Definizioa
Dispepsia urdail-hesteetako oso asadura arrunta da, biztanleriaren % 21ek pairatzen du. Digestio zailak eragiten ditu aerofagiarekin, gastritisarekin edo idorreriarekin. Akutua, kronikoa edo errepikaria da, eta hestegorriko erreminekin, berrahoratze azidoekin, gastralgiekin, halitosiarekin, korrokadekin, goragaleekin edo okadekin agertzen da. Beharakoak ere ager daitezke. Dispepsiarekin batera meteorismoa agertzen da: urdaileko edo hesteetako distentsioa da, airea irensten denean (aerofagia) edo elikagaien digestio-prozesuan azukreak anormalki degradatzen direnean, gehiegizko H₂, CO₂ eta metanoa sortuz.
Baliteke dispepsiak ageriko kausarik ez izatea (dispepsia funtzionala edo idiopatikoa), azpiko gaixotasun ageriko batek eragindakoa izatea (dispepsia sekundarioa), edo hesteetako floraren alterazioek, elikagaien proteinekiko erreakzioek (glutena, batez ere), zenbait tratamendu farmakologikok edo infekzio batzuek eragindakoa (Helicobacter pylori).
Gaitza saihesteko, garrantzitsua da lehen-tratamendu mailan arreta jartzea, ohitura dietetiko osasuntsuak mantenduz.
Sintomen identifikazioa
Kontsultaren arrazoia digestio zailak izaten dira.
Urdaileko erresumina edo pirosia (bihotzerrea).
Berrahoratze azidoak.
Korrokadak edo flatulentzia.
Betetasun gastrikoaren sentsazioa.
Medikuagana bideratzeko irizpideak
Heste meharreko enteropatiak.
Heste narritakorraren sindromea.
Aurretiko digestio-patologia.
Zeliakia.
Giltzurrun-gutxiegitasuna.
Toraxeko min atipikoa.
Urdail-hesteetako neoplasia.
Aurretiazko tratamendu baten ondoren hobekuntzarik ez izatea.
Ebaluazioa
Medikamentu bati lotutako sintomak: AIEE (antiinflamatorio ez-esteroideoak).
Alkoholaren gehiegizko kontsumoa, kafeina, elikagai minak edo koipeak.
Haurdunaldia.
Eraginkortasunik gabe egindako aurretiazko ekintzak.
Bizi-ohiturak bateraezinak.
Baliabide terapeutikoak
Neurri higieniko-dietetikoak indikatzea
Pisu osasungarria mantentzea, gehiegizko pisua eta obesitatea saihestea.
Ez jan jarrera txarrean, eta ez etzan bazkaldu eta berehala.
Poliki jatea, behar bezala murtxikatuz eta elikagai gehiegi kontsumitu gabe.
Ez jantzi arropa esturik sabelaldean.
Estresa saihestu.
Ez erre, eta ez kontsumitu alkohol edo kafeina gehiegi.
Dieta osasuntsua eta orekatua izan, janari minak edo oso koipetsuak saihestuz.
Tratamendu farmakologikoa
Prozinetiko ortopramidikoak; simetikona; digestio-entzimak; antidepresiboak eta psikofarmakoak kasu jakin batzuetan.
Fitoterapia
Zingiber officinale Roscoe, Silybum marianum L., Mentha x piperita L., Cynara scolymus L., Pimpinella anisum L. Kontraindikazioak: landarearen drogarekiko edo medikamentuaren beste edozein osagairekiko hipersentikortasuna. Arreta neurriak: haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da sendabelar horien segurtasuna ezarri.
JENGIBREA
Zingiber officinale Roscoe
Landarearen droga: errizoma.
Osagai nagusiak: oleoerretxinak (olio esentziala eta substantzia minak). Olio esentzialean hidrokarburo seskiterpenikoak: α-zingiberenoa, β-seskifelandrenoa eta β-bisabolenoa, besteak beste. Substantzia minetan, gingeroleak eta sogaoleak.
EMA indikazioa: Zinetosiak eragindako gorakoen eta zorabioen tratamendua. Urdail-hesteetako asaldura arinak, hanturarekin eta flatulentziarekin agertzen direnak.
EMA posologia: 180 mg 3 aldiz egunean. 6-12 urteko haurrak: kapsula bat egunean. 13 urtetik aurrera, 2 kapsula egunean. Zorabio zinetikoen kasuan, bidaiatu baino ordu erdi lehenago hartzea gomendatzen da.
Arreta-neurriak: sintomek bi aste baino gehiago irauten badute, medikuari kontsultatu behar zaio.
ASTALIKARDUA
Silybum marianum L. Gaertner
Landarearen droga: fruitua.
Osagai nagusiak: hainbat flabolignanoen nahasketa den silimarina, hala nola silibina, silikristina eta silidianina.
EMA/AEMPS indikazioa: dispepsia eta behazun-jatorriko digestio-arazo funtzionalak.
EMA posologia: egunean 1800 mg har daitezke, 2-3 hartualditan.
AEMPS posologia: 300-900 mg eguneko, hainbat hartualditan banatuta. Helduak: 2 kapsula hartu bazkarian eta 2 kapsula afarian.
