PUNTO DE VISTA

MS Slavic 7, Sofia Bohdanowicz y Deragh Campbell

Nafarroako
Zinema
Dokumentaleko
Nazioarteko Jaialdia

22.03.14-19
Iruñea

Manuela Serra zinemagilea eta Sofia Bohdanowicz-en eta Payal Kapadia-ren obrari buruzko ‘Ficciones de archivo’ (Artxiboko fikzioak) programa, Punto de Vista jaialdiaren 2022ko edizioko Foku garaikideak

MS Slavic 7, Sofia Bohdanowicz y Deragh CampbellSerrak bere film luze bakarra aurkeztuko du, O movimiento das coisas, eta, Bohdanowicz-en eta Kapadia-ren filmen bitartez, artxiboen inguruko esperimentazioan sakonduko dugu.

Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatzen duen Punto de Vista jaialdiaren hurrengo edizioko programazioan aurkituko dugunaren xehetasun gehiago aurkeztu dira. Orain, Foku garaikideen protagonista izanen diren zinemagileak iragarri dira; jardunean ari diren zinemagileei buruzko atzerabegirako laburrak izaten dira, eta jaialdira etortzen dira zinemagile horiek, beren filmak aurkeztera. Aurten, hainbat belaunalditako egileak izanen dira.

Manuela Serra zinemagile portugaldar beteranoa da, eta film luze bakarra egin du, O movimento das coisas (1985); Portugalgo Zinematekan orain dela gutxi zaharberritu dute film hori. Karrera bat-batean etetea ez da ezohikoa izaten zineman, batik bat, emakumeen artean. Manuela jaialdira etorriko da eta, bere filmaz ez ezik, zinemaren munduarekiko izan duen behartutako urruntzeaz ere hitz eginen du Mercedes Álvarez programatzaile, zinemagile eta Punto de Vista jaialdiaren programazio batzordeko kide ohiarekin.

Era berean, Sofia Bohdanowicz zinemagile kanadarrari eta Payal Kapadia zinemagile indiarrari buruzko foku partekatu bat izanen da: Ficciones de archivo (Artxiboko fikzioak). Lucía Salas jaialdiko programatzaileak bi zinemagile horien film sorta bat hautatu du; izan ere, genero berak lotzen ditu biak: artxiboko fikzioak. Anitzetan, artxiboei buruz hitz egiten denean dokumentalen ikuspegitik egiten dugu, baina hemen fikzioetan arakatzen saiatuko gara. Sofia Bohdanowicz eta Sonia García López ikertzailea solasean arituko dira artxiboaren gorabeheren gainean, eta esperimentaziorako eskaintzen dituen aukerak aztertuko dituzte, ikertzaile eta sortzaileentzako tresna den aldetik. Acción Cultural Española (AC/E) elkartearen eta Kanadak Espainian duen Enbaxadaren laguntzari esker etorriko da Sofia Bohdanowicz jaialdira, Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programaren (PICE) bitartez, Bisitarien modalitatean.

Manuela Serra

Manuela Serrak zinemagintzako ikasketak egin zituen Bruselan, Institut des Arts et Diffusion (IAD) erakundean, 1971tik 1974ra bitarte. Muntaketako laguntzailea izan zen eta artxiboko materialarekin, batik bat, lan egin zuen Deus, Pátria, Autoridade filmerako. VIRVER Zinema Kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, eta gidoilari, produktore eta editore lanetan jardun zuen bertan. Harrezkero, produkzio lanetan aritu eta zuzendariaren laguntzaile izan zen hainbat film ertainetan eta Rui Simões-en Bom Povo Português filmean. 1979tik 1985era bitarte, O Movimento das Coisas bere lehen obraren gidoia idatzi zuen, eta zuzendari eta produktore izan zen. 1990. urtean bigarren film baten gidoia idazten hasi zen: OndasOndulaçoes edo O Movimento das Ondas, baina ez zuen inoiz filmatu.

O Movimento das Coisas 

Manuela Serra, Portugal, 1985, 88 min, portugesa 

Ficciones de archivo/Artxiboko fikzioak: Sofia Bohdanowicz eta Payal Kapadia

Sofia Bohdanowicz zinemagilea Toronton (Kanada) sortua da, eta MAISON DU BONHEUR produkzio-etxea sortu zuen. Bere obrari buruzko atzerabegirakoak eman izan ditu BAFICI jaialdian, Seattle Northwest Film Forum jaialdian, Bogotáko Cinematecan edo DocLisboan. 2017. urtean, Torontoko Zinema Kritikarien Elkarteak Jay Scott saria eman zion, eta 2018an Rogers sarian hautagai izan zen, film onenaren atalean, Maison du bonheur dokumentalarekin. Hirugarren film luzea, MS Slavic 7, Berlinale jaialdian estreinatu zen, eta Harvard Film Archive-an aurkeztu. Bohdanowicz produkzio zinematografikoko programan graduduna da, York-eko Unibertsitatean, eta Berlinale Talents eta TIFF Talent Accelerator-en ere ikasle ohia da. Burak Çevik eta Blake Williams zinemagileekin batera zuzendu du laugarren film luzea, A Woman Escapes, eta gaur egun postprodukzioko fasean dago. Horretaz gain, A Portrait bosgarren filma ere garatzen ari da, eta Silverway eta Kodak saria irabazi zuen FIDMarseille-ko koprodukzioko laborategian.

Payal Kapadia zinemagile eta artista Mumbain bizi da. Zuzendaritza Zinematografikoa ikasi zuen Indiako Zinema eta Telebista Institutuan. Afternoon Clouds eta And What Is The Summer Saying film laburrak Cinéfondation eta Berlinale jaialdietan estreinatu ziren, hurrenez hurren. Berlinale Talents-en ikasle izandakoa da, eta 2019. urtean Cannes-eko Jaialdiaren Cinéfondation – Résidence sekzioan parte hartu zuen. Bere lehen film luzea, A Night of Knowing Nothing, Cannes 2021eko Errealizatzaileen Hamabostaldirako hautatua izan zen, eta dokumental onenaren Golden Eye saria irabazi zuen. Gaur egun, bere hurrengo proiektua gauzatzen ari da; hain zuzen ere, CICLIC, Hubert Bals Fund eta PJLF Arts Fund erakundeen laguntza izan duen All We Imagine As Light.

 

Ficciones de archivo/Artxiboko fikzioak

●    1. programa: Payal Kapadia

 And What Is the Summer Saying? 

Payal Kapadia, India, 2018, 24 min, marathera. 

A Night of Knowing Nothing 

Payal Kapadia,India-Frantzia, 2021, 96 min, hindi-bengalera.

●    2. programa: Sofia Bohdanowicz

Never Eat Alone

Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2016, 68 min, ingelesa. 

Veslemøy’s Song 

Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2018, 9 min, ingelesa. 

Roy Thomson 

Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2018, 3 min, ingelesa.

●    3. programa: Sofia Bohdanowicz

MS Slavic 7

Sofia Bohdanowicz eta Deragh Campbell, Kanada, 2019, 64 min, ingelesa. 

Point and Line to Plane 

Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2020, 18 min, ingelesa.