ARTEA OINEZ ERAKUSKETAK KONDESTABLEN AURKEZTUKO DITU

86 artistaren diziplina anitzeko sorkuntzak,

aurten tafallako Javier Esquíroz pintorearen omenez

Erakusketa apirilaren 24ra bitarte egonen da ikusgai,
eta, edizio honetan mugimendua du hizpide,
kulturaren bidez gogoeta egitera eta gizartea hobetzera bideratua
Artea Oinez ekimenak hogeita bost urte betetzen ditu, eta horren harira, Tafallan eginen den 2022ko Nafarroa Oinez jaiarekin lotutako erakusketa bat antolatu du, zeinetan modu desinteresatuan parte hartu nahi izan duten 86 artistaren diziplina anitzeko lanak biltzen baitira. Aurten, erakusketa mugimenduari eskainita dago, hainbat estilo eta teknikaren bidez egindako sorkuntzekin, eta Tafallako Javier Esquíroz artista omentzen du. Apirilaren 24ra bitarte egonen da ikusgai Kondestablearen jauregiko lehen solairuko 1. eta 2. aretoetan.

 

Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak, Josu Repáraz Nafarroako Ikastolen Federazioko zuzendariak eta Paula Arregui Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolako zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute erakusketa. Kondestableko bi aretoetan, baita Tafallako Kultur Zentroan ere, izanen da ikusgai mugimenduan dagoen erakusketa dinamiko hau, eskulturak, eskulto-pinturak, marrazkiak, instalazioak, grabatuak, bideoak, argazkiak, inpresio digitalak eta teknika mistoak dituena. Lan gehienak korronte abstraktukoak dira, baina haien artean badira ere figuratiboak, espresionistak, geometrikoak, hiperrealistak, sinbolistak eta informalistak, besteak beste, azken joerei arreta berezia eskainita.
Edizio honetan mugimendua dugu hizpide, kulturaren bidez gogoeta egitera eta gizartea hobetzera bideratua. Kulturak pertsona gisa hobetzen gaitu, eta ezinbestekoa da gizartearentzat. Aurreranzko mugimendu bat proiektatzen du, adimena zabaltzen duena, ekintzara pasatzeko. Erakusketa hausnarketa kulturalaren mugarri gisara ulertu da, gaur egun sortutako arte garaikidea lasaitasunez eta distantziaren bidez begiestera bideratua.
Erakusketak borondate asko eta eskuzabaltasun handia biltzen ditu, arte-panoramarik garaikideenaren barruan kokatzen diren lanekin. Arduraz hartutako erronkak komunikazio-aldiberekotasuna bilatzen du, non sorkuntzen arteko magia sortuko baita, eta bizi dugun unea azaltzeko aukera emanen baitu. Artea emozioa eta energien trukea da, eta pertsona gisa hazten eta zentzu askotan aldatzen laguntzen digu. Artista bakoitzak helburu oso desberdinekin eraikitzen ditu enuntziatuak, haren lanean definizioa eta erreferentzialtasuna bilatu nahian. Publikoak eta kritikak haien balorazio poliedrikoak animatu eta mugiarazten dituzte, elkarrizketa haien erresonantzia semantikoekin bat suspertuz.

 

