De vocatione
Egungo irakasleek ez omen daukate bokaziorik. Hala zioen aurrekoan norbaitek irmoki. Lehengo irakasle guztiak bokaziozkoak izango zirela ondorioztatu nuen neure artean, buruan nire irakasle ohiak zerrendatzen nituen bitartean. Halako egoerak isilpean eta lehenbailehen pasatzeko errezoan igarotzea hobesten dut, izan ere, irakasle baten aurrean irakasleei buruzko iruzkin ezkorrak ozen eta isekatsu egitea probokaziotik oso hurbil dagoela uste dut; alegia, zezena plazan dagoenean, erasotzeko prest, nahiago bidea balkoitik neurtu, hura baretu artean so, ohial gorria astindu eta norbaitek odoletan bukatu baino. Egoera horietan babesgabe dagoen animalia, normalean, irakaslea izan ohi da, eta, gainera, zaurituta bukatzeko aukera gehien dituena.
Kointzidentziak zer diren, bokazioa eta probokazioa aurkez aurke. Bokazio hitza latinezko vocatio hitzetik dator zuzen-zuzenean. Haren esanahia «(bazkaltzeko) gonbita» edo (epaiketarako) «deia» zein «zitazioa» izan daiteke, beti ere, testuinguruaren arabera. Pro-bokazioa, berriz, provoco aditzetik dator, «irtenarazi» edo «kitzikatu» adiera posibleekin.
Ondorioz, tauromakiaren adibide alderantzikatuari jarraiki, zezenak bere eremua markatzeko aztarrika ari denean, biktima ezkutalekutik ateratzeko probokazio betean eta ikuslegoaren txaloak entzuteko zain, boteretsu, musu zuloetatik hatsa jarioka, egoera horietan, bada, probokaziorako bokaziorik ez duenarentzat hoberena da banderillak laga eta entzundakoari buruz hausnar egitea.
Horretan nenbilela, beraz, deierazko ogibideak zeintzuk ote diren bilatzeari ekin nion. Itxuraz, «bokaziozko lanbideak, bihotzeko lanbideak» omen dira, alegia, bihotzez egiten direnak. Horien artean daude, noski, gizakiok espezie berekoekin ezinbesteko harreman estua izan behar dugun lanbideak: zaintzarekin, osasunarekin eta heziketarekin loturikoak, humanitatea tartean dagoen bizibide oro, hain justu. Humanitateak eskoletatik baztertu, errotik arbuiatu, gizartetik askatu eta bihotzetatik ostikoz jotzen ditugun mundu honetan, zehazki, irakasleoi bokazioa eskatzen zaigu, mediku, zaintzaile, erizain edo gizarteratzaileei bezalaxe; bost axola, ordea, autobus-gidari, bankari, mantentze-lanetarako teknikari, banatzaile edo lorezainak lanera gogoz kontra joaten diren ala ez, total, horiek ez dira deierazkoak.
Sarriki, badirudi bokazioaren izenean, lana edozein baldintzatan egitea onartu behar dela. Egun zehatzezin batean norbaiten dei misteriotsua jaso zuen hark, irribarrez eta bihotz samurrez hartu behar duela dirudi egunero jaikitzerakoan aurretik datorkion lansaioa. Behinola jasotako bihotzeko dei hura, gainera, betierekoa dela ematen du, estaldura bikainekoa, inoiz mozten ez dena, datorrena datorrela ere, lana beti pozarren eta bihotzez egiten dela irudikatzen duen horietakoa. Bokazioaren deia inoiz itzaltzen ez dela onartzeak, begiak itxita bizitzea posible dela erakusten du. Bihotza, batzuetan, belo ilunez estaltzen da.
Arras interesgarria iruditzen zait, bestalde, bokazioa nondik eta nola datorren aztertzea. Simone Weil pentsalariak A la espera de Dios liburuan, S. andereari igorritako eskutitzean, bokazio intelektualari buruz dihardu. Bertan, irmotasunez adierazten du pentsamendurako deierak berari nahitaez Elizatik urrun mantentzea eskatzen diola, Kristau dogmaren edozein konpromisorik gabe, harik eta lan intelektualik egiteko ezgai ez den arte. Weilentzat prestutasun intelektualak derrigortzen zuen, bokazio partikularra zen heinean, bere pentsamenduari, salbuespenik gabe, ideia oro ez axola izatera.
Bokazioa barru-barrukoa dela ukatzerik ez dago. Beste adibide bat aipatzearren, hogeita bi urte besterik ez zituela hil zen Concepción de Estevarena poeta sevillarra esango dut. Aitak bertsoak idaztea debekatu zion, eta alabak, zin egin bazion ere, aita ez zegoen bakoitzean paretan idazten zituen bere poemak, buruz ikasi eta, ondoren, ezabatu egiten zituen.
Amaitzeko, bokazioa deitzen zaion zera horri, izaten utzi behar zaio, interferentzia xelebrerik, hantuste bekaizkorrik eta nahikeria ebakitzailerik gabe; osterantzean, deia jaso duena hondoratu eta ito egiten baita. Ura izateko, ura izaten utzi behar da, ur izan, bertara jausitako objetuekiko axolagabe, haiek pisatu barik, beraiek pisatzen baitira euren kabuz, oszilazio une jakin baten ostean.