GERRA MAITE EZ DUTEN GIZONAK

Si vis pacem, para bellum

 

Badaude, eta asko dira. Gaitz erdi! Gerra maite dutenak, ostera, gizonak dira, gehienak, behintzat. Horra hor gaitzaren beste erdia. «Gerra maitatzea» esamoldea bera contradictio in terminis izan zitekeen, baldin eta maitasuna borrokazalea dela jakingo ez bagenu.

«Gerra maite ez duten gizonak» esaten dugunean, gerra hitza horrela, bere horretan, singularrean eta orokorrean, zeri buruz ari garen zehaztea komenigarria litzateke. Gerra ez delako bakarra, ezta mota batekoa eta uniformea ere. Indarkeriak mozorro asko ditu, eta alderrai ibili ohi da, edozein kantoietan, zelatari.

Homeroren Iliada-ko XXII. kantura jo behar dugu Hekuba erregina troiatarrak Hektor semeari bular bat erakusten diola irakurri ahal izateko, murru barruan sartu eta arerioari aurka ez egiteko erregutzen diolarik. Pasarte horren sinbologia garbia da. Ahozko tradizioak, bi pertsonaia horien ereduarekin, emakumea bizitza-emalea eta gizona borrokazalea dela adierazten zuen.

Argi dago izter artean dugun horrek ez duela baldintzatzen esku artean hartu beharrekoa: umea ala ezpata. Emakumeok ere izan gaitezke Atenea. Eta gizonak? Gizonek ba al dute Afrodita izateko aukerarik? Agian, pasioa irudikatzeko, maitasunaren lokarriaren muturretako bat, baina, orduan ere, eskuetan gezia eta bizkarrean buiraka eraman behar, edonor zauritzeko prest.

Nolanahi ere den, ez naiz arituko aberriaren izenean euren burua defendatzeko parean harrapatutako ezezagun oro akabatzeko prest ateratzen diren gizabanako koitaduei buruz; konplexuren baten isla izan zitekeen adinako mahai luze-luzeetan traje kutsugabez jantzita eseri eta odol zipriztinik ere jausiko ez zaien horiei buruz baizik. Boterea eta dirua edukitzeaz gain, gose aseezinak jotako handinahikeria eta galtzeko aukera murritzaren babesa duten izaki gupidagabeei buruz, hain zuzen. Jolas-taularen aurreran jarri, eta piezak (gu guztiok) mugitzera dedikatzen diren horiei buruz. Gerra maite dutenak dira. Goitik baino, gainetik, Olinpotik jarduten dutenak.

Orain, kalteak gertu sumatu ditugun sasoi honetan, pandemia mamu bihurtu den aldi arraro honetan, badirudi, gerrari ezetz oihukatzeko premia sartu zaigula, urrutitxo daudenean egiten ez dugun ozentasunarekin. Biolentzia, edozein formatan, beti existitu da, eta hala jarraituko duela iruditzen zait, harik eta gizakiak gosea izateari uzten ez dion arte. Chantal Maillardek ¿Es posible un mundo sin violencia? liburuan ematen du indarkeriarik gabeko mundu bat eraikitzeko posibilitatearen gakoa: errukia.

Dena den, ekonomiaren lehian bizi garen bitartean, guztiok gara gerraren zeharkako partaide, nahi ez arren. Bankuek gure kontu korronteekin finantzatzen dute armen industria. Eta nola askatu gurpil horretatik? Ezinezkoa da; ahaleginak egin arren, hamsterrak gara. Urrutira joan gabe, idazten ari naizen herritik gertu, armagintza-eskola bat dago, animaliak akabatzeko balio duten armek pertsonak hiltzeko ere balio dutela ahaztu gabe; erabiltzailearen esku (eta buru). Milaka futbol amorratuk ere, estadioan txalotzen dute armamentu enpresa baten jabe den presidentearen taldea, futbol-zelai erdian «TODOS CON UCRANIA» adierazten duen pankarta luze-luzea erakutsiz, Putinen mahaiaren proportzioei jarraiki, dena maiuskulaz, eta gazteleraz, taldea euskalduna izan arren, TODOS maskulinoan eta pluralean, era horretan euren burua eta zaleena zurituko dutelakoan. Zer txalotzen dute?

Tira, biolentzia eta hipokrisia eskuz esku, bata bestearen sostengu. Biolentzia, gerra itxuran, nahi baduzue, gertukoa denean urduritzen gara. Nazka. Nazka gerrak, nazka biolentziak, nazka munduaren eraikuntza zitalak. Gaztelaniazko ansia hitzaren adieratako bat, euskaraz, goragalea da. Ba horixe, oka egiteko gogoa ematen duen egoera amaigabea izango da mundua antzara-jokotzat hartzen duenik existitzen den bitartean.

Maite López Las Heras