Javier Esquíroz Armendáriz
1953an Tafallan jaioa, Javier Esquíroz Armendárizek kanpoan bilatzen du, barrutik sortzeko, zeharo sentikorra den berezko nahimen espresiboaren bidez. Horregatik da hain bikaina bere lana, mimatzen duelako, pintzelkada espresionista eta materikoenetik hasi eta xehetasun txikieneraino. Haren ekoizpen artistikoan, formak lurraren arraseko unibertso natural baten protagonista gisa agertzen dira. Irudi indartsuak, non xehetasunak funtsezko protagonismoa hartzen baitu. Enkoadraketa laburrak, oso fotografikoak, artista plastikoak bakarrik eman dezakeen kategoria batera igotakoak.
Haren lanak natura begiestetik abiatzen dira, begiratzen jakitearen artetik. Soiltasunez lortzen du bere lanak lan plastikoaren, konposizioaren eta kolorearen inguruko ikasgaiak izatea. Bere bizitzatik gertuen dagoen natura, haurra zenetik barneratua, bere produkzio gehienaren oinarria da, unibertso berri bat sortzeko, non ingurune jakin hura, uraren jarioaren xehetasun hori edo bere oinarriko errekarriak sakratu egiten baitira. Etiketagarria denaz harago doan unibertso poetikoa, askotan misteriotsuak eta enigmatikoak diren gaiak planteatzeko, hala nola denboraren ezinbesteko joana. Ziudadelako Bolborategian erakusgai egon zen ‘Irunberriko arroila’ haren azken proiektuak, begirada artega eta bitxi batetik, haren sormenaren motorra ezagutzen du, mundu begetal eta mineralarekiko errespetuzko ekintza batean.
Hainbat euskarritan, teknikatan eta formatutan, neurri handiko mihiseetatik hasi eta lan txikiagoetara, Javier Esquirozek akuarelak, tinta txinatarra, akrilikoa, grafitoa eta egur gaineko olioa konbinatzen baititu. Bere paleta sentsoriala da, ñabarduran zehatza, benetako kolorearen laguna. Figuraziora jotzen duten lanak errealitatearen zatitxoz eginda daude. Batzuetan itxuragabetu egiten dira, hain errealistak ez diren eta abstraktuagoak diren pintura-unibertsoak sortzeko; pintzelkada espresionista eta materikoenak eta delikatu eta sotilenak uztartuta.
Artea Oinez 2022 ekimenean parte hartuko duten artistak
Xabier Agirre
Elena Aitzkoa
Faustino Aizkorbe
Juan Aizpitarte
Greta Alfaro
Lorea Alfaro & Jon Otamendi
Carlos Alonso
José Ramón Anda
Marta Aramendia
Ibon Aranberri
Txaro Arrazola
Alfonso Ascunce
Pello Azketa
Txomin Badiola
Nadia Barkate
Baroja Collet
Nestor Basterretxea
Clemente Bernad
Carlos Cánovas
Jorge Cardarelli
Concha Cilveti
June Crespo
Josette Dacosta
Bingen De Pedro
Andrés De Prado
Xabier De Zerio
Miren Doiz
Mikel Eskauriaza
Celia Eslava
Javier Esquíroz
Andoni Euba
Jon Mikel Euba
Leopoldo Ferrán
Txaro Fontalba
Iñaki Garmendia
Ángel Garraza
Kepa Garraza
Asunción Goikoetxea
Juan Gorriti
Patrik Grijalvo
Mari Puri Herrero
Juan Jesús Ilundain
Zaloa Ipiña
Pello Irazu
Alicia Irigoyen
Carlos Irijalba
Sahatsa Jauregi
Vicente Larrea
José Ángel Lasa
Jesús Mari Lazkano
Mikel Lertxundi
Sagri Mauleon
Asier Mendizabal
Juan Mieg
Idoia Montón
Ángela Moreno
Xabier Morrás
Manu Muniategiandikoetxea
Itziar Okariz
Mikel Okiñena
Leire Olkotz
Eugenio Ortiz
Fernando Pagola
Txuspo Poyo
Sergio Prego
Mari Jose Recalde
Asun Requena
Mabi Revuelta
Ana Riaño
Javier Riaño
David Rodríguez Caballero
Teresa Sabaté
Ixone Sádaba
Dora Salazar
José Antonio Sistiaga
Juan Sukilbide
Susana Talayero
Iratxe Ursua
Darío Urzay
Mayte Vélaz
Azucena Vieites
Maia Villot De Diego
Begoña Zubero
Javier Zudaire
José Luis Zumeta