NUPEKO BI IRAKASLE “HERRITARREN ZIENTZIA, BIODIBERTSITATEA ETA HEZKUNTZA” GIDALIBURUAREN EGILE

Bi ikasle argazkiak ateratzen ari dira mugikorrarekin herritarren zientziaren inguruan NUPen egindako jarduera batean

Ikastetxeek Arga Ibaiaren Proiektuari jarraipena eman diezaioten balioko du argitalpenak, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak finantzatu du

Esther González García Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landareen Fisiologiako irakasle titularrak eta Javier Peralta erakunde horretako irakasle elkartu eta herbarioaren arduradunak egin dute “Herritarren zientzia, biodibertsitatea eta hezkuntza” gidaliburua. Onlineko argitalpen horrek herritarren zientzia zer den azaltzen du, eta Arga Ibaiaren Proiektuaren berri ematen, zeina Nafarroako hamaika ikastetxerekin elkarlanean egin baitzen duela urte batzuk. Esther Gonzálezek azaldu duenez, gidaliburuaren helburua da “herritarren zientzia hezkuntzaren esparruan zabaltzea, eta baliagarria izatea ikasleek edo interesa dutenek proiektuan parte hartzen jarrai dezaten beren kasa eta hurbil duten eremuan. Gidaliburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da.

Arga Ibaiaren Proiektua iNaturalist izeneko plataforman dago garatua (https://www.inaturalist.org/projects/arga), herritarren zientziari buruzko webgunean, eta Mancoeduca ingurumen hezkuntzako proiektuaren parte da, zeina Iruñerriko Mankomunitateak bultzatua baita. Gidaliburua Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak finantzatu du.

Argitalpenak, ibaiaren proiektua eta herritarren zientziaren inguruko plataforma azaldu ez ezik, beste zenbait alderdi ere lantzen ditu: zer den herritarren zientzia, nola erabiltzen ahal den hori biodibertsitatea aztertzeko eta hari buruz gehiago jakiteko, zer-nolako interesa duen hezkuntzarako eta non dauden biodibertsitateari buruzko datuen biltegiak eta plataformak.

Gaur egun —dio Javier Peraltak—, gizartearen parte handi batek ez daki zer den herritarren zientzia; haatik, sektore asko baliatzen ahal dira zientziaren adar horretaz, besteak beste hezkuntza. Gure hizkuntzan ez dugu material askorik, eta, beraz, jarduerak egin behar ditugu herritarren zientziaren plataformak herritarrei ezagutarazteko”.

Gidaliburuaren idazleek azaldu dutenez, herritarren zientziak modua ematen du herritarren intereseko gauzak eginez herritarrak eta komunitate zientifikoa harremanetan jartzeko; hau da, jendeak bere borondatez parte hartzen du zientzialariek antolatutako jardueretan galderak eginez eta datuak bilduz eta interpretatuz. Espezieen behaketak egiteko proiektuen kasuan, halako ekimenek komunitate zientifikoari aukera ematen diote behaketa masiboak egiteko eta bestela nekez eginen liratekeen ikerketak egiteko horrela.

Plataforma irekia

Arga Ibaiaren Proiektuan hamaika ikastetxek hartu zuten parte, eta orain arte 5.370 flora- eta fauna-espezie baino gehiagoren behaketak egin dituzte ibaiaren ibilguko zenbait lekutan. iNaturalist plataforma erabili dute behaketen berri emateko, zeina oso tresna egokia baita bigarren hezkuntzako ikasgeletan biodibertsitatearen kontzeptua lantzeko; izan ere, erabilerraza da, interaktiboa, eta tresna horrekin sortutako proiektuek modua ematen dute ikasgela edo ikasturte bateko ikasle guztiak elkarlanean aritu daitezen. Mahai gaineko ordenagailu batean eta gailu mugikorretan erabiltzen da.

Gidaliburuaren atal batean, zehatz-mehatz azaltzen da zer alderdi hartu behar diren kontuan iNaturalist-en proiektu bat sortzeko, nola kargatu behar diren behatutako espezieen argazkiak plataforman, eta zer jakin behar den hura erabiltzen hasteko.