NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ARLOKO TRANSFERENTZIA ETA BERRIKUNTZA KATEDRA

Ezkerretik eskuinera, Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari eta INTIA Administrazio Kontseiluko burua; Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendari kudeatzailea

NUPek eta INTIAk Nekazaritzako Elikagaien arloko Transferentzia eta Berrikuntza Katedra sortu dute

Katedraren xedea da ezagutza sortzea, ikasle eta profesionalak prestatzea eta eta zabalpen jarduerak bultzatzea

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegiturei buruzko Nafar Institutuak (INTIA) hitzarmen bat sinatu dute NUPeko Nekazaritzako Elikagaien arloko Transferentzia eta Berrikuntza Katedra berria sortzeko. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Itziar Gómez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilari eta INTIAko Administrazio Kontseiluko buruak sinatu dute hitzarmena.

Katedra berriaren helburua da ezagutza sortzea arlo hauetan: nekazaritza, abeltzaintza, ureztatzeak eta azpiegiturak, digitalizazioa, nekazaritzako ekonomia, kudeaketa, nekazaritzako elikagaien kalitatea eta nekazaritzako elikagaien kalitatearen eta sustapenaren ziurtagiriak, besteak beste. Esparru horretan, ikerketa aurreratua sortu eta sektorean lan egiten duten ikasle eta pertsonen prestakuntza praktikoa lagundu nahi dira. Halaber, katedrak unibertsitate zabalpeneko jarduerak babestuko ditu, hala nola kultura, kirol eta gizarte jarduerak.

Itziar Gómez kontseilariaren esanetan, “erronka horiek, bai nekazaritza-politikari dagokionez, bai merkatu-eskariari dagokionez, geroz eta lotuago daude jasangarritasunarekin, eta etengabeko berrikuntza eskatzen dute. Ezagutzaren esparruko lankidetza hori aukera handia da Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorerako”.

Baterako jardueren garapena

Zehatzago, katedraren esparruan ikerketa proiektuak eta transferentzia jarduerak bultzatuko dira, bai eta master amaierako lanak eta doktoretzako lanak ere. INTIAko zuzendaritzako kideek Unibertsitatean parte har dezaten bultzatuko da, esperientziak partekatzeko, eta etengabeko prestakuntzako jarduerak eginen dira INTIAko langileentzat. Halaber, NUPeko irakasle eta ikertzaileek INTIArekin lankidetzan jarduten ahalko dute esperimentazio saiakuntzen analisian eta interpretazioan, bai eta estatistika tresna eta saiakuntzen diseinuan ere.

Horretaz gainera, NUPeko ikasleek praktikak INTIAn egin ditzatela bultzatuko da, bai eta INTIArekin harremana duten nazioko eta nazioarteko beste unibertsitate batzuekiko trukeak ere, eta sozietate publikoaren instalazioetara bisitak eginen dira. Transferentzia, dibulgazio, komunikazio eta prestakuntza jarduerak ere antolatuko dira, hala nola hitzaldiak, mintegiak, ikastaroak edo jardunaldiak, eta bekak edo sariak ematen ahalko dira.

Jarraipen Batzorde Mistoa

Hitzarmenaren arabera Jarraipen Batzorde Misto bat sortuko da. Gutxienez ere bina eta gehienez ere bosna ordezkari izanen dituzte aldeek, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta INTIAk izendatuko dituzte, hurrenez hurren.

Batzorde horrek proposatuko du katedraren zuzendaria, urteko jarduera programa gidatu dezan eta hura gauzatzen dela begira dezan.

INTIAren jarduera

Hitzarmenaren testuan adierazten den bezala, INTIAren misioen artean daude, besteak beste, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorea transferitzea, berritzea eta egituratzea, ezagutza eta zerbitzuak sortuz, sektorearen profesionalizaziorako eta etengabeko erronketara egokitzeko.

INTIA Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari atxikitako sozietate publikoa da, eta CPENkoa da (Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa). 2011n sortua, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorean 40 urte baino gehiago daramaten enpresa hauen fusiotik sortu zen: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ITG, Riegos de Navarra eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitaterako Institutua. Sozietate horrek balio kate osoan egiten du lan, lehen sektoreko produkziotik nekazaritzako elikagaien industriara, 5 jarduera arlorekin: esperimentazioa eta I+G aplikatua; aholkularitza eta prestakuntza sektoreari; kalitate berezituko markak kontrolatzea eta ziurtatzea; berrikuntza balio katean, eta elikagaien sustapena Reyno Gourmet markarekin; eta ureztatzeak, Nafarroako ubidean ureztatzen ahal den zonako proiektuen garapenean.