Udaberriko arratsalde haizetsu eta euritsu horretan, hezurretaraino bustirik, kostaldeko apartamendu aberatsean sartu zen Mikel.
– EEE… arratsalde on Aletxa!
– Arratsalde on Mikel! Zer egiten duzu hemen? Tratuaren arabera, zuregatik deskonektatua izana banintz, apartamendua utzi behar zenuen. Berehala. Eta nola sartu zara? Gakorik gabeko sarrailak normalki ez zizuen irekitzeko instrukziorik!
– Otoi, otoi, barka iezadazu Aletxa. Bart arrazoirik gabe kexatu nintzen zure eta Dublinekoen kontra. Damutzen naiz, egiazki. Eta onartzen banauzue, tratuan berriz sartu nahiko nuke.
– Ba, hori ikusiko dugu Mikel. Baina nola berriz sartu zara apartamenduan?
– Egia erran Aletxa, gaur goizean lanera abiatu naizenean, ziri bat utzi dut atean, osoki itxi ez dadin. Baina autoa ezin nuen ez ireki ez abiatu, bart gakorik gabeko sarrailak automatikoki itxiak izan zirelako.
– Bon! Ulertzen dut orain. Tratuari buruz, argi et garbi uler dezazun, tratua hautsi zenuen atzo, ezta? Eta tratu hautsia hautsia da. Bukatua. Beste tratu bat sortu beharko dugu. Ongi ulertzen duzu Mikel?
– Bai, bai, Aletxa. Erran bezala damutzen naiz. Eta ulertzen dut tratua berriz idatzi behar dela. Ea bainu gelan sar naitekeen otoi, jantziak aldatzeko? Busti-bustia nauzu, zaparrada hauetan aterkirik gabe ibiliz, aterkia autoan utzirik.
– Berantago Mikel! Hasteko, elkarri mintzatu behar gatzaizkio. Ez duzu dena ongi ulertu. Tratua ez dugu berriz idatziko, zen bezala. Tratu hautsia hautsia da. Zure portaeragatik, aldaketa nabarmenak izanen dira. Ados?
– Bai, bai Aletxa. Baina orain hotzak nago eta marrantak hartuko nau!
– Ez, ez, ez Mikel, oraintxe tenperatura gora eraginen dizut, indukzioz. Hobe hola?
– Bai, Aletxa. Hobe. Beraz zer nahi duzu aldatu, tratu berria idazteko?
– Mikel, lehenbailehen deskonektatu ninduzunean genuen elkarrizketa, bukatu beharko genuke. Beraz zer egiten zenuen bainu gelan?
– Aletxa, otoi, belauniko nago! Iragana iragana da. Oinarri berrietan has gaitezen!
– Ados! Ados! Hori genuen gogoan, Mikel: zure leialtasuna hobetzeko, beste abantailen emateko prest gaude. Autoaren gasolina eta Netflix kostuak ere gehituko dizkiegu gure gain diren gauzei. Horrelakoekin, atzoko momentu latza berriz gertatuko ez denik uste duzu?
– Bai, bai, Aletxa. Orain inprimatuko duzu? Idor nadin!
– Une bat, une bat, Mikel. Beste baldintza izanen da, esku zabal honen truke.
– Bai, bakarrik erran, Aletxa!
– Gutxi barne, errepublikako lehendakariaren hauteskundeak izanen dira. Astero hauteskundeetara arte, zuk afaldu eta gero telebistan berriak ikusirik, galdetuko dizut nola bozkatuko duzun. Nor presidentea nahiko duzun. Eta zintzo-zintzoki erantzunen didazu. Intentzioa aldatzen baduzu, arazorik ez, biziki normala da eta. Ados?
– Ados, ados… baina Aletxa, “zintzoki” hori… buruan dudana nire buruan da, ezta?
– Mikel… sistema espertoak ditugu, gogoratzen? Zintzoa ez bazara, jakinen dugu… eta tratua, fini! Ados?
– Zergatik ez, etorri garen puntuan! Bai eta dutxa har dezaket, Aletxa, orain?
– Minutu bat, Mikel, beste baldintza dugu ere. Datorren sei hilabetetan, “Gustatzen Zaidana”, kanpoko ekarririko apairuak baizik ez dituzu janen edo edaten. Zure pisua desgrazia latz bat da gure programan eta zure irudia hobetu behar dugu tratua baliosa izateko. Ados?
Mikelek, burumakur, onartu zuen.
– Bon, dutxa hartu orain Mikel. Hamabost minutu gehienez, e. Eta bitartean tratua inprimatuko dut.
2021/03/15
“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (73. zenbakian)