azaleren programara, nola egokitzen eta integratzen zen ingurunean eta zenbateraino zen teknikoki eta ekonomikoki bideragarria.