Arreta-neurriak: haurdunaldian eta edoskitzaroan ez erabiltzea gomendatzen da, ez baitago daturik.
Kontrako erreakzioak: goragaleak, beherakoak, zefalea eta erreakzio alergikoak.
MENDA
Mentha x piperita L. (M. spicata L.-mendabeltzaren- eta M. aquatica L.-xipa-belarraren- hibridoa)
Landarearen droga: hosto lehortuak eta olio esentziala.
Osagai nagusiak: Mentolean aberatsa den olio esentziala zeinak konposatu polifenolikoen eta fenolen proportzioa handia baitu, azido rosmarinikoa esaterako. Flabonoideak eriozitrina esate baterako.
EMA/AEMPS indikazioa: erabilera tradizionala digestio-arazoen tratamenduan, hala nola dispepsia, flatulentzia eta gastritisa.
EMA posologia: 4-14 urte bitarteko haurrentzat: 1-2 g egunean 3 aldiz. Helduak: 1,5-3 g egunean 3 aldiz, infusio moduan.
AEMPS posologia: 0,2-0,4 olio esentziala, egunean 3 aldiz.
Arreta-neurriak: EMAk ez du gomendatzen olio esentziala erabiltzea 2 eta 4 urte bitarteko haurretan, eta kontraindikatutzat jotzen du 2 urtetik beherakoetan erabiltzea (mentola arnasteak laringe- eta bronkio-espasmoak eragin ditzake). Kontuz hiperazidotasuna duten pazienteekin.
Kontrako erreakzioak: hipersentikortasun-erreakzioak eragin ditzake, eta errefluxu gastroesofagikoa eta urdailaren azidotasuna okerragotu.
Kontraindikazioak: gibeleko gaixotasuna, kolangitisa, aklorhidria, behazun-kalkuluak eta beste edozein behazun-asaldura.
ORBURUA
Cynara scolymus L.
Landarearen droga: hostoa.
Osagai nagusiak: azido fenolikoak: azido kafelkinikoak eta azido klorogenikoak, besteak beste, zinarina. Azido organikoak, horien artean azido kinikoa nabarmentzen da.
EMA/AEMPS indikazioa: digestio-eragozpenak hala nola dispepsia betetasun sentsazioarekin, hanturarekin eta flatulentziarekin.
EMA posologia: 600-1500 mg, 2-4 hartualditan banatuta.
AEMPS posologia: 400 mg egunean 3 aldiz edo 450 mg egunean 2 aldiz. 12 urtetik gorako nerabeak eta helduak: 3 kapsula hartu bazkarian eta 3 kapsula afarian.
Arreta-neurriak: ez dago horren segurtasun-daturik haurdunaldian eta edoskitzaroan, eta ez da gomendatzen 12 urtetik beherako haurretan erabiltzea.
Kontrako erreakzioak: beherako arina sabeleko espasmoekin eta min epigastrikoekin.
Kontraindikazioak: alergia ezaguna orburuari edo Konposatuen familiako beste landare batzuei. Behazun-hodien buxaduran eta hepatitisean (kontrol medikoaren pean izan ezik).
ANIS-BELARRA
Pimpinella anisum L.
Landarearen droga: fruituak eta olio esentziala.
Osagai nagusiak: trans-anetola, estragola, anisaldehidoa, kumarinak (eskopoletina eta unbeliferona).
EMA/AEMPS indikazioa: anisaren fruituaren eta horren olio esentzialaren ahotiko erabilera tradizionala onartzen da, digestio-asaldura espasmodiko arinak tratatzeko, sabel-distentsioa eta flatulentzia barne.
EMA posologia: 12 urtetik gorakoentzat, 1-3,5 g anis fruitu infusioan, osorik edo zatituta, 150 ml uretan, egunean 3 aldiz. Olio esentziala: 50-200 µl, egunean 3 aldiz, helduetan bakarrik.
Arreta-neurriak: ez dira tratamenduko bi asteak gainditu behar. Haur txikiak, haurdunek eta bularreko haurrek estragolarekiko esposizioa minimizatu beharko lukete. Anetola dosi altuetan neurotoxikoa da, eta estragolarekin batera, hepatotoxikotasuna eragin dezakete.
Kontrako erreakzioak: anetolak eragindako ukipen-dermatitisa.
Kontraindikazioak: drogarekiko edo Apiaceae familiako beste landare batzuekiko hipersentikortasuna.
Erreferentzia
Egileak: Folgado Bisbal, R (Sendabelarretako batzordekidea. Farmazialarien Elkargo Ofiziala. Valentzia). Testu-orraztailea: Allúe Creus, J. (Sendabelarretako batzordekidea. Farmazialarien Elkargo Ofiziala. Bartzelona).
2020-2021. Plantas Medicinales. Protocolos del Servicio de Indicación Farmacéutica en trastornos digestivos: dispepsias y meteorismo. Farmazia Bulegoko Nazio Batzordea. Sendabelarrak. Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia. Kolaboratzailea: Arkopharma Institutua.