Laurogeiko hamarraldiaren bukaera aldean, irakasle ikasketak egina nengoen, baina, hala ere, oraindik beste ikasketa batzuk ere egiten jarraitzen nuen, Iruñeko kontserbatorioan, esate baterako.
Garai hartan, lantokia, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean neukan, eta, zenbait egunetan -ez denetan-, Iturrama auzotik Hizkuntza Eskolara, Kontserbatoriora, berriz Hizkuntza Eskolara joan, eta, azkenik, etxera itzuli egiten nintzen, gurpil aulki motordunean; guztira, agian, lau kilometro pasatxo. Egun jakin haietan, eta, gutxiago ibiltzeagatik, tabernaren batean, ogitarteko bat hartzen nuen, edari pixka batekin, etxeraino joan beharrik ez izateko.
Kontuan eduki behar da, urte haietan, Iruñean, oraindik ez zegoela, ez hiri-busik eta ez taxi egokiturik, horregatik, joan-etortzeko moldatu behar zen norberak ahal bezala. Gainera, zebra-bideetan, beheragune gehienak ere egin gabe zeuden. Horrek guztiak, zaildu eta katramilatu egiten zuen hirian zehar gurpil aulkian ibiltzea, eta, beste gauza bat gehiago ere bazegoen, alegia, beheragunerik ez egoteak, askotan behartzen ninduen asfaltoan ibiltzera, hau da, errepidean, ibilgailu handien artean, eta, ez espaloian, lasai-lasai, beharko litzatekeen bezala, horrek zekartzan arrisku larri guztiekin.
Baina, zailtasun horiei guztiei, gehitu behar zitzaizkien klimaren gorabeherak oro: hotza, beroa, euria, elurra, izotza, haizea, eguzkia, lainoa, hodeiak eta abar. Eskuin eskuarekin aulkia gidatzea eta ezkerrean euritakoa eramatea, ez zen batere erraza, eta, are gutxiago oraindik, haizeak indarrez jotzen bazuen; askotan, erdi bustita ere bukatzen nuen bidaia. Beste alternatiba bat zera zen, euri-kapusaia edota estalkiren bat erabiltzea, eta, halaxe ere luzaroan egin nuen, baina jartzeko eta kentzeko zailak izateaz gain, ikusmena eta entzumena ere asko murrizten zizkidaten -euritakoak bezala-, eta, hura, jada, gauza serioa zen, zeren eta, edozein momentutan istripuren bat gertatu ahal baitzitzaidan eta kontu hura ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula; hura arriskutsuegia zen.
Beste faktore garrantzitsu bat ere gogoan edukitzea komeni da, alegia, urte haietako gurpil aulki motordunak ez zirela gaur egungoak bezalakoak, ez, kaskarragoak baizik, eta, haiekin batera, baita bateriak ere. Batzuetan, baterien kargak ez zidan irauten ibilbide osoa egiteko, eta, horrek arazo latzak ekartzen zizkidan, zeren eta, gelditu ahal bainintzen edozein lekutan botata, ez aurrera eta ez atzera.
Halako ezbehar amorragarri batzuk pairatu eta gero, azkenean, konponbideren bilatzea erabaki nuen. Horretarako, lagun on eta trebe bati, proposatu nion hartzeko etxean neukan kargagailu zahar bat eta tamaina murriztea, orduko kargagailuak nahiko bolumentsuak baitziren.
Lan hura aida batean egin zidan, eta, handik aurrera, kargagailu txiki eta arin hura, beti gurpil aulkian eramaten nuen, zer gerta ere.
Gauzak hala, handik aurrera, askoz ere lasaiago ateratzen nintzen etxetik, zeren eta, baterien karga baxu samarra ikusi bezain azkar, hizkuntza eskolan edota kontserbatorioan bertan, entxufatzen bainituen bateriak, kargagailuaren bidez, jardunean ari nintzen bitartean, eta, hala, mota hartako ustekabe txarrak, behintzat, bukatu zitzaizkidan.