Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak NUPeko ikerketa-proiektu bat nabarmendu du jardunbide egokien adibide gisa
Pinuen hazkundea klima aldaketaren baldintza desberdinetan simulatzen duten ereduak erabiltzen ditu ikerketak
Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak (OPCC) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekologia eta Ingurumena taldeak garatutako proiektu bat nabarmendu du Pirinioetan klima-aldaketara egokitzeko jardunbide egokien adibide gisa. Proiektu horretan, ikertzaileek baso-erabilera simulatzeko baliatzen den FORECAST-Climate eredua aplikatu dute duela 22 urte Nafarroako Pirinioetako zenbait eremutan egiten ari diren landa-lanean. Zehazki, pinuen hazkundea simulatu dute klima-aldaketaren balizko bi agertokitan: larria eta moderatua.
NUPeko IMAB Institutuari atxikitako Juan A. Blanco ikertzailea buru duen Ekologia eta Ingurumena taldea da “Klima-aldaketara egokitzea Pirinioetako pinudietan: multzoaren dentsitatea kontrolatzen klima motaren arabera” proiektuaren egilea. Klima-aldaketaren ondorioz pinudiek etorkizunean izanen duten hazkundeari buruzko ziurgabetasuna murriztu egin daiteke prozesu ekologikoak eta basoak kudeatzeko estrategien ondorioak simulatzen dituzten ereduak erabiliz. Aipatutako ikerketan, baso-kudeaketaren ondorioak simulatu zituzten, ulertzeko nola aldatzen diren pinudiak prezipitazioaren, ebapotrasnpirazioaren eta zur-erauzketa areagotzearen arabera, horiek mantenugaien eskuragarritasunari eragiten ahal baitiote.
Egindako ikerketak, gainera, Nafarroako basogintza klima-aldaketara egokitzeko zenbait kudeaketa modu proposatu zituen (espazioaren testuinguruaren araberakoak). Ildo horretan, Juan A. Blancok adierazi duenez, “espero izatekoa da eremu baxuetan zuhaitzen hazkundea murriztu eginen dela eta eremu garaietan gehiago haziko direla. Horren ondorioz, baso-kudeaketa errealitate berrira egokitu beharko da”.
Proiektuak bi urte iraun zuen, eta, Juan A. Blancoz gain, honako hauek hartu zuten parte: J. Bosco Imbert, Yueh-Hsin Lo, David Candel-Pérez eta Federico J. Castillo ikertzaileek eta Ester González de Andrés eta Antonio Yeste doktoretzako ikasleek.
Ikerketa hori NaturClima proiektuaren barnean nabarmendu diren jardunbide egokietako bat izan da. Proiektu horren bidez, Pirinioen bi aldeetako naturaguneak kudeatzeaz eta gobernatzeaz arduratzen diren erakundeen arteko lankidetza areagotu nahi da, gune horiek klima-aldaketara egokitzea babestu, sustatu eta hobetzeko.