EDUARDO GALEANOREN HITZAK: “KONKISTAREN GAINEKO ARRAKALA”

Kristobal Kolonek aurkitu zuen Amerika 1492an?

Edo bikingoek aurkitu zuten haren aurretik? Eta bikingoen aurretik?

Han bizi zirenak zer ziren bada?

Historia ofizialak dio Vasco Nuñez de Balboak ikusi zituela lehenengoz,

Panamako gain batetik, bi ozeanoak. Han bizi zirenak itsuak ziren?

Nork ipini zien izena lehenengoz artoari eta patatari, tomateari eta txokolateari

eta Amerikako mendi eta ibaiei?

Hernan Cortesek, Francisco Pizarrok? Han bizi zirenak mutuak ziren?

Esan digute, eta jarraitzen dute esaten, Mayflowerko erromesek

jendeztatu zutela Amerika. Amerika hutsa zegoen?

Kolonek zer zioten ulertzen ez zuenean, uste izan zuen ez zekitela hitz egiten.

Biluzik ibiltzen zirenez, otzanak zirenez eta ezeren truk dena ematen zutenez,

uste izan zuen arrazoimenik gabeko jendea zela.

Eta seguru zegoenez Ekialdera atzeko atetik sartu zela,

uste izan zuen Indiako indiarrak zirela.

Ondoren, bigarren bidaian, almiranteak akta bat idatzarazi zuen

eta Kuba Asiaren parte zela ezarri zuen.

1494ko ekainaren 14ko agiriak dakarrenez,

hala aitortu zuen hiru ontzietako eskifaiak;

eta kontrakorik esaten zuenari ehun zigorkada emango zitzaizkion,

hamar mila marabedi kobratuko zitzaizkion zigor gisa, eta mihia moztuko zioten.

Hernan Perez de Luna notarioak, fede eman zuen.

Eta oinean sinatzen zekiten marinelek sinatu zuten.

Konkistatzaileek exijitzen zuten Amerika izan zedila beretaz ez zena.

Ez zuten ikusten ikusten zutena, ikusi nahi zutena baizik:

gaztaroaren iturria, urrezko hiria, esmeralden erresuma, kanelaren herrialdea.

Eta amerikarrak irudikatu zituzten lehen Ekialdeko paganoak irudikatzen zituzten bezala.

Kristobal Kolonek sirenak ikusi zituen Kubako itsasbazterrean giza aurpegiekin eta oiloen lumekin,

eta jakin zuen handik ez oso urruti gizonek eta emakumeek buztana zutela.

Guyanan, sir Walter Raleighek dioenez,

zenbaitzuek begiak zituzten besagainetan eta ahoa bularrean.

Venezuelan, Pedro Simon fraideak dioenez,

indiar batzuek belarriak lurrean arrastaka zeramatzaten, hain zituzten handiak eta.

Amazoniako ibaian, Cristobal de Acuñak dioenez,

bertakoek hankak alderantziz zituzten, orpoak aurrean eta behatzak atzean,

eta, Pedro Martin de Angleriak dioenez,

emakumeek beren bularretako bat mutilatzen zuten geziak hobeki tiratzeko.

Angleriak, Amerikako aurreneko historia idatzi bai baina han inoiz izan ez zenak,

esan zuen Mundu Berrian jende buztanduna zegoela, Kolonek kontatu bezala,

eta haien buztanak luze-luzeak zirela eta esertzekotan zuloak zituzten jarlekuetan esertzen zirela.

Kode Beltzak esklaboen tortura debekatzen zuen Frantziako kolonietan.

Baina beltzak ez zituzten jotzen torturatzeagatik, hezteagatik baizik

eta ihes egiten zutenean hankako zainak ebakitzen zizkieten.

Hunkigarriak ziren Indiako legeak, indiarrak babesten baitzituzten Espainiako kolonietan.

Baina are hunkigarriagoak ziren pikota eta urkamendia Plaza Handiaren erdian sartuak.

Oso sinesgarria zen Errekerimendua irakurtzea,

herrixkei eraso bezperan indiarrei azaltzen baitzieten

Jainkoa mundura etorri zela eta haren lekuan San Pedro utzi zuela

eta San Pedroren ondorengoa Aita Santua zela

eta Aita Santuak Gaztelako erreginari eman zizkiola lur horiek guztiak

eta horregatik alde egin behar zutela edo bestela zergak ordaindu urre gorritan

eta uko eginez gero edo berandutuz gero gerra jasango zutela

eta esklabo bihurtuko zirela beren emazte eta seme-alabak bezala.

Baina obeditzeko Errekerimendua mendian irakurtzen zuten, gau betean,

gaztelaniaz eta interpreterik gabe, notario aurrean eta ez indiarren aurrean,

indiarrak lo baitzeuden, handik legua batzuetara,

eta haiek ez zuten arrastorik ere zer zetorkien.

Orain ez gutxi arte, urriaren 12a Arrazaren Eguna izaten zen.

Baina existitzen al da halakorik?

Zer da arraza, ez bada gezur bat hurkoa estutu eta akabatzeko?

1942. urtean, Estatu Batuak mundu gerran sartu zenean,

herrialde horretako Gurutze Gorriak erabaki zuen odol beltzekoak ez zituztela onartuko plasma bankuan.

Horrela arrazak ez ziren nahasiko xiringa bidez, debekatua baitzegoen elkarrekin oheratzea.

Norbaitek ikusi al du, inoiz, odol beltzik?

Ondoren, Arrazaren Eguna Topaketa Egun bihurtu zuten.

Topaketak al dira inbasio kolonialak? Atzokoak, eta gaurkoak, topaketak?

Ez ote da hobe bortxaketa esatea?

Beharbada, Amerikako historiaren atalik esanguratsuena 1563. urtekoa izan zen, Txilen.

Araucoko gotorlekua inguratua zuten indiarrek, urik eta janaririk gabe,

Baina Lorenzo Bernal kapitainak ez zuen errenditu nahi izan. Hesiaren atzetik oihuztatu zuen,

gero eta gehiago izango gara!

Zein emakumerekin? –galdetu zion indiar buruzagiak.

Zuenekin. Gure bidez egingo dituzte zuen nagusi izango diren umeak.

Inbaditzaileek kanibal esan zieten antzinako amerikarrei,

baina are kanibalagoa zen Potosiko Cerro Rico,

hangoek indiar haragia jaten zuten Europako garapen kapitalista bazkatzeko.

Eta idolatra esan zieten, uste zutelako natura sakratua dela

eta zangoak, hankak, hegalak eta zainak dituen ororen senide garela.

Eta basati esan zieten. Horretan, behintzat, ez zebiltzan oker.

Hain ziren basak indiarrak, ez baitzekiten bisarik,

jardunbide onaren ziurtagiririk eta lan baimenik eskatu behar zietenik ere

Koloni, Cabrali, Cortesi, Alvaradori, Pizarrori eta Mayflower-eko erromesei