Aritz Adin Urtasun, Nerea de Acha Morrás, Juan Carlos García Funes eta Emilio Pindado Tapia izan dira sarituak
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteei dagozkien doktoretzako aparteko lau sari eman ditu. Hauek izan dira sarituak, lehen deituraren araberako hurrenkera alfabetikoan: Aritz Adin Urtasun (Industria Zientziak eta Teknologiak), Nerea de Acha Morrás (Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak), Juan Carlos García Funes (Giza eta Gizarte Zientziak) eta Emilio Pindado Tapia (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea).
Aritz Adin Urtasun, Iruñekoa, Matematikako lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta masterra du Modelizazio eta Ikerketa Matematikoan, Estatistikan eta Konputazioan. 2017tik Matematikako eta Estatistikako doktorea da NUPen. Bere tesian, modelizazio espazialeko eta denboraren eta espazioaren modelizazioko proposamen berriak garatu zituen, aplikazioak izanen zituztenak batez ere epidemiologian eta osasun publikoan. Zenbait sari lortu zituen egindako ekarpenengatik biltzar nazionaletan eta nazioartekoetan. Ikerketa, NUPen ez ezik, Glasgowko Unibertsitatean ere egin zuen (Erresuma Batua), non doktoretza aurreko ikerketa-egonaldi bat egin baitzuen. Hamar artikulu baino gehiago idatzi ditu beste batzuekin batera, JCRn bildutako eragin handiko aldizkarietan, eta deialdi publikoen bidez finantzatutako zenbait proiektutan hartu du parte. Gaur egun, kontratupeko irakasle doktorea da NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailean, bai eta Estatistika Espazialeko ikerketa-taldeko kidea eta INAMAT2 ikerketa-institutuko kidea ere.
Nerea de Acha Morrás, Nazarrekoa (Nafarroa), Telekomunikazio ingeniaria da (2014) eta Komunikazioen Teknologietako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako dotorea NUPen (2018). César Elosúa Aguado eta Francisco Javier Arregui San Martín zuzendari izan zituen bere tesian, zuntz optikoko sentsore nanoegituratuak garatu zituen oxigenoa lumineszentzia bidez monitorizatzeko. Ikerketa, NUPen ez ezik, Nottinghameko Unibertsitatean ere egin zuen (Erresuma Batua), non 2017an doktoretza aurreko egonaldi bat egin baitzuen. Indexatutako aldizkarietan argitaratutako hamabi artikuluren egilekidea da, eta hogei ekarpen egin ditu biltzar nazional eta nazioartekoetan. I+G-ko bederatzi proiektutan ere hartu du parte. Gaur egun, Eversens-en egiten du lan (NUPeko spin-off bat) Torres Quevedo beka bati esker (2021), eta irakasle elkartua da NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailean.
Juan Carlos García Funes, Segoviakoa, Historian lizentziatu zen 2010ean Unibertsitate Konplutentsean (UCM), eta Historia Garaikidearen Ikerketako Unibertsitatearteko Masterra egin zuen UCMn eta Zaragozako Unibertsitatean (2011-2012). Irakasle aritu da Sorbonako Unibertsitateko Letren Fakultateko Iberiar eta Latinoamerikar Ikasketen Prestakuntza eta Ikerketa Unitatean 2019tik 2020ra. Gaur egun, NUPeko Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtseko ikertzailea da, 2012tik hari lotuta baitago, eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle elkartua da. Bere ikerketa-lerroak Gerra Zibileko eta lehen frankismoko indarkeria frankistarekin daude loturik. 2017an doktoretza lortu zuen, tesi honekin: “Espacios de castigo y trabajo forzado del sistema concentracionario franquista”. Egilearen arabera, armada frankistak sortutako eta kudeatutako lan behartuko batailoiei buruzko lehen doktoretza-tesia da estatuan, eta lehenbiziko hurbilketa kuantitatiboa egiten du 1937tik 1945era bitarteko askotariko behar logistiko eta ekonomikoak asetzeko erabili ziren langile gatibuen inguruan.
Emilio Pindado Tapia, Avilakoa, Nekazaritzako ingeniaria da Avilako Unibertsitate Katolikoan, Nekazaritzaren, Elikaduraren eta Natur Baliabideen Ekonomiako Masterra du Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, eta, 2018tik, NUPeko doktorea da, Mercedes Sánchez katedradunak eta Ramo Barrena irakasleak gidatutako tesi batekin. Tesiak nekazaritzaren sektorearen barneko ekintzailetzaren banakako eta testuinguruko determinatzaileen azterketa izan zuen oinarri. Bere ikerketaren arabera, nekazari gazteak ekintzaileagoak dira bidea egina duten nekazariak baino, eta enpresaburu horien giza- eta gizarte-kapitala gakoa da ekintzailetza produktibo eta berritzailearen ezarpenean. Emilio Pindadok modu aktiboan parte hartu du nazioarteko zenbait ikerketa-proiektutan, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu Erresuma Batuan (Kent Business School), Herbehereetan (Wageningen University & Research) eta Danimarkan (Aarhus University). Gaur egun irakasle laguntzaile doktorea da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Nekazaritzaren, Elikagaien eta Biosistemen Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (ETISAAB) Nekazaritzaren Ekonomiako, Estatistikako eta Enpresen Kudeaketako Sailean.
You must be logged in to post a comment.